Eider Goenaga Lizaso
Igor Leturiak (Arrasate, 1971) Elhuyarreko Hizkuntza Teknologien sailean egiten du lan, eta sail horrek garatu du Usurbilgo Harria Hitz kultur ibilbidea inklusibo egiten duen aplikazioa. Usurbilgo Udalak, Elhuyarrek eta Accessible For All enpresak, elkarlanean, edonor iristeko modukoa egin dute ibilbidea.
Zer eduki eskuratzen du aplikazioa eskuratzen duenak?
Accessible For All enpresarekin eta haren irisgarritasun aholkularitzarekin garatu dugu aplikazioa. Espezialistak dira. Ibilbidea aztertzen dute irisgarritasun ikuspegitik, aldaketak proposatzen dituzte, toki batera heltzeko informazio gehigarria landu… Beraz, ibilbideko interes puntuei buruzko azalpen historiko, kultural eta artistikoez gain, irisgarritasuna bermatzeko informazioa lortzen du aplikazioa eskuratzen duenak.
Adibidez?
Eskultura bat deskriba dezakezu, baina pertsona itsuentzat garrantzitsua da, adibidez, eskultura ukitu ahal izatea. Beraz, honako informazio hau gehitzen zaio: “Eskultura bat dago, uki daiteke, baina, kontuz, eskailerak daude hara iristeko”.
Zer izan da konplexuena?
Itsuentzako egokitzea izan da zailena. Ez da erraza izan puntu bakoitzera iristeko informazio gehigarria lortzea, norabide azalpenak audioz ematea… GPS bidez egiten da guztia. Pertsona itsu batek aplikazioa eskuratzean, aplikazioak berak ikusten du ea telefonoan instalatuak dituen itsuek erabiltzen dituzten irisgarritasun aplikazioak (Talkback eta Voice Over). Hala bada, azalpen guztiak audioz ematen hasten da.
Itsuaurreko bihurtua, beraz, telefonoa?
Aplikazioak, GPS bidez, une oro daki erabiltzailea non dagoen, eta, interes puntu batera iristen denean, esaten dio: “Iritsi zara Dema plazara”, edo “iritsi zara Mikel Laboaren eskulturara; entzun nahi duzu azalpena?”. Azalpenak amaitzean, hurrengo interes punturako norabidea zehazten dio, eta, pausoz pauso, behar diren azalpenak emanez, haraino eramaten du. Eta despistatu edo galduz gero, abisatu eta bidera bueltatzen laguntzen dio.
Dena den, aplikazioa ez da soilik itsuentzako egina.
Ez, helburua izan da ibilbidea inklusiboa izatea, edonork egiteko modukoa: itsuek, aulki gurpildunean daudenek… Aniztasun funtzionala duen jende ahalik eta gehiena barnean hartzeko moduan garatu dugu. Aulki gurpildunean daudenei bideko zailtasunen inguruan abisatzen die, eta aholkua ematen: “aldapa handia dago hemen”, edo “eskailerak daude, eta beste bide honetatik joan”… Bestalde, ezgaitasun kognitiboa dutenentzat Irakurketa Errazeko gidalerroak jarraituta idatzi dira azalpenak.
Eduki eta testu guztiak hainbat hizkuntzatan daude eskuragarri, ezta?
Bai, sei hizkuntzatan daude testuak: euskara, gaztelera, frantsesa, galegoa, katalana eta ingelesa. Elhuyarren lan asko egiten dugu hizkuntzekin eta hizkuntza teknologiekin, eta irisgarritasunean adituak direnek esaten dute hizkuntzak garrantzi handia duela irisgarritasunaz ari garenean. Alegia, zuk hizkuntza batean edo bitan jartzen baduzu, eta, pertsona bat etortzen bada hizkuntza horiek ez dakizkiena, harentzat jada ez da irisgarria.
Accessible For All-ekin landu duzue inklusioaren gaia.
Bai, eta asko ikasi dugu bai guk eta bai Usurbilgo Udalak. Beraiekin lan eginda konturatu gara zenbat gauza hartu behar diren kontuan irisgarritasun hori bermatzeko. Izan ere, aplikazioa probatu eta baliozkotu ere egin dute beraiek. Alegia, benetan aniztasun funtzionala duen jendearekin probatu da aplikazioa: zer aldaketa behar duen, zer informazio ez den nahikoa, zer den nahasgarria…
Aplikazio hori beste hainbat arlotan aplikagarria dela diozue…
Teknologia, metodologia, aholkularitza eta hemen egin den lan guztia baliagarria da beste ibilbide batzuetan integratzeko, eta ez soilik kaleko ibilbideetan. Kanpoan GPS bidez egiten dena, bluetooth balizen bidez egin daiteke barruko espazioetan. Oraindik inon jarri ez badugu ere, egin ditugu probak, eta funtzio bera betetzen du. Aplikazioak balio dezake museoetarako eta halakoetarako, baina baita eraikin publikoetan orientatzeko ere; ospitale batean, adibidez.
Leave a Reply