Eider Goenaga Lizaso
Ez zegoen Gabongo suge gorririk Hondarribian, ez zuen inondik ihes egin, eta udaltzainak, ertzainak, Aranzadiko adituak… alferrik aritu ziren sugearen bila Jaitzubiko paduran. Joan den asteko ostegunean zabaldu zen albistea: emakume batek udaltzaingoan salatu zuen suge hori ikusi zuela, eta argazkia eraman zuen hori frogatzeko. Ingurunea itxi ostean, jo eta su aritu ziren suge arriskutsuaren bila. Antidotoa ere prest zuten ospitalean. Ostiralean jakin zen egia: dena gezurra zen.
Baina gerta zitekeen. 2017ko ekainean, adibidez, errege pitoi bat topatu zuten Salburuko hezeguneetan (Gasteiz, Araba). “Intxaurrondon ere pitoi bat azaldu zen orain dela denbora bat; maskota gisa zeukaten etxean, eta ihes egin zuen. Pitoia edukitzeko baimena bazuten, paper guztiak zituzten, baina, istripuz, alde egin zien”, oroitu du Iñigo Mendiolak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Basa Animalia eta Landareen Zerbitzuko arduradunak.
Mendiolaren esanetan, joan den astean dena prest zuten Gabongo suge gorria aurkitzen zutenerako. “Arizmendira, animaliak suspertzeko eraikitzen ari garen zentro berrira, eramango genuen. Premia erabatekoa zuen sugea menditik kentzeak, baina behin hori egin eta gero, lasaitasunez aztertuko genuen zer egin”. Arizmendin behin-behineko etxea izango zukeen balizko suge arras pozoitsu horrek.
“Gure eskumena, baina, hemengo basa espezieak dira; kanpoko animaliak direnean, beste etxe bat topatzea da gure egitekoa: zooren bat, edo animaliak helburu didaktikoekin dituen zentroren bat”. Adibidez, Arrano Etxean jasotako hainbat tximino Karpinera, Karrantzako (Bizkaia) faunaren babes zentrora eraman izan dituztela azaldu du Mendiolak. Halakoetan, animalia jasotzen duen zentroak konpromisoa hartzen du baldintza batzuk betetzeko eta edozein aldaketari buruz informatzeko.
Bestalde, ez da ohikoa izaten kanpoko animaliak euren jatorrizko lurraldera itzultzea. “Aztertu beharko litzateke, adibidez, ea animalia hori desagertzeko zorian dagoen espezie batekoa den. Behin, sai beltz bat erreskatatu genuen hemen, eta desagertzeko zorian zegoen espeziea zenez, Extremadurara [Espainia] eraman genuen. Baina ez da ohikoena”, dio Mendiolak.
Merkatu beltza
Gabongo suge gorria, espezie exotiko bat izateaz gainera, espezie arriskutsu gisa dago katalogatuta. Imanol Sagarzazu Donostiako Lardi klinikako albaitariak esandakoaren arabera, halako espezie bat edukitzea legez kanpokoa da erabat. Horrek ez du esan nahi, ordea, halako animalia bat edukitzea ezinezkoa denik. “Tamalez, animalien trafikoak, espezie exotiko eta arriskutsuen merkatu beltzak, urtean droga trafikoak eta armen legez kanpoko salmentak bezainbeste diru mugitzen du: urtean 20.000 milioi euro”.
Halakoak foru aldundiaren zentroetan edukitzea nahiko ohikotzat jo du Mendiolak. Baina ez dira izaten etxeetatik ihes egindako animaliak edo abandonatutakoak. “Gipuzkoa, mugako lurraldea izanik, legez kanpoko trafiko hori atzematen den tokia da, eta, gainera, uste baino neurri handiagoan. Maiz eduki izan ditugu mugan bahitutako loroak edo tximinoak, baita lehoi kume bat ere. Mugan gelditu eta bahitzen dituzte, eta nonbait gelditu behar dute gero. Bueno, bada, eskumena Espainiako Gobernuarena den arren, gu gaude gertuen, eta hemen edukitzen ditugu, irtenbidea bilatu arte”.
