Leire Narbaiza
Ondo gogoan dut lehenengo aldi hura, ez zait inoiz ahaztuko. 15-16 urte izango nituen eta uda zen; beraz, Deban nengoen, Maxi tabernan (bai, La Maxi-n, orduan erdi galarazita geneukan tabernazuloan, galbidera eroango gintuelakoan). Bertan geunden Beatriz eta biok nagusi plantak egiten gure muztioen aurrean. Beste arratsalde luze bat hitz-aspertuan asperraldia astintzeko. Bat-batean, belarriak ernatu eta zorroztu zitzaizkidan, eta “euskaraz dabil kantuan” bota nion lagunari (gaztelaniaz). Bai, nire bizitzan estreinakoz entzun nuen Hertzainak musika taldea, nerabezaroko udako arratsalde alfer baten.
Shock moduko bat izan zen, inarrosi egin ninduena. Sinistezina egin zitzaidan euskaraz entzutea musika hura, ordura arte modan zegoena ingelesez edo gaztelaniaz zelako. Egia da Itoiz taldeak ibilbide oparoa zuela, eta euskaraz argitaratu zituela gerora himno bihurtuko zirenak, eta, gainera, taberna askotan entzuten zela. Baina punkagoa zen musika, edo hobeto esanda, orduan puri-purian zegoen musika ez zen gure hizkuntzan egiten. Edo, behintzat, ez zitzaigun ailegatzen, askorendako tabernak zirelako geneukan iturri nagusia taldeak ezagutzeko.
Orduan etorri zen boom izugarri hura. Euskal Rock Erradikalaren sasoiak ziren, eta euskaraz kantatzea oso modernoa eta apurtzailea bihurtu zen garai hartan. Gaztelaniaz asko sortzen bazen ere, euskarazkoa ez zen kuota soila. Ez dok Amairu iraultza izan zen moduan 60-70eko hamarkadan, 80koan beste koska bat estutu zitzaion hariari, eta estilo uholde bat etorri zen: trikipunka, reggaea, ska, heavya, elektronikoa, hip hopa… euskaraz. Naturala eta iraultzailea zen, aldi berean.
Egunotan bete du Hertzainak taldeak 35 urte, ia bizitza erdi bat, eta ezin burutik kendu zer ekarri zigun, zer esanahi izan zuen guretako eta ondorengo belaunaldiendako. Eta orduko gazteok deskubritu genuen arren gure hizkuntzan edozein musika mota egin zitekeela, badirudi oraingoei ezinezkoa zaiela. Izan ere, oraintsu talde berri bateko (ez nuen gogoan hartu izena, barkatu) kide bati entzun nionean euskaraz ez zutela kantatzen ez zelako musika estilo batzuendako egokia, begiak talo eginda eta bihotza minduta geratu nintzen. Ezjakintasuna ausarta dela pentsatu nuen, eta, agian, kemena falta zitzaiela, edota gogoa, euskaraz sortzeko. Izpiritu eza ere egotz niezaioke, edo benetan aitortu euskara ez dagoela modan, ez dela cool-a. Ai, amatxo, zelako mina!
Bestalde, kontu kurioso bat ere gertatzen da, eta adierazitakoarekin kontraesanean dagoela ematen du. Hiru hamarkada baino gehiago pasatu dira, eta segitzen dugu txosnetan orduko musika entzuten. Ezer gutxi aldatu da gure panoraman, antza denez. Txarrena da sasoi honi ere ondo baino hobeto egokitzen zaiola mezua. Bai kezkagarria dela. Baina non dago arazoaren gakoa? Ez da musika berririk sortzen, ala? Edo baliteke heldu nostalgikoen kontu bat izatea, “gurea, bai ona” esanez bezala gabiltzala? Oraingo gazteek ez dute ganorarik? Hutseratu egin ote ditugu?
Zer, inork ez dio ekingo reggaetona euskaraz egiteari? Baliteke hori izatea gure salbazioa, eta 35 urte barru norbaitek kontatzea euskaraz nola gogoratzen duen bere lehen aldi hura…
Leave a Reply