Eider Goenaga Lizaso
Ezohiko entzuleria baten aurrean, aretoa gaztez beterik zela, Deustuko Unibertsitateko ikasleen aurrean egin zuten agerraldia astelehenean Gipuzkoako Foru Aldundiaren gidaritza hartu nahi duten hautagaiek. Elkarrekin iritsi dira bostak gradu aretora, bakoitza alderdiko aholkulariek lagunduta. Felix Arrieta unibertsitateko irakasle eta Deusto Forumeko arduradunaren alde bietan eseri dira: Elkarrekin Podemoseko Maria Valiente eta EH Bilduko Juan Karlos Izagirre, haren eskuinera; EAJko Markel Olano, PSE-EEko Denis Itxaso eta PPko Juan Carlos Cano, ezkerrera.
Arrietak euskaraz egin du aurkezpena, eta ez du zehaztu hautagaiek zer hizkuntzatan hitz egin behar duten. Bakoitzaren aukera da. Ordu eta erdiko jarduna amaitu denean, %20 baino gutxiago egin dute euskaraz. Canok hitzik ere ez. Ez daki euskaraz. Valientek eta Itxasok aurkezpeneko esaldia baino ez dute egin euskaraz; gainerakoa, gazteleraz. Izagirrek eta Olanok gehixeago eutsi diote euskarari, baina erdira iritsi gabe. Ondorioa argia da: aukeran utzita, hautagaietako bakar batek ere ez du hautatu euskara hutsean egitea.
Lau bloketan banatu ditu mahai inguruko gaiak Arrietak: Gipuzkoaren erronkak, gizarte politikak, ekonomia eta enpresa sarea, eta turismoa.
JUAN CARLOS CANO: PPkoa ez da aritu erronka bakarraz, eta orokortasunean mugitu da: gizonen eta emakumeen aukera berdintasuna lortzea; bizitzeko sistema iraunkor bat diseinatzea, ingurumena zainduz eta babestuz; mundu mailan, pobrezia, gosea eta gaixotasunak desagertzea… “Ziurtasunik eza hemen geratzeko etorri da; arazoak definitzea eta aukerak identifikatzea izango da Gipuzkoaren erronka handiena”.
MARIA VALIENTE: Etorkizuneko zerumugari bi kolore jarri dizkio Podemoseko hautagaiak: berdea eta morea. Emakumea eta zaintza lanak politika publikoen zentroan jarri behar direla dio. “Baina dugun erronka handiena industriaren egokitzapena da, klima aldaketaren kontrako borrokak lehentasunezkoa eta transbertsala izan behar baitu, eta horrek ekonomiari eragingo dio. Berrikuntzaren bidetik, egokitzapenaren eta industria birmoldaketaren bidetik, ekonomia iraunkorrerantz joan behar dugu”.
DENIS ITXASO: Valienteren bi erronkak, berdea zein morea, bere egin ostean, zahartze prozesuak eragiten duen kezkaz aritu da Itxaso. “Suizidio demografiko argi bat ari gara bizitzen: munduko lurralderik zahartuenetako bat da Gipuzkoa”. Datu bat ere eman du: “1975ean, 31 urtekoa zen gipuzkoarren batez besteko adina; 2031rako, 47 urtekoa izatea espero dugu. Horrek sekulako eragina izango du gure ekoizpen ereduan eta pentsio sisteman. Eta horri arlo ezberdinetatik egin beharko zaio aurre”. Zaintza arloko neurriak, ikerketa, familia izateko adinean daudenei laguntzeko aldaketa fiskalak eta jaiotze tasak hobetzeko politika sozialak aipatu ditu, besteak beste.
JUAN KARLOS IZAGIRRE: Gai bakarra aukeratzeko zailtasunak aipatu ditu EH Bildukoak. “Azkenean, orekaz hitz egitea erabaki dut: lurralde orekaz eta aberastasunaren oreka handiagoaz”. Aberastasunaren oreka lortzeko, zerga sisteman eragitea ezinbestekotzat jo du Izagirrek: “Batetik, soldata duinak bermatu behar ditugu, baina politika fiskal justuagoa ere behar da. Fortuna handien gaineko zerga berreskuratzea proposatzen dugu, eta sozietate zerga progresiboa izatea, irabazi gehien dutenek gehiago ordain dezaten. Uneotan, edozein langilek %20-22ko ekarpena egiten du, eta enpresek %12koa, batez beste. Ez zaigu bidezkoa iruditzen”. Lurralde orekari begira, eskualde bakoitzari 40 milioi euroko ekarpen bat egitea proposatu du, bakoitzak bertako udalekin, eragileekin, herritarrekin eta garapen agentziekin euren lehentasunak eta proiektuak erabakitzeko.