Sailkapena
Loroak, sugeak, iguanak, arrain tropikalak… halakoak dira animalia exotikoez hitz egitean burura etortzen direnak. “Albaitaritzaren ikuspegitik, ordea, kontsumorako hazten diren abereak, txakurrak eta katuak kenduta, animalia exotikoak dira gainerako guztiak”, azaldu du Sagarzazuk. Horrek esan nahi du untxi bat, hamster bat edo kanario bat ere animalia exotiko gisa tratatzen dituztela albaitariek. “Bai, denak zaku berean sartuta daude, nahiz eta ez den gauza bera narrasti bat edo kanario bat”.
Bereizketa egiten hasita, lehena legez erositako animalien eta legez kanpo erositakoen artean egiten du Sagarzazuk. “Legez kanpokoa da animalia arriskutsuak eta desagertzeko zorian dauden espezieak edukitzea, eta, ondorioz, saltzea. Beraz, horrelako animalia bat duenak ez du albaitariarengana ekartzen. Ekartzen badu, berehala bahitzen dugu”.
Babes berezi bat dute beste animalia batzuek. Arriskuan dauden fauna eta flora espezie basatien inguruko nazioarteko merkataritzari buruzko Cites hitzarmenean daude jasota zein espezie diren, eta baita horien salerosketarako zein baldintza bete behar diren ere. Sal daitezke, baina ezin dira inportatu. “Adibidez, isats gorridun loro grisak ezin dira jatorrizko herrialdetik inportatu. Hemen jaiotakoak izan behar dute saldu ahal izateko, eta saltzaileak egiaztatu egin behar du zein haztegitakoa den”. Horrelako animalia bat erosten duenak Cites agiria eskatu behar dio beti saltzaileari. “Faktura ez da nahikoa. Cites agiria ez edukitzeagatik, epaiketa izan zuen sugeak ihes egin zion bezero batek, eta epaiaren zain dago”.
Espezie inbaditzaileena da sailkapeneko beste talde bat. “Horiek ere ezin dira salerosi”, azaldu du Sagarzazuk, debekatuta dago. “Baina, agertzen dira, eta arazo handiak eragiten dituzte”, gaineratu du Mendiolak. Floridako dortokak aipatu ditu: “Orain ezin dira saldu, baina garai batean asko saldu ziren, eta, asko hazten zirenez, abandonatu egiten zituen jende askok. Pila bat dago, toki guztietan. Zorionez, ez dirudi aske dauden dortoka horiek ugaltzeko gai direnik”. Mapatxeak ere aipatu ditu. “Hemen ez, baina Bizkaian azaldu dira, eta Madril inguruan arazo handi bilakatu dira. Oso politak dira mapatxe kumeak, baina gaiztotu egiten dira gero, eta ez da erraza etxean mantentzea. Jendeak zer egiten du orduan? Askatu. Eta zein da arazoa? Oso erraz ugaldu eta egokitzen den animalia dela, eta arriskutsua da hori”.
Bisoi amerikarraren adibidea jarri du Sagarzazuk: “Berokiak egiteko ekarri zituzten Europara, eta ekologistek, protesta moduan, askatu egin zituzten asko. Horren ondorioz, ia desagertzeko zorian egon da bisoi europarra”.
Aholku argia eman dute Sagarzazuk eta Mendiolak; legezko edo legez kanpoko, inoiz ez da abandonatu behar maskota bat. “Gogorra dirudien arren, hobea da eutanasia, etxean hazitako animalia bat askatzea baino”, hasi du azalpena Mendiolak. “Animalia horrek nekez iraungo du bizirik, eta bizirik irauten duena inbaditzailea izan daiteke. Beraz, inoiz ez da egin behar hori”.
Leave a Reply