Unai Zubeldia
28 urte eskasekin hartu zuen Lasarte-Oriako alkate kargua, 2010eko martxoaren 5ean, Ana Urtxuegia alderdikideak legealdia amaitzeke zegoela agintea utzi ondoren. Urtebete pasatxoko esperientzia izan zen, 2011ko ekainean Pablo Barrio (EH Bildu) izendatu zutelako alkate, EAJren eta Herritar Plataformaren babesarekin. Lasartearrek beste bihurgune bat hartu zuten 2015eko ekainean, eta Jesus Zaballos (Zarautz, 1982) itzuli zen alkate kargura. Siglez harago, udal eta foru hauteskundeetan parte hartzeko eskatu die herritarrei.
Igaro dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, eta ate joka dira udal eta foru hauteskundeak. Lasarte-Oriari dagokionez, zein garaitan datoz udal eta foru hauteskundeak?
Gobernuan gauden taldeak, normalean, hitzemandakoa betetzeko esprintean iristen gara hauteskundeetara. Ez dakigu zer gertatuko den hilabete barru; ez dakigu herritarrek gu babesten jarraituko duten, eta, babestuta ere, agintean jarraitu ahal izango dugun. Hori gertatu zitzaigun 2015ean; irabazita ere, beste alderdi batzuek, demokratikoki, alkatetza hartzea erabaki zuten. Guk 147 proposamen aurkeztu genituen 2015ean, eta %93 gauzatu ahal izan ditugu. Proiektu garrantzitsu askoren lehen harria jarri dugu, eta horiek garatzeko beste lau urte beharko genituzke; udal kiroldegi berria, edo Atsobakarreko futbol eta errugbi zelaia eta atletismo pista, esaterako.
“Alkategai izango naiz, herria eraldatzen jarraitzeko; aurrerapauso gehiago eman ditzakegu”. Zure hitzak dira. Zertan egin dezake aurrera Lasarte-Oriak?
Langabeziarena da gure erronkarik handienetakoa. Lasarte-Oriak eskualdeko langabezia tasarik altuena zeukan 2015ean, %15-16 ingurukoa, eta %8ra jaistea lortu dugu. Egia da jaitsiera hori ez dela lortu udalaren lanarekin bakarrik, eta herritar asko gaizki pasatzen ari direla oraindik. Horren jakitun, bi proiektu garrantzitsu dauzkagu orain. Michelin II-ren garapena, batetik; hiru izarreko hotel bat, Lidl denda, Norauto lantegia, gasolindegi bat… Langabezian dauden ehun herritar kontratatzeko konpromisoa dago hor. Bestetik, Leroy Merlin multinazionalak azpiegitura bat izango du Teresategin, eta hainbat lanpostu sortuko lirateke hor ere.
Komunikazio aldetik oso egoera onean dago herria, eta asko ari gara hazten; 18.500 biztanle dauzkagu, eta laster iritsiko gara 20.000ra. Horregatik, inbertsioak ez ditugu egin behar gaur egungo errealitatearekin, etorkizuneko 20.000 biztanleko herria buruan dugula baizik. Zentzu horretan, 1989koa da kiroldegia eta oso zaharkituta dago.
Nola zegoen Lasarte-Oria 2015ean, eta nola dago gaur egun?
Geldirik aurkitu genuen herria; ez zuen aurrera egiten, ez zegoen mantentze lanik, ez asfaltatze lanik, ez proiektu berririk… Krisi ekonomikoaren garaia zen, baina horrek ez du justifikatzen dena. Erakundez erakunde finantzaketa bila ibiltzea ere bada alkatearen lana, baina administrazio lanen berririk ez zeukan jendea sartu zen udalean, eta horrekin gelditu egin ziren kudeaketa guztiak eta ez zen iritsi kanpoko inbertsiorik. Kultur jarduerak indartu zituzten, baina geldirik zegoen herriaren egunerokoa. Guk hiru milioi euro baino gehiago gastatu ditugu herria asfaltatzen; paperontziak, bankuak eta farolak ere aldatu ditugu; aterpeak sortu…
Maiatzaren 26an boto gehien jasoko dituen alderdiak hartu beharko luke alkatetza, edo zilegi da gerora beste alderdi batzuen artean akordioak egotea?