MARKEL OLANO: Jarduneko ahaldun nagusiarentzat gizarte kohesioa da Gipuzkoak duen erronka nagusia. “Gipuzkoan, lau urteotan, apaldu egin da aberatsenen eta pobreenen arteko diferentzia; orain, berdinagoak gara krisi garaian baino. Eta horrek asko hitz egiten du guk ezarri dugun ereduaren alde; esango nuke Europa iparraldeko herrialde aurreratuenen pare gaudela”. Hala, ezinbestekotzat jo du eredu horri eustea. Olanoren esanetan, bi dira gizarte kohesio horren zutabe nagusiak: industria lehiakor bat eta gizarte politikak.
OLANO: EAJko hautagaiak lehentasuntzat dauka gizartearen zahartze prozesuari aurre egitea: “2017an, 29.000 pertsonak zeukaten menpekotasuna, eta 2031rako 10.000 gehiagok izatea da aurreikuspena. Beraz, oso garrantzitsua da gaia”. EAJk eta PSEk gizarte politikak biltzen dituen “esparru orokor bat” ezarri dutela dio Olanok: Etorkizuna Eraikiz, eta horren barruan dago Adinberri estrategia.
Bazterketa arriskuan dauden pertsonena da beste lehentasuna. Pobrezian 35.000 gipuzkoar bizi direla dio Olanok. “Milaka eta milaka pertsona daude, horietako asko gazteak, formakuntza ez-egoki batekin eta lan prekarioetan edo lanik gabe. Kolektibo horrentzat Elkarrekin estrategia dugu martxan: banakoen egoerak baloratzeko, tratamendu pertsonalizatua emateko, eta formakuntza on bat eta lan duin baterako sarbidea emateko”.
IZAGIRRE: “Hiru zutabe ditu gizarte justu batek: osasun arlo publiko bat, hezkuntza publiko bat eta gizarte politika justuak. Eta horiek, gaur egun, huts egiten dute alde guztietatik”. Gizartearen zahartzeari erreparatuta, aldundiaren eskumena ez dela aitortu arren, pentsiodunek erretiro duin bat izateak dena erraztuko lukeela esan du EH Bildukoak. Menpekotasuna dutenen zaintzari begira asko egin daitekeela nabarmendu du, halaber: “Duela lau-bost urte, hemezortzi egunen buruan erantzuten zitzaien menpekotasuna baloratzeko eskaerei; orain, bi hilabete behar dira. Epe hori hogei egunera jaisteko konpromisoa hartu dugu”.
Zaintza lanen inguruko kezka aipatu du Izagirrek arazo handien artean. “Emakumeek egin dute lan hori, eta beti izan da aitortu gabea eta gaizki ordaindua edo ordaindu gabea. Eta, arlo horretan, aurreko legealdiarekin baino 1,8 milioi euro gutxiago banatzen dira zaintzan aritzen diren senideentzako laguntzetan. Oso kezkagarria da hori”. Ezinbestekotzat jo du begiak ez ixtea eta neurriak hartzea adinekoak zaintzen dituzten atzerriko emakumeek sufritzen duten “esklabotza modernoaren” aurrean.
ITXASO: Adingabeak dituzten familien %9,4 pobrezian bizi direla, langabeen artean %58 emakumeak direla, hamar langiletik hiruk bakarrik dutela lan hitzarmen kolektiboa… Horiek izan dira Itxasok aipaturiko datuak. “Langile pobreen kategoria sortu da, eta enplegua sortzea eta enplegu hori kalitatezkoa izatea da horri aurre egiteko modua”. Besteak beste, lana bilatzen laguntzeko bulego bat martxan jartzea eta aldundian berriro ere Enplegu Zuzendaritza sortzea aipatu ditu Itxasok.
