Eider Goenaga Lizaso
Gipuzkoako Parketxe Sareko gerentea da Luis Mari Zaldua Etxabe (Urnieta, 1965), baina baita Euskal Filologian doktorea eta euskaltzain urgazlea ere. Egun batez bulegoko lana alde batera utzi, oinetako erosoak jantzi, eta ingurumen hezitzailearen rolean jarriko da bihar. Arditurri Parketxeak antolatuta, gidari lanak egingo ditu Muniskuegañeko multzo megalitikora, Zilegimendietan barrena ibilaldian. Ibilaldia euskara hutsean izango da, eta aurrez izena emanda (943-49 50 69 telefonoan) soilik parte har daiteke.
Zergatik gonbidatuko zenuke jendea ibilaldi hori egitera?
Ikusmira oso politak ditu ibilaldiak. Urnietako lurretan dago bidearen zati nagusia, %90 edo, baina justu Urnietaren eta Hernaniren arteko mugan dago helmuga, Mulisko gaina edo Muniskuegaña. Herri batean dago hango aztarnategi megalitikoaren erdia, eta bestean beste erdia. Baina ibilaldi honen ezaugarri nagusia da kaleidoskopikoa dela: denbora gutxian eta ibilbide motz batean gauza asko ikusteko aukera ematen duela.
Norentzako ibilbidea da?
Edonork egiteko modukoa da, erraza. Nire amak, 80 urterekin, egiten du. Aldapa txiki bat du hasieran, baina paseotxo bat da gero. Gelditu gabe, ordu eta erdiko ibilbidea litzateke; baina, guk geldialdiak egingo ditugunez, hiru ordu eta erdi inguruan egingo dugu. Lasai-lasai egingo dugu bidea.
Denbora gutxian gauza asko ikusiko dituzuela diozu, baina paisaia nabarmendu duzu.
Niretzat oso gauza inportantea da paisaia. Bi gauza egiten laguntzen digu: batetik, gizakion benetako neurria ematen digu, gure benetako neurria, eta, bestetik, geure buruarekin topo egiten laguntzen digu, barrura begira jartzen gaitu. Niretzat, beraz, paisaia litzateke kaleidoskopioaren lehenengo irudi indartsua. Azken batean, paisaia liburu gisa ulertzen dut nik, eta dagoen libururik eder eta aberatsena da. Ibilaldian liburu hori irakurtzen saiatuko gara gu.
“Zilegi mendietan barrena” ibiliko zarete. Baina zer dira zilegi mendiak?
Urnietako eta Hernaniko zilegi mendietatik igarotzen da ibilbidea. Behinola, Erdi Aroan adibidez, zilegi mendiak ziren hainbat eremu eta, batez ere, hainbat mendi eremu; mendi libreak, mendi komunalak, herritarrek euren jarduera ekonomikorako erabiltzen zituztenak: saroiak zituztelako eta abeltzainak zirelako, egurretarako, ikatza egiteko, burdinolak jartzeko… Aralarren eta Aizkorrin badaude, oraindik, halako lur eremu batzuk, baina gehiago ziren lehen; lur libreak ziren mendi inguru hauek.
Basoari ere erreparatuko diozu.
Bai. Hainbat ñabardura ikusiko ditugu bidean goazela, eta zuhaitz lepatuena da xehetasun horietako bat: su egurra ateratzeko erabiltzen ziren zuhaitzak, adar pila bat dituztenak, beldurrezko ipuinetan ateratzen diren horietakoak. Kultur paisaiak dira horiek, zuhaitzak, berez, ez baitira horrelakoak; gizakiak moldatutakoak dira. Bestalde, bidean oso argi ikusten da paper ola batek mendia pinuz bete eta gero bertako espezieak berreskuratu direla. Hau dena pinuz beteta zegoen, baina, aldundiak eta udalak prozesu horri ekin zioten mendia bereganatu zutenean.
Kaleidoskopio horretan pisu handia dute, halaber, aztarna megalitikoek?