Ni beti izan naiz demokraziaren aldekoa. Patxi Lopezek ez zituen irabazi hauteskundeak, baina legebiltzarraren gehiengoarekin izendatu zuten lehendakari; Pedro Sanchezek ere ez zituen irabazi hauteskundeak, baina Moncloara iritsi zen. Ondorioz, Lasarte-Orian gizartearen gehiengoak beste alderdi batzuei eman badie boto gehien, zilegi da horiek beste proiektu bat aurkeztea. Ni beti egongo naiz demokraziaren alde, 2011n kalte egin zidan arren.
2010ean, Ana Urtxuegiak kargua utzi zuenean, EAJk kritikatu egin zuen agurreko gutuna gaztelania hutsean idatzi izana. Zein da zuen jarrera euskarari dagokionez?
Alderdien koloreak kolore, Euskara departamentuan betidanik akordio zabala eduki dugu denon artean, eta EH Bilduk 2011tik 2015era ez zuen egin PSE-EEk aurretik egin ez zuen ezer. Euskararen maratoia bederatzigarrenez egingo dugu aurten [bi urtez behin egiten da]; ez da EH Bilduren proiektua, Lasarte-Oriarena baizik. Etorkin asko izan arren, gure herria betidanik egon izan da euskararen alde. Ez da ahaztu behar Euskararen maratoi horretatik sortu zela Ahobizi eta Belarriprest-en proiektua, Euskaraldiarena. Lasarte-Orian egiten dira Udaltop jardunaldiak ere, Euskadi guztiko euskara teknikariak biltzen dituztenak. Herri honetan alde batera utzi behar da banderen gerra; guztionak dira bai ikurrina eta baita euskara ere. Udalbatzarretan zinegotzien esku egoten da hizkuntza aukeraketa.
Zuek sarritan esan izan duzue errausketaren alde zaudetela, baina Zubietan eraikitzen ari diren errauste plantaren aurka. Arduratzen zaitu gai horrek zuengan izan dezakeen eraginak?
Niri Lasarte-Oriako herritarrek ematen didate botoa, ez ni ordezkari naizen alderdiak. Zentzu horretan, gure herritarrek ez dute nahi errauste plantarik Zubietan, eta nire alderdia errausketaren aldekoa izanik ere, batzar nagusietan Gipuzkoako Hiri Hondakinen Plan Nagusia (PIGRUG) defendatu arren, eta Ingurumen diputatua nire alderdikidea izanda ere [Jose Ignacio Asensio], betidanik esan izan dut Zubietako errauste plantaren aurka nagoela. Udal gisa, ahal izan ditugun alegazio guztiak jarri ditugu, baita espetxearen eta kuartelaren kasuan ere. Atzera bota dituzte alegazio guztiak, baina arduratu egiten gaitu gai horrek. Behin hona iritsita, eta errauste planta ezingo dugula gelditu ikusita, kontrolak kezkatzen gaitu bereziki. Andoainen eta Zubietan bezala, Lasarte-Orian ere kontrol kabina zehatzena jartzea lortu dugu, eta etengabeko kontrola eskatzen dugu.
Zer mezu bidaliko zenieke herritarrei?
Lasarte-Oria oso egoera onean dago ekonomikoki; 28 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua daukagu, eta bederatzi milioiko geldikina daukagu altxortegian. Zorrari dagokionez, berriz, kreditu bakarra falta zaigu ordaintzeko, 300.000 euro ingurukoa, eta aurten ordainduko dugu.
Elkarbizitzaren gaian, gogotik ari gara lanean; udaletxean bertan, batetik, Elkarbizitza Mahaiarekin, eta herrian bertan bestetik, herritar talde baten lanketarekin. Giza eskubideen urraketen inguruko txostena egin duen bigarren herria izan da gurea, Errenteriaren ondoren. Garrantzitsua da belaunaldi berriak askatasunean haztea. Iritziak iritzi, parte hartzeko eskatuko nieke herritarrei, oso garrantzitsua delako erabakiak hartzea.
Leave a Reply