Karmele Uribesalgo Alzola
Kortxoz egindako armak hartu, eta juggerrean jokatzeko gelditzen da taldetxo bat, igandero, Eibarren, Bergaran edo Zumarragan. Jakin-mina dela eta, jendea gerturatzen zaie zer egiten ari diren ikusteko, ez baita oso kirol ezaguna oraindik.
Jessica Otsek duela hiru urte ezagutu zuen juggerra. Euskal Encounter topaketan probatu, eta talde bat eratzea erabaki zuen. Hala sortu zen Eibarko Arima Galduak taldea, Gipuzkoako jugger talde bakarra. Otsen senideak eta lagunak batzen ziren hasieran. “Kasu batzuetan, ezetz esateko aukerarik ere ez nien eman”, dio, txantxetan. Gaur egun, sei jokalarik osatzen dute taldea, nahiz eta gehiago ere elkartzen diren entrenamenduetan.
Juggerra zer den galdetuta, errugbiaren eta eskrimaren antza duela azaldu du Otsek. Bi talde egoten dira partidetan, bakoitza bost jokalariz osatua. Korrikalari edo qwiker bat egoten da, eta pompfer-ak izaten dira gainerakoak, hura babesten ahalegintzen direnak. Izan ere, jugg izeneko bola aurkariaren basera eramatea da helburua. Aurkariak hori egin ez dezan,pompfer-ek armak izaten dituzte —ezpatak, bastoiak eta kette katedun bola, besteak beste—.
30 bat minutuko partidak izaten dira, bi zatitan banatuak. Harri batzuen soinuak markatzen du iraupena, eta segundo eta erditik behin entzuten da hotsa. Guztira, halako berrehun hots izaten dira zati bakoitzean. Arima Galduak taldeko presidentea eta jokalaria da Rousse Garcia, eta “oso kirol gogorra” dela nabarmendu du: “Ordu erdian ez gara gelditu ere egiten, eta oso nekatuta amaitzen dugu”. Otsek erantsi du denetik egin behar izaten dela: “Lurrera bota behar izaten dugu, eta baita salto egin ere; ahalegin handia egin behar izaten dugu, eta trebetasuna behar da”.
Garcia kasualitatez hasi zen juggerrean jokatzen. Zaragozara joan zen Arima Galduak taldeko kideen partida bat ikustera, baina, partaide batek min hartu, eta haren lekua betetzeko eskatu zioten. “Ez nekien nola jokatzen zen ere, baina, azkenean, kirolak harrapatu egin ninduen”, azaldu du. Juggerrak “adrenalina deskargatzen” laguntzen dio.
Gutxienez 15 urte izan behar dira lehiaketetan parte hartzeko, eta taldeak mistoak izaten dira. Garciak aitortu du batez ere haurrak eta “frikiak” erakartzen dituela, janzkera eta armak direla eta. Otsek zehaztu duenez, jendea betiko kiroletara mugatu ohi da: “Asko kostatzen zaie ohikoa denetik ateratzea; futboletik ateratzea, batez ere”. Biek ala biek juggerra probatzeko gonbita egin nahi diote jendeari. “Hastea izaten da zailena; baina, hasitakoan, errepikatzea izaten da normalena”, azaldu du Otsek.
Juggerra duela 30 urte estreinatutako film batetik sortu zen. Australiako Blood of Heroes filma (Heroien odola) oinarri hartuta, Alemaniako talde bati otu zitzaion lehiak moldatzea eta kirol bilakatzea. “Filmean oso zakar jokatzen dute, eta gu leunago aritzen gara, bizkortasuna eta estrategia erabilita”, azaldu du Garciak. Otsek gaineratu du laguntasuna bultzatzen duen kirol bat dela.
Armak dira kirolaren bereizgarrietako bat, eta jokalariak arduratzen dira horiek eskuz egiteaz. Otsek jakinarazi du banbuarekin edo zuntzarekin egin ohi direla, eta igerilekuetan erabiltzen dituzten kortxoak baliatzen dituztela bigungarri moduan. Partida ofizialen bezperan, txapelketaren antolatzaileek arma guztiak aztertzen dituzte, arauak betetzen dituztela bermatzeko. Bitxikeria modura, Otsek kontatu du hamabost arma eraman zituztela jokatu zuten lehen partidara, eta bakarrak pasatu zuela azterketa: “Lau ordu eman nituen arma guztiak konpontzen, partidarako prest egon zitezen”.
Tokia egin nahian
Gaur egun, Gipuzkoan Arima Galduak da jugger talde bakarra, baina Euskal Herrian bada besterik. Bizkaian bi talde daude: Mitos eta NiKnights. Araban, Gasteizko Gorgonak dago; eta, Nafarroan, Navarrorcos. “Gipuzkoan nahiko zaila izaten ari da lekutxo bat egitea”, onartu du Otsek. Donostian sortu zen talde bat, baina desegin egin zuten lau hilabeteren ostean.
Denbora luzez lanean aritu eta gero, urtarrilean lortu zuten Arima Galduak klub moduan erregistratzea. Jugger modalitaterik ez dagoenez, errugbi eta eskrima moduan egin behar izan dute. Orain, aitortza hori lortzea da taldeen helburua, eta Espainiako Federazioarekin lanean ari dira horretarako. Arautegia zehazten eta hainbat hizkuntzatara itzultzen ere ari dira; tartean, euskarara. Otsek hartu du ardura hori. Garciak aitortu du juggerrari “denbora asko” eskaintzen diotela, baina “gustura” egiten dutela: “Hauxe da gure motibaziorik handiena; gure bizitza da”.
Leave a Reply