Jon Miranda
Hutsune handia dago emakumezkoen gorputzen jakintzan, eta, orain arte, hilekoa gutxitan ulertu izan da prozesu zikliko moduan. Unean uneko norberaren desio eta beharrak ezagututa mundua iraul daitekeela uste du Enara Iruretagoienak (Irun, 1984), eta “hilekoaren kultura” deitu diona ehunduz joateko sortu zuen Ziklikoki Bizitzen proiektua, duela pare bat urte. Esperimentazio prozesu horren barruan, Hile-topaketa egingo dute, ekainaren 12an, Tolosako Jabetze Eskolan. Jada eman daiteke izena, berdintasuna@tolosa.eus helbidean.
Gaiaren inguruko ikerketa eta erreferente gutxi daude gaur egun, emakumeen gorputza bera eta bereziki uteroaren bueltan dagoen guztia “ez-ikusgarri” bilakatu baitute, Iruretagoienaren ustez, eta horrek iraunarazten du emakumeek bizi duten “zapalkuntza”. Haren esanetan, min ez du hilekoak ematen, sistemak baizik: “Gorputz hauskorrei, zaurgarriei, ez diete lekurik uzten. Sistema kapitalista eta patriarkal honek linealtasuna bultzatzen du denbora guztian. Produktiboak izan behar dugu momentu bakoitzean ditugun beharrei entzun gabe”.
Iruretagoienak uste du gizarteak mina “normalizatu” egin duela. Emakumeei “modu indibidual eta bakartuan” biziarazi izan zaie hilekoa, “elkarrekin jakintzak partekatu gabe”. Horri aurre egiteko asmotan, Erika Irustak Interneten gidatzen duen Soy1Soy4 ikas-komunitatean parte hartzen hasi zen Iruretagoiena, “gorputzaren inguruko hausnarketak eta bizipenak partekatzeko”. Geroago sortu zuen Ziklikoki Bizitzen proiektua, tokian tokiko bizipenek hilekoaren prozesuan eragin handia zutela ikustean. “Ez da gauza bera hilekoa hemen edo Andaluzian izatea, edo, are gutxiago, munduko beste lurralde batzuetan izatea”. Prozesu fisiologikoa baita hilekoa, baina baita kultur eraikuntza ere.
Ziklikoki Bizitzen proiektuaren kudeatzailearen esanetan, hilekoari beste esanahi bat emateko ezinbestekoa da norbere zikloei erreparatzea. “Altxor bat da gorputza ezagutzea, eta hilekoa dugun gorputzok eskura dugu konexio hori egiteko baliabidea”. Modu askotara egin daiteke ezagutzeko bidea, eta behaketa da horretarako bideetako bat: “Hilabete horretan izan duzun osasun prozesuaren termometroa izan daiteke hilekoa. Pista asko jaso ditzakegu ikusita, usainduta eta ukituta. Oso esanguratsua da odolaren, gernuaren eta kakaren analisiak egiten dizkigutela, baina inoiz ez hilekoarenak”.
Idazketarena izan daiteke ezagutzarako beste tresna bat. “Gauza sinplea da, baina, hain zuzen ere, gauzarik sinpleenek izaten dute botererik handiena”. Ziklo osoaren erregistroa egitea proposatzen du Iruretagoienak, eta gida bezala balio dezaketen baliabideak eskura jarri ditu Ziklikoki Bizitzen webgunean: www.viviendoenciclico.com. “Zikloko egun bakoitzean nola zauden, zein gogo duzun, harremanak nola izaten dituzun, mugak zein diren… hori guztia erregistratu ondoren, denbora bat hartzea proposatzen dut, irakurketa egiteko eta norberaren patroiak topatzeko”.
Iruretagoienaren esanetan, autoezagutza horrek zenbait erabakitan asko lagun diezaioke emakumeari. Lau fase nagusi bereizten dituzte, eta hilekoaren aurreko fasean, adibidez, “barrura begiratzeko beharra” sentitzen dute emakume askok: “Fase introspektiboa da, non atsedena eta gelditzea eskatzen dizun gorputzak; baina gizarte hiperazeleratu honi ez zaio hori gustatzen”. Adituak horregatik ikusten du beharrezko gorputzak erdigunean jartzea, eta sistemari arrakalak sortuz joatea. “Gorputza gara, eta oso garrantzitsua da hori gogoratzea. Gorputz hauskorrak gara, gainera, periferikoak, eta hor dago gure erresistentzia egiteko modua”.
Hilekoa, arterako bidea
Hilekoaren kultura berri bat sortzea “presazkoa eta premiazkoa” dela azaldu du Iruretagoienak, eta, horretarako, ezagutzak eta esperientziak kolektibizatzea dela bidea. Hile-topaketa izan daiteke horretarako gunea, sormena lantzeko eta arte aktibismoan hasteko. “Niri ez zait gustatzen higieneaz hitz egitea, zikintasunarekin lotzen dugulako hilekoa. Hilekoa jasotzeko moduez hitz egitea gustatzen zait gehiago, eta odolak dituen aukerez hitz egitea. Mundu oso bat dago esperimentatzeko”. Topaketaren arduradunak, esaterako, hilekoarekin egindako artelanen bilduma jarri du webgunean, adibide gisa.
“Denok gaude zaurituak, eta norberak baditu bere traumak. Min horiek partekatzeko gunea dira topaketa hauek”, adierazi du Iruretagoienak. Babes toki bat izan nahi du Hile-topaketak, epairik gabeko gunea. “Nire ametsa izango litzateke herri guztietan emakumezkoen edo gorputz hauskorren talde bat egotea, non gorputzei eta gorputzek bizi duten prozesuei buruz hitz egin ahal izango litzatekeen”.
Irunen, dagoeneko, eratuta daukate talde bat. Bien bitartean, Tolosan egingo dutenaren antzeko topaketak izan daitezke abiapuntu. Edo kontu horiez hitz egiteko lagun bat izatea, “konplize” bat, Iruretagoienaren esanetan: “Altxor bat da zeure esperientziak parteka ditzakezun lagun bat izatea”. Norberak norbere gorputza ezagututa eta jakintza elkarren artean partekatuta, has daiteke mundu berria eraikitzen, “ziklikoa eta emakumeen neurrikoagoa”.
Leave a Reply