VALIENTE: Gipuzkoaren maila ekonomikoa Alemaniako landerren parekoa dela dio Elkarrekin Podemoseko hautagaiak, baina nabarmendu du horrek ez duela islarik gizarte politiketan eta ongizateari lotutako zerbitzuetan. “Lan handia dugu egiteko”. Zerga sistema aldatzea da horretarako bidea, Valienteren aburuz: “Banaketa justuago bat ahalbidetuko duen presio fiskal bat nahi dugu. Gure presio fiskala Espainiako batezbestekoaren azpitik dago, diru sarrerak handiagoak izan arren. Ez dugu auzitan jartzen Gipuzkoako ekonomia, egiten den kudeaketa baizik”.
CANO: Biztanleria zahartzearen eta jaiotza tasa apalen artean sortzen den desorekak etorkizunean “aberastasuna sortzeko arazoak” sortuko dituela iragarri du Canok, eta konponbidea ez dela presio fiskala handitzea. PPkoaren aburuz, gizarte politikei dagokienez, ziurgabetasuna ezabatzea da erronka. “Adinekoez ari naiz, balorazio eta erantzun epeei buruz; itxaron zerrendak eta epeak murriztu behar dira”.
IZAGIRRE: Bigarren sektoreak Gipuzkoako ekonomiaren motorra izaten jarraitu behar duela uste du Izagirrek, eta arreta berezia jarri du enpresa txikietan. “Horrelakoak dira Gipuzkoako enpresen %95; eta haien garapen teknologikoa sustatzeko 16 milioi euroko diru sail bat jaso dugu gure programan”. Enpresa arloan bereziki zaindu behar den lerroa, berriz, energia berriztagarriena eta energia aurrezteari dagokiona dela esan du, eta horri begira 12 milioi euroko diru sail bat aipatu du. Komertzio txikia ere aipagai izan du: “Horiei dagokienez, Gipuzkoan ez dute bat egiten esaten denak eta egiten denak. Merkatari txikiek bizitza ematen diete herriei, eta haien alde egiten da hitzez, baina saltoki handien eta multinazionalen aldekoak dira ekintzak”.
VALIENTE: Familia enpresen alde jokatu behar dela dio Podemoseko hautagaiak, eta zeharkako zergen bidez enpresari txikia babestu behar dela sare hori “desager ez dadin”. Aurreko aldundien utzikeriaren ondorioz familia enpresa askok multinazionalen eta atzerriko enpresen esku amaitu duela kritikatu du, halaber, Valientek. Azkenik, sortu beharreko zerga berrien zerrenda ere egin du: “Saltoki handien gaineko zerga berdea, gertuko merkataritza sustatzeko; tasa digitala edo Google tasa deiturikoa; finantza transakzioen zerga, Tobin tasa, espekulazioa eragozteko; eta, era berean, eta beldurrik gabe esaten dugu, dieselaren gaineko zerga, ibilgailu elektrikoen apustua egiten dugulako”. Gipuzkoak behar dituen auto elektriko guztiak lurraldean ekoiztearen alde ere hitz egin du, horretarako gaitasuna badagoela esanez.
OLANO: Valiente eta Izagirreri lau urtean egindako guztia gutxiestea leporatuz hasi du bere jarduna EAJko hautagaiak. “Izan ere, Gipuzkoak lau urteotan izugarrizko aurrerapausoak eman ditu arlo ekonomikoan. Ezberdintasun sozialei dagokienez, Suedia baino hobeto gaude”. Olanoren esanetan, krisi gogorrenean ere enpresa sareari eta industria egiturari eutsi bazaio, industria estrategia bat edukitzearen ondorio da.
ITXASO: Gipuzkoako enpresek testuinguru globalizatu batean jokatzen dutela nabarmendu du PSEkoak, eta berrikuntza bidean urratsak egin direla.”Klima aldaketaren alorrean, zahartzearen alorrean, migrazioaren alorrean, iraultza teknologikoaren alorrean, zibersegurtasunaren alorrean… pausoak eman dira, eta gure industriarentzat hori aukera handia da, enplegua sortzeko, aberastasuna sortzeko. Bide horretan ari gara”.
CANO: PPkoaren aburuz, sektore publikoak eta alderdi politikoek ez dute sartu behar enpresen kudeaketan. “Guk baldintzak sortu behar ditugu enpresak sortzeko, eta Gipuzkoan sektore pribatuak sortzen du enpleguaren %88”.
