Unai Zubeldia
Proiektua jaioberria da ia-ia. Bost pauso txiki besterik ez du eman oraindik. Asko dauka ikasteko, baina Espainiako Ligako bi erraldoiei parez pare begira jarri da dagoeneko. Duela bost urte, ia ezerezetik sortu zen Txuri-Urdin izotz-hockey klubaren emakumezkoen taldea, eta, liga erregularra hirugarren postuan amaituta, finalean sartzeko borrokan ari da, Sumendi Gasteizko taldearen aurka. Donostiarrek 1-2 galdu zuten joan den larunbatean, Txuri-Urdin izotz jauregian, finalerdietako kanporaketako lehen partidan, eta bihar jokatuko dute bigarrena, Gasteizen (14:15). Galduz gero, hirugarren posturako lehiatuko dira gipuzkoarrak, Valdemoro Madrilgo taldearen aurka, ziurrenik —Majadahondak 0-3 irabazi zion larunbatean—. Irabaziz gero, berriz, etzi izango dute hirugarren partida erabakigarria, Gasteizen bertan (14:00).
“Intentsitate handiko partida izan zen larunbatekoa”, hasi du azalpena Oihane Zalduak, Txuri-Urdineko jokalariak (Zarautz, 1998). “Motibazioz gainezka geunden, eta partidan sartuta egon ginen hasieratik. Haien aurka beldur pixka batekin jokatu izan dugu azken partidetan”. Eta horren erakusgarri, 0-3 eta 6-0 galdu zituzten Sumendiren aurkako ligako bi lehiak. “Baina oso maila ona emateko gai garela erakutsi genuen larunbatean”.
Claudia Bermejo da taldeko kapitaina (Donostia, 1991), eta hura ere harro dago taldeak emandako mailarekin. “Lehen aldiz ari gara finalerdietan, eta ez daukagu ezer galtzeko; egoera hori baliatzen ari gara beldurrak uxatzeko eta jarrera aldatzeko”. Sumendiren aurkakoak “tentsio handiko partidak” izaten direla azaldu dute biek. “Derbiak dira”. Duela urte batzuk klub berean egon ziren Txuri-Urdinen eta Sumendin ari diren jokalarietako asko, Kazkabarra izenarekin, Donostian.
Atsedenerako tarterik gabe
Larunbatean, azken unean iritsi zen Sumendiren 1-2koa. “Eta amorrua sentitu genuen”, onartu du Bermejok. “Baina pozik amaitu genuen, asko kostatu zitzaielako guri irabaztea”. Koldo Saenz eta Alex Lazkanoren aginduetara, donostiarrak gogor entrenatzen ari dira aste honetan ere. “Ziur nago bigarren partida irabazi egingo dugula; oso ziur, gainera”, adierazi du Zalduak. Psikologia ikasketak egiten ari da zarauztarra, eta taldekideentzat motibazio hitzaldi gisako bat prestatu zuen duela bi aste, Irene Senac taldekidearekin batera. “Sustoa eman diegu, eta halako egoeretan ondo jokatzen dugu normalean. Norabide onean ari gara lanean”.
Oso talde gaztea dauka Realak, 20, 21, 22 urte baitauzkate jokalari gehienek. Ondorioz, Zalduaren moduan, ikasten ari dira asko eta asko. “Eta ez da erraza dena uztartzea”, onartu du zarauztarrak. 27 urterekin, lanean ari da Bermejo, eta haren ohiko egun bat nolakoa den entzutea nahikoa da egin behar izaten duten ahaleginaz jabetzeko. “Goiz esnatu eta lanera joaten naiz, 18:00ak aldera arte. 18:30ean etxera iritsi, lagunekin kafetxo bat hartu, eta 19:30ean etxera berriz ere, sofara. Zerbait jan, eta entrenatzera”. Joan-etorri horretan, klubeko gaztetxoenak ere entrenatzen ditu Bermejok —patinaje artistikotik iritsi zen izotz hockeyra—. Zaldua, berriz, hipodromora joaten da entrenatzera. “Txiki-txikitatik ibiltzen naiz zaldian”. Zarauztarrak azaldu du patinatzen ere ez zekiela duela bost urte.
Txuri-Urdinen emakumezkoen taldea gizonezkoenaren itzalean bizi da oraindik ere, eta argazkiak ateratzen hasita argi gelditu da hori. “Mutilek badauzkate euren aldagelak, baina gelatxo bat besterik ez daukagu guk; ez daukagu aldagelarik”. Entrenamenduak, berriz, iluntzean egin behar izaten dituzte beti, “izotz pistan ez dagoelako denentzako lekurik”. 22:00ak aldera hasten dira beroketa lanekin, entrenamendu fisikoarekin, eta 23:00etan sartzen dira izotz pistan. “Ordu eta laurden inguruko entrenamendua egin, dutxatu, hizketaldi txikiren bat egin, eta 01:00 izaten da etxera iristerako. Oso gogorra da erritmo hau, eta ea lortzen dugun, astean behin besterik ez bada ere, mutilen ordutegian entrenatzea”. Izotz pistan askoz lehenago sartzea, alegia.
Emakumezkoen liga indartzen ari da pixkanaka. “Zortzi talde gaude gaur egun, eta bost daude gizonezkoen kasuan”. Granadara eta Madrilera hiru bidaia egin behar izaten dituzte urtean. “Eta autobusean joaten gara beti, literetan”. Baldintzak ez dira profesionalenak. “Baina ez gaude kexatzeko, urteroko kuota besterik ez baitugu ordaintzen guk. Kluba ahalegin handia egiten ari da alde horretatik”.
Leave a Reply