Eider Goenaga Lizaso
Bi aldeetan dago sufritu duen jendea. Nik sufritu dut, baina gaur egun, zorionez, horrek ez du baldintzatzen nire bizitza. Gorrotorik gabe bizitzen erakutsi ziguten etxean, eta aurrera begiratu nahi dut nik. Uste dut bizikidetza dela etorkizunerako bidea; zubiak berreraiki behar ditugu, zubi asko ditugu eraikitzeko”. Estefania Morcillo (Hernani, 1974) PSE-EEko zinegotzi ohiaren hitzak dira horiek. 1960. eta 2018. urteen artean motibazio politikoz urratutako giza eskubideez eta beste sufrimenduez Aranzadik eginiko txostenean ageri diren 416 pertsonetako bat da Morcillo.
Trini Cuadrado (Granada, Espainia, 1957) da beste bat; Miguel Mari Arbelaitzen alargun gisa aipatzen du txostenak. 1980ko irailaren 7an Batallon Vasco Españolek hil zituen Arbelaitz eta Luis Mari Arrieta, gauean etxera bidean zihoazela. “Hogei urte nituen, eta 18 hileko alaba; bakarrik gelditu nintzen, pezetarik gabe eta inoiz gauzatuko ez ziren proiektu pila batekin. Orain dela gutxi arte ez naiz gai izan honi buruz hitz egiteko”.
Halere, gorrotoak bere bizitzan lekurik ez duela dio Cuadradok. “Miguel hil zenean ni animatzera hurbildu zen jende askok belarrira esan zizkidanak entzun eta gero, oso argi gelditu zitzaidan gauza bat: nik ez nuen nahi alabak halakorik sentitzerik; gorroto eta mendeku gose gabe haztea nahi nuen”. Ideologikoki alde batetik beste aldetik baino gertuago sentitzen dela dio, baina saiatu dela gatazka politikotik aldentzen. “Alabari beti esan izan diot zein zen aita eta zer jazo zitzaion; baina harro nago, alaba zoriontsu eta gorrotorik gabe bizitzea lortu dudalako”.
Aranzadik eta Hernaniko Udalak urtarrilaren 23an aurkeztu zuten Cuadrado eta Morcilloren kasuak jasotzen dituen txostena, eta Javier Buces izan zen lan horren koordinatzailea. “Aranzadik lan asko egin ditu memoria historikoaren inguruan. Baina beste pauso bat eman dute hainbat udalek, eta historia hurbilari buruzko txostenak eskatzen hasi zaizkigu; 1960tik aurrerakoa”. Hernanin eta Azpeitian egin dituzte txostenak, eta Villabona-Amasan eta Tolosan ere ari dira egiten.
Hernanin, udaleko alderdi guztiak biltzen dituen Bizikidetza Mahaiak aho batez erabaki zuen txostena eskatzea. Buces pozik dago eginiko lanarekin. “Gehien harritu gaituen gauzetako bat da, hain herri gatazkatsua eta polarizatua izanik, nahiko erraz lortu dugula ideologia batekoekin zein bestekoekin hitz egitea. Zalantzarik gabe, garrantzitsua izan da alderdien arteko akordioa”.
Dokumentatzen gehien kostatu zaien urraketetako bat, berriz, estortsio ekonomikoa dela dio, eta badakite “hankamotz” gelditu direla horretan. Bestalde, giza eskubideen urraketa gisa ageri ez diren heriotzen inguruan ere hitz egin du —hogei dira—. “Nazioarteko irizpideen arabera, adibidez, tiroketa batean hiltzen den ETAko kidearen kasua ezin da hartu giza eskubideen urraketa gisa. Horrelako bost hildako daude Hernanin; kontua da ez daukagula informazio osoa, eta, polizia agiriak ikusteko aukera bagenu, kasuren batean, agian, aldatu egingo litzateke sailkapena”.
Historialariak ez du aipatu izenik, baina Hernanin bada bertsio ofizialak zalantzak sortzen dituen mota horretako gertakari bat. 1984ko ekainaren 15ean, Juan Luis Lekuona eta Agustin Agirre hil ziren Guardia Zibilak Jesus Mari Zabarte atxilotzeko egindako operazioan, eta hainbatetan jarri izan da zalantzan bertsio ofiziala.