ITXASO: Turismo arloko diputatu gisa lau urtean motibazio nagusia oreka izan duela esan du PSEko hautagaiak. “Urtaroen araberako oreka, turismo fluxua urte osoan egon dadin eta ez soilik uda garaian; lurraldeen arteko oreka, Donostiara datorren turismo haborokina beste lekuetara ere joan dadin; eta lan baldintzen oreka, turismoa ez dadin lanpostu prekarioekin lotu, eta horrek zerikusia du urte osoko turismo fluxua lortzearekin. Estrategia oso bat garatu dugu oreka hori lortzeko, Explore San Sebastian Region markaren pean”.
CANO: “Ez dugu Benidorm izan nahi; kontzientzia duen kalitatezko turismo bat nahi dugu, eta badugu horretarako modua”. Turismoaren kontra hitz egiten dutenei mezua ere bidali die PPkoak: “Gipuzkoarren irteerak eta atzerritarren sarrerak neurtuta, datuek diote gu gehiago ateratzen garela kanpora, guregana etortzen direnak baino; beraz, ez ditzagun eman mezu demagogikoak”.
OLANO: Sektoreak ekonomian duen garrantzia nabarmenduz kokatu da gaian EAJko hautagaia: “Gipuzkoako BPGaren %7,6 dator turismotik. Pisu handia du, eta zaindu egin behar dugu. Beraz, turismoaren kontra egitean, Gipuzkoaren ongizatearen kontra ari dira erradikalak”. Olanok esan duenez, ez dute nahi hainbat gune parke tematiko bihurtzerik, eta azpimarratu du lau urtean lurralde osoan zeharreko dibertsifikazioa landu dutela horretarako.
VALIENTE: Turismoa garrantzitsua dela eta Donostia gakoa dela ukatu gabe, Podemosekoak onartezintzat jo du donostiar askok bizitzera beste herri batera joan behar izatea, euren herrian bizi ezin dutelako. Bestalde, Itxasori begira, galdera bota du Valientek: “Nire galdera da, zenbat hotel ireki dira Donostiatik kanpo? Ez al dago aukera hotelak Donostiaren gerrikoa osatzen duten herrietan egiteko?”. Bestalde, turismoak uzten duen karbono arrastoa gutxitze aldera, tasa ekoturistikoa ezartzeko beharra aipatu du.
IZAGIRRE: Turismoak onura ekonomikoak dituela, eta herria eta kultura ezagutarazteko aukera izan daitekeela esan ostean, alde txarrak ere badituela ohartarazi du EH Bilduko hautagaiak. Gentrifikazioa litzateke horietako bat; lan baldintza txarrak beste bat. “Turismo estrategiak bertakoen beharretatik abiatuta garatu behar dira, eta, gero, hori eskaini behar zaie turistei. Eta ez alderantziz”. Bost neurri aipatu zituen; tartean: lurraldean zabaltzea; turismo tasa bat ezartzea; kontratuen behatoki bat sortzea; bertako produktuak eskaini eta lehen sektorea indartzea; eta genero perspektiba lantzea, baldintza okerragoak baitira emakumeen kasuan.
Hautagaien jardunak apenas utzi zuen denborarik galderen txandarako. Amaieran, aretoan bildutakoek egindako galderak irakurri ditu Arrietak, eta guztien artean bat hautatu du; hauteskunde osteko gobernu itunei buruzkoa. Bost hautagaietako inork ez du aipatu gobernu itun posiblerik, inplizituki denek onartu duten arren itunak beharrezkoak izango direla. Guztiek diote irabazteko asmoz aurkezten direla foru hauteskundeetara eta euren programa izango dela ondorengo gobernu akordio posibleen ardatza. Mahai inguruan proposamenak eta irtenbideak proposatu dituzten bakarrak foru gobernuan egon diren alderdiak izan direla esanez, EAJ-PSE itunak ezarritako eredu hori berritzearen aldeko jarrera azaldu du Olanok: “Hauteskundeetan gauzak parekatuta egongo dira EH Bildu eta EAJren artean. Biak ezagutu ditugu gobernuan, eta bi aukera daude: iraganera itzultzea EH Bildurekin, edo etorkizuna, EAJk gidatutako gobernu batekin”.
Leave a Reply