Unai Zubeldia
Zarkumendegi futbol zelaia, Astigarragan. 1987ko uztailaren 5a. Espainiako Kopako finala, eta Oiartzun eta Añorga aurrez aurre. “Ikaragarria izan zen hura. Jendez lepo zeuden harmailak, autoz beteta errepide bazterrak…”. Ixiar Canellada Oiartzungo jokalari ohiak ondo gogoan dauka egun hartan bizi izan zutena. Kiroletik asko izan zuen egunak, baina ez zen gelditu futbol partida soilean. “Espainiako Federazioak aurreko denboraldiko diru laguntza zor zion Oiartzuni, eta, presidentea kopa ematera zetorrela baliatuta, zor zigutena ordaindu arte ez ginela zelairatuko erabaki genuen”. Tentsio handia izan zen finalaren aurreko minutuetan. Joaquin Urio Velazquez zen epailea, eta ordubete berandu hasi zen partida. Azkenerako, 3-2 irabazi zuen Oiartzunek. “Baina oraindik ez dakit zor ziguten hura kobratu dugun ere!”.
Urte asko igaro dira Añorgak eta Oiartzunek Espainiako Kopako finalak jokatu eta irabazi zituztenetik, baina bai Canellada eta bai Marian Arizeta Añorgako jokalari ohia garai hartako bizipenak eguneratzen ari dira azken asteotan —biek hamabost urte egin zituzten futbolean—. Realak, lehen aldiz, Espainiako Kopako finala jokatuko du bihar, 20:30ean, Granadan (Espainia), Atletico Madrilen aurka, eta, “oso erronka zaila” dela onartuta ere, txuri-urdinak, partida bakarra izanda, “ezustekoa emateko gai” direla sinetsita daude biak. “Ilusioz gainezka daude jokalariak, eta disfruta dezatela”. Beste zeregin batzuk tarteko, ez dira joango Granadara. “Baina telebistaren aurrean egongo gara, noski”. Apustua ere egin dute: “1-2 irabaziko du Realak”, bota du Arizetak, ziur. “Penaltietan irabaziko du”, Canelladaren erantzuna.
1983-1984ko denboralditik 1994-1995era Kopako zazpi final jokatu zituen Añorgak, eta hiru irabazi (1989-1990, 1990-1991 eta 1992-1993); Oiartzunek, berriz, hiru final jokatu zituen, eta bi irabazi (1986-1987 eta 1987-1988). Ligan, Añorga 1991-1992, 1994-1995 eta 1995-1996ko denboraldietan izan zen txapeldun —txapeldunorde izan zen 1992-1993koan eta 1993-1994koan—, eta Oiartzun 1990-1991koan. Hamabi denboralditan bederatzi titulu. “Pentsa zer-nolako garaiak izan ziren haiek”, egin du hausnarketa Arizetak.
Bidaiak, “neketsuak”
Añorga eta Oiartzungo jokalari ohien hitzak entzunda, berehala nabari da garaiak asko aldatu direla. “Nik autobusean egin nituen Irakasle ikasketak”, azaldu du, barrez, Arizetak. “Autobusean eta hotelean ikasten nuen nik. Izan ere, Galiziara, Asturiasera, Madrilera, Bartzelonara… joan behar izaten genuen bi astez behin”. “Eta Tomellosora!”, gaineratu du Canelladak. “Lekutan zegoen Tomelloso!”. Gogoan daukate “luzeak eta neketsuak” izaten zirela autobus bidaia haiek. “Oso berandu etxeratzen ginen igandean. Pentsa, garai hartako errepideekin, hamabi ordu behar izaten genituen, agian, Galiziatik itzultzeko”.
Ikasten aritzen ziren batzuk, lanean beste batzuk… “Eta ahal genuen moduan moldatzen ginen baimenekin eta”. Zailtasunak ez ziren izaten bidaiatzeko bakarrik. “Entrenatu ere oso berandu entrenatzen genuen guk, eta ahal genuen bezala”, azaldu du Canelladak. “Baina gu pribilegiatuak ginen Oiartzunen. Entrenatzeko zelaia uzten ziguten; tira, zelai erdia, noski”.
Eurek entrenamenduak ikastolan egiten zituztela gogoratu du Arizetak. “Behealde batean aritzen ginen eguraldi txarrarekin, bigaz edo zutabez jositako gune batean, eta uste dut taldekide asko horregatik zirela hain onak teknikoki”. Urte dezente igaro arte ez zieten utzi Añorgan entrenatzen, eta Haraneko futbol zelaira joan behar izaten zuten, Usurbilera. “Belar naturaleko zelaia zegoen Añorgan, eta gazte mailako mutilek bakarrik jokatzen zuten han”.
Arizeta eta Canellada asko poztu dira emakumeei Anoeta, San Mames eta beste hainbat zelaitako ateak zabaldu dizkietela ikusita. “Baina guk ere jokatzen genuen zelai garrantzitsuetan: Atotxan, Vicente Calderonen, Camp Noun, Riazorren…”. 1984ko ekainaren 10ean, esaterako, 7.000 zale elkartu zen Atotxan, Añorgaren eta Karbo Deportivo Galiziako taldearen arteko Kopako finalaren itzuliko partidan; galiziarrek irabazi zuten titulua.
Emakumeen futbolak “pauso asko” eman dituela onartu dute biek. “Guk ez geneukan gaur egungo prestaketarik, materialik, fisioterapeutarik…”. Bitxikeria gisa, Arizetak gogoan dauka Herbehereetan erosi zituela futboleko lehen botak. “Oso oin txikia daukat nik, eta hantxe aurkitu nuen nire zenbakia”. Gaur egun horrelako arazorik ez dagoela txalotu dute. “Baina pauso asko eman beharra daude oraindik”.
Atzerritarren eztabaida
Añorgak eta Oiartzunek 1980ko hamarkadan bizi izan zuten lehen loraldia, eta Arizetak gogoan dauka euren kasuan “Añorgako jokalariak soilik” zeudela hasierako egitura hartan. Alde horretatik ere asko aldatu da futbola, eta Realak 2014-2015eko sasoian ireki zuen atzerritarren atea, Cristina Pizarro Chini espainiarra fitxatuta. “Pena eman zidan hasieran”, onartu du Canelladak. “Baina egia da Reala, bestela, agian, ez zela egongo gaur egungo egoeran”. Nahikari Garciaren adibidea jarri dute biek. “Izugarrizko maila dauka eta badirudi Atletico Madrilera joan daitekeela; Athleticek ere fitxatu ditu Realeko jokalari batzuk… Oso zaila da horri aurre egitea”.
Eurek bizi izan zuten lokatz garai hartatik ari dira gozatzen Realaren denboraldi honetako balentriarekin, eta hasiak dira asteleheneko ongietorriari bueltaka. “Ederra izango litzateke”. Ametsetik errealitaterako pauso zail hori emateko irrikan daude biak ala biak.
Leave a Reply