Aranzadik egin duena “egia mahai gainean jartzea” dela dio Bucesek. “Egia, justizia eta erreparazioa aipatzen dira, eta egia argitu dugu guk. Gero, udal bakoitzak ikusi behar du zer egin izen horiekin guztiekin; guk aholkua eman dezakegu, baina erreparazioa ez da gure egitekoa”.
“Benetan libre”
Morcillok dioenez, berak ez du inorekin “adiskidetzeko” beharrik sentitzen, eta ez zaio gustatzen “biktima gisa agertzea”. Kazetariaren eskariz oroitu ditu hainbat gertaera. “Aita 1979an hautatu zuten zinegotzi, eta ahizpak eta biok ordutik pairatu dugu jazarpena”. Txikitatik gogoratzen ditu irainak eta mehatxuak, baita beste umeen harrikadak ere. 1990etik aurrera okertu ziren gauzak. “Nerabezaroan, artean joaten nintzen alde zaharrera, baina, ETAk sufrimenduaren sozializazioa planteatu zuenetik, hogei urtetik gora igaro nituen erdialdera joan gabe”.
“Hamar urte, bi hilabete eta hamabost egun” egin zituen bizkartzainekin, 2003an zinegotzi hautatu zutenetik hautetsiei bizkartzainak kendu zizkieten arte. “Batetik, seguruago sentitzen nintzen, kalean eraso fisikoa ere sufritu bainuen nik. Baina, bestalde, 28 urterekin bizkartzainekin ibili beharra…”.
Orain “benetan libre” sentitzen dela dio. “Bizi osoan murrizketa handiekin bizi izan gara gu, eta osagai emozional oso konplexuak ditu nire bizitzak. Orain bai, nahi dudan tokira joaten naiz, baina toki batzuetara nahiago dut ez joan, beharrezkoa ez bada”.
Morcillori oso garrantzitsua iruditzen zaio bere kasua eta beste 415 hernaniarrena txosten independente batean jasotzea. “Gure historia ezagutzea da lan hau, ezinbestekoa berriro errepika ez dadin”. Ezinbestekoa iruditzen zaio, halaber, sufrimendu mota guztiei erreparatzea. “Sufrimendu guztiak jaso dituzte, eta, gero, bakoitzak egin dezala balorazioa. Nik badut nire iritzia, sufrimendu guztiak ez zaizkit iruditzen maila berekoak, baina norberak darama sufrimendua, eta nik inori ezin diot ukatu hori”.
Bere buruari sufritzeko eskubidea ukatu zion Cuadradok urte luzez. Eusko Jaurlaritzaren Glencree esperientziari esker lortu zuen barrukoa astintzen hastea. “Baina oso zaila izan zen hasieran. Irlandan bildu gintuzten lehen aldiz ETAren, GALen, BVEren eta abarren biktimak. Uste dut horrela ezin genuelako tren bat hartu eta etxera itzuli, horregatik bildu gintuztela Irlandan. Lau egun pasatu nituen lo egin gabe”. Pixkanaka, lortu du sufritutakoa azaleratzea. “Eta ez hori bakarrik, lortu dut besteen minarekin konektatzea ere; nola ez konektatu nire adin bertsua duen eta ETAk alargun eta hiru seme-alabarekin utzi zuen andre batekin? Ez nuen inoiz pentsatuko, baina orain lagunak ditut horietako batzuk, eta, noizean behin, berriro egiten ditugu topaketak”.
Norabide horretan pauso gehiago behar direla nabarmendu du Cuadradok. “Udalari ere esan diot txosten hau berandu datorrela. Hildako asko dago Hernanin, eta sufrimendu ugari; lehenago egin behar zen hau”.
Ordutegi eta egutegi arazoengatik, Cuadrado eta Morcillo ez dira elkartu elkarrizketarako. Halere, bestearekin esertzeko “inolako arazorik” ez dutela baieztatu dute biek, hori dela gertatutakoa gainditzeko modu bakarra.
Leave a Reply