Leire Narbaiza
Gaurko paseoan ez dut topatu arrautza bat pinu gainean, batez ere pinu gutxi zegoelako. Itsaso ondoan ibiltzeak hori dakar. Aurkitu dudanak ez zeraman okupazio ejerzitoaren seilu eta guzti —zorionez—. Ontziak ziren, ontzi marka gabeak, eroateko janaria garraiatzeko erabiltzen diren horietakoak. Ontzi abandonatuak nonahi, ia guztiak plastikozkoak, erabilera bakarrekoak.
Gure sasoiaren metafora perfektua begitandu zait. Ia guztia delako erabili eta botatzekoa, ez irautekoa. Nerabezarora arte-edo, ezagutu nuen janari dendetan, baita supermerkatuetan ere, botilak (lehen denak ziren beirazkoak) itzultzeko sistema: botila erosten zenean likidoa eta botila erosten ziren. Hurrengo erosketan botila hutsa eroanez gero, ez zen kobratzen. Erosi ezean baina botila eramanda, kaskoaren dirua berreskuratzen zen. Gero plastikozko botilak etorri ziren, eta sistema hori pikutara joan zen, nahiz eta txosnetan sagardo botilekin egiten den oraindik. Era berean, plastikozko poltsak kobratzen zirenez (eta karutxo, gainera), erositako poltsa hori behin eta berriro erabiltzen zen. Zikinduz gero, uretatik pasatu, eskegi, eta atzera ere erabili. Ene! Zenbat urte jarri dizkiodan neure buruari! Hitz egin du amama Kipuletak.
Nerabezarora arte —plastikoaren boom-era arte— gauzek askoz luzeago irauten zuten, eta gehiago aprobetxatzen ziren. Denetatik izan dut nik, ez zait ezer falta izan, baina garai batean geneukana askoz hobeto zaintzen genuen irauteko zelako. Objektuek kalitate hobea zutela ere esango nuke, garesti ordaintzen genituen, eta luzarorako ziren, agian horregatik. Gauzek balioa zuten.
Baina ezerk ez dauka baliorik orain. Arropa kontuetan, esate baterako jertseetan, geneuzkanak apurtu edo txiki geratu arte erabiltzen genituen (ondoren beste batek erabiltzeko!). Orain bolatxoak egiten zaizkie bitan erabilita. Hirugarrenean jantzi, eta edukiontzira zarpail itxura ematen digulako. Gogoratu ere ez gara egiten gure armairutik pasatu den guztiaz!
Zoritxarrez, pertsonak ere erabili eta lagatzekoak dira, ezin iraun, ezin konprometitu. Esate baterako, sexu aplikazioetan hori bilatzen da: beroaldia izan, norbait topatu, txortan egin eta listo. Ez dut esaten txarra denik, heldu biren artean libreki adostutako guztia zilegi delako botere harremanik ez badago, behintzat. Ona ala txarra ezin esan, desberdina da, baina txortakideak erabili eta ahaztekoak dira kasu horietan.
Gorputzak ere erabili eta baztertzekoak dira, sexurako ez ezik, ugalketarako ere bai. Umetokiak alokagai daude, sabelak salgai: usatu eta baztertu. Inkubagailu hutsak bihurtzen dira ama horiek, gailuak, ontziak. Langileekin ere berdin antzean. Fitxa aldagarriak gara, balioa galdu duten piezak, gauza bihurtu gaituztelako, despertsonatu. Gainera, beti egongo da baten bat postua betetzeko, hobeto eta merkeago.
Oparotasunaren gizartean bizi garela ezin ukatu. Denak galdu du balioa, denetik daukagulako. Eta soberan izate horrekin ontzi horiek abandonatu egiten dira, ez dutelako ezer balio, beste bat ere erraz lor litekeelako. Ahaztu eta lurrera bota, ontzi abandonatu horiek haitz artean sakabanatuta, norbaitek jasoko dituelakoan, norbanakoaren ardura galduta. Ezerk ez duelako baliorik, denok ontzi abandonatuak garelako neurriren baten.
Leave a Reply