Unai Zubeldia
Astakeria handiak egindakoak gara gu”. Barrez kontatzen dute orain, baina Nuarbe sokatira taldeari “egoskorkeriak eta diziplinak” eman zion sona 1978tik 2006ra. “Horiexek izan ziren Nuarberen bereizgarri nagusiak”, azaldu du Jose Mari Aranburuk, 1978an kirol ibilbide oparoari ekin zion tiralarietako batek.
“Atzoko kontuak balira bezala gogoratzen dut hasiera hura”, azaldu du Aranburuk berak. “Iñaki Altuna, garai batean entrenatzaile ibili zena, eta biok elkarrekin aritzen ginen lanean. Garai hartan asko ibiltzen ginen herri kiroletan; harri-jasotzen, aizkoran…”. Urte haietan, Mutriku zebilen punta-puntan sokatiran. “Eta Nuarben ere talde bat osatuko genuela pentsatu genuen biok”. 70 biztanle inguru dauzka Azpeitiko auzoak. 1978a zen, eta pare-parean egokitu zen Bai Euskarari jaialdia Azpeitiko zezen plazan. “Zortziko taldea osatu, eta entrenatzen hasi ginen, arbola bati soka lotuta”. Barrez eten du lehen entrenamendu haren azalpena. “Oraindik gogoan daukat soka eten eta zenbateko kolpea hartu genuen! Soka ere hala moduzkoa izango zen eta…”.
1978ko lehen talde hartan zen Migel Gurrutxaga ere —1987ra arte aritu zen—. Nuarbetarrak gogoan dauka “mutil handiak” zirela orduan. “Ehun kilotik gorakoak batzuk. Pisu librean aritzen ginen hasieran; ez zen izaten mugarik”. Aranburu bera 107 kilorekin hasi zen sokatiran. “Eta 79,5 kilorekin ere aritu nintzen gerora, pentsa”. Atzerrira joaten hasi zirenean jabetu ziren pisuaren garrantziaz. “Jende argala ikusten genuen kanpoan”. Jose Luis Garatek egin ditu kalkuluak —azkoitiarra 1992tik 2002ra izan zen Nuarbeko tiralaria—: “Zortzi lagun 560 kilokoan sartzeko, 70 kilokoa da batez besteko pisua; ez da broma”. Taldean 80 kiloko bat edukiz gero, 60 kiloko beste bat behar zela esan nahi du horrek. “Eta hobea zen denak antzeko pisuan ibiltzea, gainera”, zehaztu du Aranburuk.
Esperientzia lagun
Prestaketa zorrotza eskatzen zuen pisua zaindu behar horrek. “Eta denetik egiten genuen guk”, azaldu dute hirurek, irribarre txikiarekin, buruarekin baiezko keinua eginez. “Mendira, korrika egitera, gimnasiora… Egoskorrak ginen, gainera, eta inork ez zuen gelditu nahi izaten atzean”, gaineratu du Aranburuk. “Hobetzeko nahi hori zen gure sekretua; gaur egun, oso zaila da ezer ez dagoen tokian pertsona hainbeste saiatzea. Guri taldeak, giro on horrek ematen zigun berotasuna”.
“Denborak” zaildu zituen nuarbetarrak. “Suitzarren aurkako tiraldietan ikasi genuen, adibidez, hasieran eutsiz gero tiraldi luzeetan behera egiten zutela”, gogoratu du Garatek. “Izter handikoak ziren, tiraldi motzekoak”. Ingelesak eta herbeheretarrak, berriz, “lerdenak” zirela azpimarratu du azkoitiarrak. “Iraupena bilatzen zuten haiek. Eta lurrak ere eragin handia izaten zuen tiraldietan”.
Garatek gogoan dauka lehen urte haietan sokak izaten zuela garrantzi handia entrenamenduetan. “Baina, gerora, sokari heldu aurretik, fisikoa lantzen hasi ginen bi hilabetez. Prestatzaile fisikoak ere bageneuzkan, mendira joaten ginen pisua jaisteko…”. Gimnasioko garaia iritsi zen gero. “Makina onak ekarri genituen, eta ia dena egin zitekeen han”. Hori bai, inoiz ez dute ahaztu teknikatik asko daukala sokatirak.
“Hamar bat orduz lan egin ondoren joaten ginen gu entrenatzera”, azpimarratu du Gurrutxagak. “Malguki edo pilota batzuk eramaten genituen eskuetan, eskuak egiteko eta horri esker sokari hobeto heltzeko”. Eguna batera eta bestera igarota, hirurek onartu dute tarteka ez zela samurra izaten etxerako buelta. “Errieta dezente entzundakoak gara, bai. ‘Hau al da garaia afaltzera etortzeko?’, eta antzekoak entzuten genituen”. Une oro pisuari begira-begira, afaldu gabe ohera joandako egunak ere dezente gogoratzen ditu Garatek.
Diziplina handia eskatzen duelako talde kirolak. “Begiratu ederrak izaten ziren entrenamendura baten bat kilotan goitik joaten bazen; broma gutxi izaten zen han”. Denboraldi hasieran entrenatzaileak zehazten zion bakoitzari zein pisutan ibili beharra zeukan lehiaketan.
Lana eta entrenamenduak uztartzeko eginbehar horretan oso lagungarri izan zuten Garmendipen egokitu zuten gunea. “Polea bat jarri, kontrapisu batekin atzelariaren lana egin, eta bakarkako serieak egiten genituen. Horrekin, jada, ez zegoen atzelaria falta zen aitzakiarik”.
Baina, merezi al zuen gorputza hainbeste egurtzea? “Zalantzarik gabe, bai. Euskadiko Txapelketa, Europakoa, Mundukoa… Gero ikaragarrizko poza ematen zuten emaitza onek”, azaldu du Gurrutxagak. Eta onik asko izan zuen Nuarbek, mila garaipen baino gehiago pilatu zituelako 29 urteko ibilbide oparoan. Hori bai, 1980an joan ziren lehenengoz nazioartera, Basileara (Suitza), eta astindu handi samarra hartuta itzuli ziren etxera. “Lehia amaitu eta hurrengo egunean, batzuek, txikituta, atzeraka jaitsi behar izan genituen hoteleko eskailerak!”, azaldu du Gurrutxagak. “Bete-betekoak ziren tiraldi guztiak”. Hamalau talde aritu ziren lehian, eta hamabigarren amaitu zuen Nuarbek.
Gazteei gonbidapena
Hurrengo 25 urteetarako ikasketa prozesu trinkoa izan zen hura. Horren erakusgarri, Nuarbek, gerora, domina mordoa kolkoratu zuen lur gainean eta goma gainean: Slagharenen, Hagan (Herbehereak), Mosneyn (Irlanda), Rochesterren (Minnesota, AEB), Pretorian (Hegoafrika)… Abuztuan lanean aritzen ziren gehienak, ondoren, txapelketa garaian, bidaiak egin ahal izateko. Itzultzaile bat izaten zuten beti alboan.
“Gozamena” izan zen Nuarberen urrezko aroan bizi izatea, baina taldea jendez husten ari zela ikusita, plazara ez ateratzea erabaki zuten, 2007an. “Lanak geneuzkan talde itxurosoa osatzeko, eta ezinezkoa zen ordura arteko mailari eustea”. Hirurek “oso zail” ikusten dute Nuarberen piztualdi bat bizi izatea, baina Garate prest dago balizko proiektu horri tiraka hasteko. “Nuarbek badauka formula; 16-20 laguneko kuadrilla bat falta da”.
Leave a Reply