Eneritz Maiz Etxarri
Abaltzisketarra da jaiotzez Antton Iztueta Anbune (1954), baina urteak daramatza Altzon bizitzen. Irakasle ikasketak egin zituen, eta, urte gehienak irakasle lanetan egin baditu ere, bideogintzak bete-betean harrapatu zuen tartean. Erretiroa hartu zuenetik, bideokamera alboan duela dabil batera eta bestera.
Nola oroitzen duzu umetako herria, Abaltzisketa?
Gaur egun ere badaude, baina garai hartan baserriz beteta zegoen dena; hura zen gure eskola. Orain urbanidade gehiago dago. Igandeetan mezara joan behar izaten zen orduan. 6 urterekin hasi nintzen eskolan, eta 11 urte bete arte-edo joan nintzen. Maisu erdaldunak izan genituen, eta euskaraz bakarrik genekien guk; gaztelaniaz ez genuen asko ikasi. Herriko apaizaren bidez, eta doktrinan-edo nabarmentzen nintzelako, ikastea merezi nuela pentsatuko zuen berak, eta horrela irten nintzen herritik. Batxilergoa egin ahal izateko joan nintzen, 11 urterekin, baina sarrerako proba gainditu behar nuen lehenengo, eta ez nuen gainditu, gaztelaniaz ez nekielako. Astigarragan pasatu nuen urtebete, gaztelania ikasten.
Eta ikasi zenuen?
Gogoan dut, igande batzuetan, etxera bidaltzeko eskutitz bat idatzi behar izaten genuela. Hiru hilabetean behin-edo joaten ginen etxera. Nik ez nekien gaztelaniaz, eta gaztelaniaz idatzi behar izaten zen. Negarrez egoten nintzen, eta lagun batek laguntzen zidan idazten. Handik Saturraranera joan nintzen gero.
Nolakoa zen umetako Antton Iztueta hura?
Zintzoa. Baietz uste dut. Oso meharra nintzen fisikoki, eta oso ondo egiten nuen korrika. Esaterako, aldapa handi bat dago gure baserrira joateko, eta gogoan dut, umetako jolasetan, apustuak egiten genituela nor iritsi lehenago. Korrika ibiltzen ginen beti. Eliza kontuan, berriz, monagillo ibili ginen mutiko asko. Behin behintzat, gogoan dut, apaizarekin Donostiara joan ginela zinemara, trenean. Hura ikaragarria izan zen guretzat. Autorik ez zegoen, taxi bat baino ez. Beste batean, itsasoa ikusi nuenean, izugarrizko aurkikuntza izan zen niretzat.
Ikasketetara bideratu zinen.
Ez dakit oso kontziente nintzen. Adin horretan oso garrantzitsua da lagunartea, eta bi urte pasatu genituen Saturraranen; azterketa bat ere egin behar izan genuen Ondarroako institutuan. Hori gainditu, eta gaztelaniaz ere ikasi genuen, eta nik uste dut orduantxe hasi nintzela euskaltzaletzen. Donostiako seminarioan jarraitu nuen, eta beste hiru urte-edo egin nituen han; irten egin nintzen gero. Baina han bazen liburutegi handi bat, eta hainbeste libururen artean bazeuden gauza batzuk euskaraz; esaterako, Zeruko Argia. Uste dut hantxe bertan egin nintzela harpidedun, eta oraindik ere jarraitzen dut. Toki horiek eragin zuzena izan zuten ni euskaltzaletzeko.
Irakasle izateko ikasketak ere egin zenituen, ezta?
Bai. Tolosako tailer batean hasi nintzen lanean lehenengo, diru pixka bat egiteko. Ez neukan oso argi zer egin nahi nuen, eta ez dut uste gogo handirik neukanik ere. Tartean, soldaduska egitea ere tokatu zitzaidan. Ibarran eta Tolosan hasi nintzen eskolak ematen, eskola nazional publikoetan. Lanpostu bat aukeratu nuen gero, eta Altzora etorri nintzen. Lau urte pasatu nituen hemen, eta bertan geratu nintzen bizitzen.
Nola hartu zintuen Altzok?
Gazteak ginen orduan, eta berehala egin nituen gaur egun ditudan lagunak. Gurasoekin ere harreman polita egin nuela uste dut.
Nolako irakaslea izan zinen?
Ez dakit, ikasleek esan beharko dute hori. Saiatu nintzen euskalduntasuna transmititzen. Orduan hasi ziren bertso eskolak, eta bertsoak eskolan lantzen hasi nintzen; baita kantua ere. Eskola txikia zen, eta lehen hezkuntzako dozena bat ume izango ziren.
Gustuko duzu Altzo?
Bai, noski. Leku onean dago, eta jende ona bizi da hemen.
Zinegotzi izateko ardura hartzea egokitzen zaie herri txiki askotako herritarrei. Zuri ere bai.
Bai. Bildu egiten ginen, hitz egin, eztabaidatu… eta, halako batean, tokatu egiten zaizu hor egotea. Hasieran inork ez du nahi izaten, eta, gaur egunera ekarrita, konpromiso gisa oso jende gutxik aritu nahi du udalean. 1991tik 1995era aritu nintzen ni.
Nolako esperientzia izan zen?