Bai, eta Pozontarriko lepoan aurkituko dugu lehenengoa. Trikuharri bat dago han. Eta, beste ezer azaldu baino lehen, esango dizut eskualde honetan bazegoela hitz bat trikuharriari deitzeko, soilik hemen erabiltzen zutena: judu mahaia. Trikuharri horren berezitasuna da haren inguruan 28 harri daudela lurrean sartuta, biribilean jarrita. Eta egituraren parte da forma hori. Izan ere, trikuharriak mahai forman ikusten ditugu egun, baina pentsatzen da, berez, harriak pilatuz egiten zen harrizko iglu baten modukoak izaten zirela, eta horren barruan ganbera bat egiten zutela harriak mahai gisa jarrita. Ganbera hori da egun toki gehienetan ikus daitekeen bakarra, baina Pozontarriko 28 harriek erakusten digute egitura handiago baten parte zela trikuharri hori, eta biribil horrek jartzen ditu megalitoaren mugak.
Noizko aztarnak dira horiek?
Eneolito garaikoa da Pozontarrin ikusiko duguna, duela 3.500-4.000 urtekoa. Oro har, Brontze Arora arte erabili zituzten trikuharriak, baina orain dela 5.000 urte eraiki zituzten, eta batzuk gehiago ere bai. Beraz, oso denbora luzean erabili ziren.
Aztarna gehiago ere badira bidean, ezta?
Bai, Pozontarritik hogei bat minutura dago Muniskuegaña, eta aztarna multzo bat dago han. Hango aztarna aberatsei buruzko azalpenekin amaituko dugu ibilaldia; bost elementu daude, interesgarriak guztiak. Bere garaian, Urnietako zaharrek-eta, kanposantu zaharra deitzen zioten inguru horri, eta, hortik tiraka-edo, inguru horretan begiratzen hasi zirela uste dut nik. Gainera, ezaugarri egokiak zituen han zerbait topatzeko; halako terraza moduko bat sortzen da, lautada txiki bat dago, eta ekialdera begira gelditzen da. Toki paregabea zen. Eta hango gauzak pixkanaka-pixkanaka joan ziren topatzen: Zutarri handi bat, hiru cromlech eta zista edo harkutxa bat.
Ibilaldia zurekin egingo ez duenak erraz aurkituko luke tokia beste egunen batean joanda?
Bai, oso ondo zainduta dago ingurua, eta egindako lana aitortu behar zaie Urnieta eta Hernaniko udalei, oso-oso ondo zainduta baitago ingurua. Gipuzkoan gutxi izango dira hain ondo zaindutako tokiak; zoritxarrez, megalitoak gutxi zainduta edo erdi abandonatuta egoten dira hainbat tokitan. Oso garbi egoten da beti, eta mugarri txiki bat eta panel bat jarri dituzte aztarnategiari buruzko azalpenekin. Ondo seinaleztatuta dago horra iristeko ibilbidea ere, Besabitik aterata.
Arditurri Parketxeak antolatu du ibilaldia. Parketxe sareko gerentea izanik, nolatan zoaz zu gidari lanetan?
Parketxe sareko gerentea izateaz gain, Euskal Filologian doktorea naiz, eta, hain zuzen ere, Urumea inguruko zilegi mendietako toponimiaren inguruan egin nuen doktoretza tesia. Mendi hauek zehatz-mehatz ezagutzea ekarri zuen horrek. Bestalde, beti gustatu izan zaizkit arkeologia eta historiaurrea, lardaskan ibiltzea dut zaletasunetako bat. Azkenik, Gipuzkoako ondarea ezagutaraztea da parketxe sarearen egitekoa. Nik, normalean, bulegoan egiten dut lan, baina gustatzen zait urtean bizpahiru aldiz ingurumen-hezitzaile lanetan jartzea. Oso-oso buelta polita iruditzen zait hau, eta jendeak gustura egingo duela uste dut.
Leave a Reply