Danel Agirre
Ufologo bilakatzeko egitasmoarekin bateraezina zelakoan laga nion katoliko izateari. Erosi nituen lehenbiziko liburuak, 8 bat urterekin, Fernando Jimenez del Oso eta Juan Jose Benitezek idatzitakoak ziren. Gizabanako moduan kontzientzia osoa garatzeko ezinbestekoak diren bi heldulekuak eskaini zizkidaten, Elizak lehenago bezala. Egunerokoaren labirintoan ez galtzeko jomuga zehatza, betebehar benetan oinarrizkoa, batetik (izuagatik on egiten saiatzeari utzi, eta buru-belarri plater hegalariak bilatzera pasatu nintzen, nire kasuan). Bizitzaren misterioari erantzun behin betikoa, edo erantzun hori laster iritsiko zelako agintza behintzat, bestetik.
Izan ere, sinesbera samarra nintzen ni akaso, baina Benitezen Bosgarren zutabea irakurriz gero, guztiz eztabaidaezina zirudien estralurtarren aurkezpen ofizialak asko jota pare bat urteko kontua behar zuena. Ez ginen ari zeruko argi txatxu batzuei jarraitzeaz, Erriberako artzainekin hartu-emanetan ari ziren izaki itxurako bisitariez baizik. Iristear zen egun handirako, agerraldi historikoa irudikatu nuen nik. Mars Attacks! filmaren gisakoa, baina baketsua (nik hau guztia imajinatu baino askoz beranduago estreinatu zen pelikula, argi gera dadila). Etxe Zuriko atarian, kazetarien aurrean, espaziotik —edo beste dimentsio batetik— iritsitako lagunek askatuko lukete, behingoz, gizadia gizadi denetik arduratu duen zalantza: “Guk jakin ahal izan dugunaren arabera, zuek unibertso deitu diozuena proiekzio bat baino ez da, holograma bat, zeina…”.
Jimenez del Oso errebelazio kolosala bizi ahal izan gabe joan zen, eta nik ere aspaldi galdu nuen estralurtarrekin topo egiteko itxaropena. Esperantza hori sakelakoek hil zutelakoan nago. Garai batean ontzat eman nituen objektu edo humanoide misteriotsuen irudi lauso horiek ez ditut dagoeneko fidagarritzat. Bereizmen handiko kamerak daramatzagu guztiok soinean, eta aparatuok ohiz kanpoko agerraldiak benetan gertatzen ez direlako froga dira, edonork dokumentatu ahal lituzkeelako. Ama Birjina eta bihurguneko neska ere ez zaizkio aspaldi inori agertu, nik dakidala.
Ufologiarik gabe, krisi existentzialean jausi nintzen. Eskerrak inork sektaren batean sartzea sekula eskaini ez didan, biktima perfektua naizelako. Nire moduan Eliza katolikoa uzten dutenen jokabidea aztertu ohi dut, norabide bat aurkitzeko arrasto bila. Izatearen funtsa, hil baino lehenago derrigorrean konplitu beharreko hori, aparteko zailtasunik gabe topatu ohi dute: Behobia ordu eta erdian korritu, estatu berri bat sortzen saiatu. Blokeatuta jarraitzen dut nik berriz, bidearen erdi-erdian azaldu zitzaidan kraterretik irten ezinik. Bizitzaren misterioarekin, hori bai, gero eta obsesionatuagoa nago. Carl Saganen Cosmos osorik irentsi dut, bi bider, urtebetean. Eta horixe ateo gehienengan harritzen nauena: azalpen funtsezkoena bilatzeari uko egin diote, besterik gabe. Betebehar praktikoekin konformatu dira.
Heriotzarekin amestu dut azkenaldian. Ni zendu eta pare bat egunera, korapilo kosmikoa askatuko du norbaitek, eta soluzioa munduari iragarriko dio. Linboan flotatzen egongo naiz ni ordurako, eta ez naiz ezertaz jabetuko, inor ez da kontatzera etorriko. Ez zait amaiera krudelagorik okurritzen.
Leave a Reply