Aitziber Arzallus
Bihar hasiko dute hondartza denboraldia Donostian. Horrek esan nahi du hiriburuko lau hondartzak —Kontxakoa, Ondarretakoa, Zurriolakoa eta Santa Klara uhartekoa— honezkero prest izan beharko lituzketela eguzki gosez dauden donostiarrak eta bisitariak hartzeko. Eta prest izan beharko lituzketela hondartzetako zerbitzuak ere, nahiz eta hilaren 15era bitartean murriztuta jardun haietako batzuek. Badirudi azkenean hala izango dela, eta bihartik uda guztietan duten itxura bera izango dutela Donostiako hondartzek. Baina gauzak ez dira egon batere argi, bihartik sorosle lanetan ariko direnek asteartean oraindik ez baitzekiten lanposturik izango zutenik ere.
“Badirudi aurrera doala. Kategoria bakoitzeko kontratuak begiratzeke ditugu oraindik, baina, esan digutenez, akordioa errespetatuko dute. Ekaineko egutegia prestatzen ari gara orain”. Hala zioen Jon Ibargurenek herenegun igorritako mezu batean. Zurriola hondartzako beteranoetako bat da irundarra; han sorosle gisa lan egingo duen bosgarren uda izango da aurtengoa. “Iazkoa eta gero, uda lasaia espero genuen, baina begira nola egon garen, erabateko ziurgabetasunean”. Dena dela, zalantzak uxatuta, ez dute espero beste ustekaberik.
Baina zerk eragin du halako ziurgabetasuna? “Donostiako Udalaren jokabideak. Hura da egoeraren erantzulea, ez baitu errespetatu iaz sinatutako ituna”, azaldu du Maddi Aspiazu ELA sindikatuko ordezkariak. Sorosleek, Gurutze Gorriak eta udalek iaz sinatu zuten itunak Gipuzkoako hondartzetako sorosleen lan baldintzak nabarmen hobetzea jasotzen du. Hauek dira hobekuntzak, besteak beste: lan egindako igande eta jaiegunengatik %15 gehiago ordaintzea; lehen urteko sorosleei hileroko soldata berrehun euro igotzea, eta bigarren urtetik aurrerakoei, laurehun euro; laugarren urtetik aurrerakoei antzinatasun gehigarria aitortzea eta hileroko soldata 118 euro igotzea; subrogazioa; eta aldizkako kontratu finkoa izateko eskubidea.
Gurutze Gorria, jokoz kanpo
Hondartzetako sorospen zerbitzuak esleitzeko lehiaketa publikora deitzeko garaian, hobekuntza horiek guztiak kontuan izateko eta hobekuntzak gauzatzeko beharrezko baliabideak eskaintzeko konpromisoa hartu zuten udalek. Baina, ELAren hitzetan, Donostiako Udalak ez du bete emandako hitza, lehiaketako baldintzetan ez baitu aipatu subrogaziorik. Sorosleen eta Gurutze Gorriaren haserrea eragin du horrek. Aspiazuk uste du subrogazioa betebehartzat ez jartzeko arrazoia dirua aurrezteko nahia izan dela. “Subrogaziorik ez badago, enpresek ez daude behartuta aurreko urteetan aritutako langileak hartzera, eta ez dago langile berriei antzinatasuna aitortu beharrik. Horrek diru asko aurrezteko bidea emango lioke udalari”.
Ibargurenek, berriz, “ulertezintzat” jo du udalaren jarrera. “Beste urteetan beti aipatu izan du subrogazioaren kontua, eta aurten ez”. Gainera, gehitu du Donostiako Udalak berak eraman zuela gaia iazko negoziazio mahaira. “Beste hobekuntza batzuk eskatzen genituen guk, igerilekuetako sorosleek dituztenen antzekoak, baina neurri horiekin etorri zitzaigun udala, eta onartu egin genituen guk”.
Gurutze Gorria ere ezustean harrapatu zuen udalaren jokaldiak. “Nahiz eta iazko itunean dena ondo jasota gelditu zen, udalak ez zuen aipatu ere egin subrogaziorik, eta, gainera, apirileko deialdian eskaintzen zuen diru kopurua ez zitzaigun nahikoa iruditu hitzartutako hobekuntza guztiak egiteko”, azaldu du Itziar Estebanez Gipuzkoako Gurutze Gorriaren komunikazio arduradunak. Hala ere, erakundea aurkeztu egin zen lehiaketara, zerbitzua emateko diru gehiago beharko zuela zehaztuz. Baina, beste arrazoi batzuk tarteko, udalak baliorik gabe utzi zuen Gurutze Gorriaren proposamena. Ondorioz, presazko bigarren deialdi bat egin zuen, baina baldintzak publiko egin gabe, eta hainbat enpresari zuzeneko gonbidapena igorrita.
BPXport bakarrik aurkeztu zen bigarren deialdira, eta udalak hari eman zion Donostiako lau hondartzetako sorospen zerbitzua kudeatzeko ardura, aurtengo udako denboraldirako soilik, eta 617.000 euroren truke, BEZa kontuan hartu gabe. Gurutze Gorria ez zen bigarren deialdira aurkeztu ere egin, “Udalaren proposamena ez zitzaigulako bideragarria iruditu, eta ez geundelako prest iazkoa bezalako beste uda bat pasatzeko”.
BPXportek, baina, kontuak egin ditu, eta zenbakiak ondo atera zaizkio. “Bagenuen iazkoaren berri, eta guri ez zaigu komeni langileekin liskarrik izatea. Horregatik, eta nahiz eta ez gauden behartuta subrogazioa aplikatzera, konpromisoa hartzen dugu iaz adostutako hobekuntzak errespetatzeko”. Ion Ander Mundin BPXporteko hondartzetako arduradunaren hitzak dira.
Zalantzak izan dituzte langileek, ez zetorrelako erabat bat espresak hitzez esandakoa eta idatzitakoa. Baina, azkenean, badirudi BPXportek iaz hitzartutako guztia beteko duela. Horrenbestez, bihartik Donostiako hondartzetan izango dira BPXport enpresako sorosleak; 50 inguru guztira.
Leave a Reply