Aitziber Arzallus
Mapa bat eta iparrorratz bat nahikoa dira orientazioa praktikatzeko. Haiek ondo erabiltzen eta interpretatzen jakitea da gakoa. Europa iparraldeko herrialdeetan arrakasta handiko kirola da orientazioa. “Badira 20.000 parte hartzailetik gorako probak, eta eskoletan irakasten dute”, Ibon Goikoetxea GOT Gipuzkoako Orientazio Taldeko kidearen arabera. Gipuzkoan ez da horren kirol ezaguna, oraingoz; baina poliki-poliki ari da lekua egiten. “Azken bost urteotan asko hazi da praktikatzen dutenen kopurua, eta azkenaldian ikastetxe askotatik jaso ditugu eskaerak orientazioa zer den azaltzera joateko, gaztetxoentzat oso interesgarria delako”.
Goikoetxeak aspaldiko afizioa du orientazioa. 2003an hasi zen probetan parte hartzen. “Orientazioko sail bat sortu genuen Irungo mendizale taldearen barruan, eta lagun batzuk han ibili ginen hamar bat urtez”. 2013an, ordea, “hil edo bizi” zeudela, orientazioa ardatz izango zuen talde bat sortzea erabaki zuten. GOT deitu zioten taldeari: Gipuzkoako Orientazio Taldea. Gaur egun, herrialde guztiko 150 bazkidek baino gehiagok osatzen dute taldea. 5 urte dituzte kiderik gazteenek eta 60tik gora helduenek.
Orientazioaren “bertuterik handiena” horixe dela dio Goikoetxeak, “adin tarte zabala” hartzen duela. “Edozeinek egin dezake, eta familia giroko kirola da, herrikoia. 5 urteko haur batek egin dezake, eta 80ko batek ere bai; egin daiteke bakarka, taldean edo familian; eta probak egin daitezke irabazteko helburuarekin edo goiz-pasa eder bat egitekoarekin”. Goikoetxea bera, esaterako, familiarekin joaten da orientazio probetara. “Denok parte hartzen dugu: nire semeek, emazteak eta nik. Dagokigun txandan irteten gara bakoitza eta mendi buelta bat emateko eta ondo pasatzeko aukera ematen digu guztioi”. Gainera, kirol gisa “osoa” dela azaldu du, lantzen diren baloreengatik. “Orientazioa bera zer den ikasteko aukera ematen du, mapak ulertu eta interpretatzekoa, mendian galduz gero zer egin jakitekoa, erabakiak hartzekoa… Oso balio politak ditu atzean, eta beste mila gauza irakasteko erreminta izan daiteke”.
Talde gisa, GOTek bi helburu dituela azaldu du Goikoetxeak. “Gustatzen zaigun kirola praktikatzea da bata; eta orientazioa kirol gisa ezagutaraztea, bestea”. Beste kirol guztietan bezala, orientazioan ere garrantzitsua da ondo prestatuta egotea. “Entrenamenduak egiten ditugu horretarako, adinaren araberako taldeetan banatuta”. 6 urtetik 12ra arteko gaztetxoak biltzen dituzte Txiki-GOT taldean, eta entrenamenduak eta topaketak ere egiten dituzte asteburuetan. Goikoetxearen esanetan, haurrak 7 urterekin hasten dira orientazioa ulertzen. “Eta, hortik aurrera, praktikatzea da kontua”. Helduek, berriz, beren kasa egiten dituzte entrenamendu fisikoak, eta, gero, asteburuetan elkartzen dira probak eta ibilbideak egiteko.
Orientazioa kirol gisa ezagutarazteko ere jarduera ugari egiten dituzte talde gisa. Hainbat ibilbide iraunkor prestatu dituzte, batetik. Mapak egin dituzte horretarako, eta baliza iraunkorrak ezarri. “Mapak edonork eskuratu ditzake Internetetik, eta parketxeetan ere lor daitezke. Edonork nahi duenean eta nahi duen eran egin ditzake ibilbide horiek, oinez edo korrika, altxorraren bila jolasa izango balitz bezala”. Zegaman, Aiako Iturraran eremuan, Errenteriako Listorretan, Urretxun eta beste hainbat txokotan daude ibilbide iraunkor horiek, eta aurki jarriko dute beste bat Donostian, Ulian.
Orientazio probak ere antolatzen dituzte, horrez gain. Eta, hain zuzen ere, Gipuzkoako IV. Orientazio Liga Herrikoia egiten ari dira aurten. “Sei proba izaten dira urtean, eta hiru ibilbide prestatzen ditugu proba bakoitzerako: umeentzakoa edo familian egiteko modukoa izaten da bat, hiru kilometro ingurukoa; bestea, lau kilometrokoa; eta azkena, zailena, orientazio kirola egiten dutenentzakoa, bost kilometrokoa”. Etzi Oñatin izango da aurtengo ligako bosgarren proba. Dagoeneko izen ematea itxita badago ere, interesa duenakwww.gotorientazioa. org webgunean topa dezake hurrengo probei buruzko informazioa. Etzi, gainera, leku berean, eskola kirolean ibiltzen diren haurrek ere izango dute orientazioa praktikatzeko aukera.
Orientazio proba gehienak mendikoak izan arren, egon, era askotakoak daudela azaldu du Goikoetxeak. “Orientazioa praktikatu daiteke mendian, hirian, herrian, eta eraikin barruetan ere bai”. Mendikoak zailagoak direla dio, eta hiriguneetakoek beste teknika bat eskatzen dutela. “Joan den udan Danimarkan izan nintzen familiarekin eta Munduko Txapelketako proba batean parte hartu nuen. Institutu baten barruan izan zen proba, eta 47 minutu pasatu nituen institutu barruan alde batera eta bestera korrika”. Hemen ere antolatu izan dituzte gisa horretako probak; Asteasuko frontoian, esaterako.
Emaitza onak probetan
Espainiako Txapelketako probetan ere parte hartzen dute Gipuzkoako Orientazio Taldeko kideek. 50 bat kide Asturiasko Llanes herrian izan ziren duela bi aste, eta emaitza onarekin itzuli ziren etxera. Ana Lopez donostiarra eta Aitana Lertxundi zarauztarra nabarmendu ziren batez ere. Lopez hirugarren sailkatu zen distantzia ertainean, 50 urtetik gorako emakumezkoetan. Lertxundi, berriz, 35 urtetik gorako emakumezkoen mailan lehiatu zen, eta podiumera igo zen parte hartu zuen hiru probetan: irabazle izan zen erreleboetan eta esprintean, eta hirugarren helmugaratu zen distantzia ertainean.
Leave a Reply