Karmele Uribesalgo Alzola
Duela urtebete ireki zituen ateak Bergarako Ereindajan proiektuak. Hutsune bat betetzeko asmotan ekin zioten proiektuari: nekazarientzako eta kontsumitzaileentzako topagune bat eratu nahi zuten, konexiorako espazio izango zena. “Bertakoa, osasungarria, justua eta kooperatiboa” izan nahian abiatu ziren. Lehenengo urtea beteta, “bizirik dagoen proiektua” dela adierazi du Aitziber Plazaola Ereindajaneko bazkideak: “Barre eta negar asko egin dugu; sekulako lana izan da martxan jartzea, baina babes handia jaso dugu, eta oso positiboa izan da herritarren erantzuna”. Ekonomikoki ere helburu guztiak beteta, “proiektua egonkortzea” dute erronkarik handiena.
Plazaolaren esanetan, “azoka garaikidea” da Ereindajan. Konfiantza eredu bat oinarri hartuta, ekoizlearen eta bezeroaren artean ahalik eta bitartekari gutxiena egoten ahalegintzen dira, baita kalitatezko produktu ekologikoak eskaintzen ere. “Ordutegi malguak bereizten gaitu ohiko azoka batetik”, azpimarratu du Plazaolak. Etxerako saski osoa dendan erosteko aukera eman nahi dute. Hori dela eta, besteak beste, barazkiak, frutak, lekaleak, esnekiak zein zerealak saltzen dituzte, baina baita higienerako produktuak ere.
Solte eskaintzen dituzte erosgai asko, bezero bakoitzak behar adina hartu ahal izateko. Hala, hondakin gutxiago sortzen dute. Horrez gain, ez dutenez kantitate bera kontsumitzen bakarrik bizi den pertsona batek edo bost kideko familia batek, neurrira erosteak bezero bakoitzari aukera ematen dio “dituen beharrei erantzuteko”, Ereindajanen ustez.
Gaur egun, laurogei hornitzailerekin egiten dute lan; Debagoienekoak edo ingurukoak dira gehienak, baina kasu batzuetan kanpora ere jo beharra dutela aitortu du Plazaolak, hori baita egungo kontsumo ohituretan txertatuta dauden produktu batzuk eskuratzeko bide bakarra. “Ekoizleak eskualdekoak ez direnean ere, zuzeneko harremana izaten saiatzen gara, eta kontuan izaten dugu zein produktu den, eta nork eta nola bidaltzen duen”. Horrez gain, pedagogia egiten ahalegintzen direla nabarmendu du, eta produktu bakoitzari etiketa bat jartzen diote nondik ekarritakoa den eta ekoizlea zein den zehazteko.
Ekoizleen garrantzia
Plazaolarentzat, “nekazarien lanari egindako aitortza bat” ere bada Ereindajan, baita lanbide hori duintzeko saialdi bat ere. Ekoizleek jartzen dizkiete prezioak produktuei, eta bezeroak ordaintzen duenaren %80 jasotzen dute. “Gaur egun, erosketak egitean, ez dakigu nork jasotzen duen diru hori, eta guk uste dugu ekoizten duenak merezi duela diru kopuru hori”, nabarmendu du Plazaolak. Ekoizleak gustura daude proiektuarekin. Aitzol Iturbe nekazariak astean bizpahiru aldiz eramaten ditu produktuak Bergarako dendara. Oso interesgarria iruditzen zaio egitasmoa. “Dendaren parte gara, eta bezeroek badakite gure produktuak kontsumitzen ari direla; garrantzitsua da hori”, adierazi du Iturbek.
Bezeroentzat ere aukera ona da Ereindajan. Amaia Zabaleta denda ireki zutenetik joaten da erosketak egitera, eta “luxua” dela iruditzen zaio. “Produktu ekologikoen bila aritzen garenok alde batetik bestera ibili behar izaten dugu, eta hemen dena daukagu eskura”. Plazaolak gaineratu du hasieratik saiatu direla ikusarazten Ereindajan ez dela denda arrunt bat: “Oso helburu zehatzak dituen proiektua da”. Denda ireki aurretik bazkidetza kanpaina bat jarri zuten martxan, eta 150 pertsona inguru batu ziren. Hirurehun bat bazkide dituzte egun. “Garrantzitsuena da ulertzea proiektu baten parte direla”. Urtean 50 euroko kuota ordainduta, Ereindajani bultzada bat emateaz gain, besteak beste deskontuak izaten dituzte erosketetan.
Ereindajan proiektuak Arrasaten jarri zuen lehenengo harria, eskualdeko kontsumitzaileen nahiei erantzuteko. Debagoiena osora iristeko “hankamotz” geldi zitekeela eta, Bergaran antzeko proiektu bat gauzatzeko beharra ikusi zutela azaldu du Plazaolak. “Arrasatekoek lan handia zuten eginda gu iritsi ginenerako, eta guretzat bultzada handia izan da hori”.
Euskal Herrian badira halako beste proiektu batzuk, eta, Plazaolaren iritziz, horren arrazoia da gero eta ohikoagoa dela kontsumitzen diren produktuen inguruko kontzientzia bat izatea. “Antzematen dugu jendeak baduela gogoa beste modu batera kontsumitzeko, eta horren aldeko apustua egiten ari dela”.
Etorkizunera begira, dendaren osagarri izango den bide berri bat hasi nahi dute Ereindajaneko kideek. Oraingoz, ez daukate plan zehatzik, baina herrian eragitea gustatuko litzaieke. “Guretzat denda bat baino gehiago da hau, eta egitasmoak martxan jartzeko gogoa daukagu”.
Leave a Reply