Etxe kaleratzeak berrindartzeko beldurra

Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformako Marce Garciak dio bankuek egiten zituzten etxe kaleratzeak “gutxi gorabehera kontrolpean” zituztela azkenaldian. “2013tik, plataforman eraman ditugun hipoteken exekuzio kasu guztiak geldiaraztea lortu dugu”. Abusuzko klausulen gaia dela eta, epaitegiak gainezka daudela dio, eta horrek eragina izan duela, baita bankuek euren irudi txarra nolabait garbitu nahi izateak ere.

Muga-egun aurreratuaren klausula zen epaitegietan zegoen gaietako bat. “Hipoteka guztietan dago klausula hori, eta horrek esaten du bankuari kuota bakarra edo kuota bati dagokion dirua zor badiozu —2003. urtetik aurrera hiru kuota dira— bankuak eskatu diezazukeela mailegua osorik ordaintzea, eta bestela zu zeu etxetik botatzeko prozesua zabaldu dezakeela”.

Europan zegoen auzia, eta auzitegiek abusuzko klausula zen edo ez erabaki bitartean, hainbat eta hainbat hipotekaren exekuzioa eten zuten bankuek. Baina, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak hilabete honetan eman du bere epaia, eta, Marce Garciak dioenez, ez da batere argia. “Ez genuen espero bankuei egurra ematea; beti egiten duten bezala, erabaki salomoniko bat espero genuen, eta hala izan da”. Epaiak ekarriko dituen ondorioak ez dituzte oso argi, oraindik, baina geldituta egon diren hipoteken exekuzioak berriro martxan jarriko ote diren beldur dira.

Kaleratzeak Stop plataformaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.191 familia bota zituzten etxetik 2018an, eta alokairuzko etxeak ziren exekuzio horietatik 847 (%71).

Leave a Reply

Your email address will not be published.