Lan asko egin behar izan genuen, ordu asko sartu genituen. Herri Batasuna moduan aurkeztu ginen garai hartan. Beti egon izan da, eta orduan ere bazen, HBren kontrako giroa. Horri pazientziarekin egin behar izan genion aurre. Urte gogorrak izan ziren, eta herrian bertan ere bizi izan genuen gertakizun gogor bat: baserri bat erre zuten. Noski, herritarra zen jabea, eta, nahiz eta ideologikoki beste pentsaera batekoa izan, oso garai zaila izan zen.
Uema sortu zenuten gero, eta lehen lehendakaria izatea ere tokatu zitzaizun.
Bai. Proposatu egin zidaten, eta ezin izan nuen ezetz esan. Oso esperientzia ona izan zen hura ere, baina gogorra. Politikoki, HB bakartu egin nahi izaten zen beti. Beste erakunderen batera, hau da, Eusko Jaurlaritzara-edo Uemarekin gure asmoak azaltzera joanez gero, begirada hutsekin antzematen zen erantzuna. Hori tokatu zitzaigun guri. Ez dakit zenbat herrirekin hasi ginen, oso gutxirekin; hamasei bat herri ginen.
Zergatik edo zertarako sortu zenuten Uema?
Hasieran, batik bat, udaletan euskara normalizatzea zen helburu nagusia. Gaztelaniaz funtzionatzen zen ordura arte, eta pausoak ematen hasi nahi genuen, poliki-poliki hori guztia normalizatzeko eta euskaraz aritzeko. Zailtasun batzuk izan genituen, langileekin batez ere; batzuek ez zuten profila betetzen. Hala ere, aurrera egin du poliki-poliki; errespetatu eta aitortu egiten da gaur egun, eta lanean ari dira. Pauso handiak eman direla iruditzen zait, nahiz eta, oraindik, badauzkagun erronkak; euskararen erabilera, esaterako. Herri txikietara ere iritsi da arazo hori, eta konturatu gabe edo konturatuta, gaztelania sartu zaigu zirrikituetatik.
Gaur egun, harrotasunez begiratuko diozu Uemari, ezta?
Pentsaera ezberdineko udal gobernuak daude gaur egun, eta bere garaian ez zen posible hori. Gerora, euskararen esparru horretan, behintzat, aurrera egin da gutxienez. Soziolinguistikoki, herri bateko biztanleen %80k izan behar zuten euskaldunak herri hori euskaldun gisa hartzeko. Gerora, %70era jaitsi zen portzentaje hori, eta soziolinguistek eman beharko dute zergatia. Hori dela-eta dago gaur egun Tolosa Ueman. Mapari begiratuta, garrantzitsua dela uste dut arnasgune deitzen diegun herri handiak sartzea, baina, aldi berean, erronka handia da hori, herri handiak direlako.
Baina erdalduntzen ari dira herri txikiak.
Poliki-poliki, bai, eta hor ari gara denok horri nola aurre egin aztertzen. Jartzen dira proiektuak eta programak martxan; Euskaraldia, esaterako. Baina ez da erraza, eta baliabide guztiak beharko dira hori lortzeko. Lanean jarraitu beharko dute euskararen inguruan biltzen diren beste hainbat organismok. Denok egin beharko dugu indarra. Tolosaldean, orain, badugu antolaketa bat: Galtzaundi. Baina Galtzaundik berak bakarrik ezingo du egin dena, eta indar metaketa bat beharko da; denok batera egin beharko dugu horren alde. Lehengo bideak alboratu gabe, konbentzituta jarraitu beharko dugu lanean; konbentzimentutik etorriko dira emaitzak, eta ez derrigortasunetik. Ez dakit derrigortasuna behar den edo ez. Horri buruz hitz egiten da beti: borondatearen esparruan utzi behar dira gauza guztiak edo derrigortu egin behar da pixka bat? Hortxe dago eztabaida.
Haurrak ere hasi dira kalean gaztelaniaz hizketan.
Izugarrizko erakargarritasuna dute gaztelaniak nahiz ingelesak. Olatu handi bat da hori, eta hiztun gutxi gara gu; olatu txikiak dira gureak. Baina ea olatu txiki asko elkartzen garen… Eta ez da kontra egitea, guk gurearen alde egitea baizik.
Azken urteotan, euskarari dagokionez, gehiegi lasaitu al da gizartea?
Baietz uste dut. Teknologia aldetik, hizkuntza mordoa sartu zaigu etxean. Gaztelaniazko programak ikusten ditugu telebistan. Egia da ETBk asko hobetu beharko lukeela; erakargarriagoa izan beharko luke, euskaldunek ikusteko. Baina, era berean, olatua handitzen ari dela ikusten da, eta azken Korrikan ikusi da hori. Zerbait esan nahi du horrek. Horrelakoen alde nago ni, baina egunerokoan… Era berean, mugimendu euskaltzalea sortu da Araba eta Nafarroako hainbat herri ez hain euskaldunetan. Horietan ematen du jendeak konpromiso handiagoa daukala euskaraz bizitzeko. Hemen, berriz, ez dakit zer gertatu zaigun lehen arnasgune ziren toki batzuetan! Egia da jende erdalduna etorri zaigula, baina guk haiek integratu beharrean, gu sartzen gara haien sareetan. Kontzientzia horri eutsi behar zaiola uste dut, kontzientziarik gabe ez dugu-eta egingo gauza handirik. Kontzientzia horri eusten eta kontzientzia sortzen, hor egin behar dugu ahalegina; eta gazteei transmititzen, eskaintza oro euskalduntzen.
Kezka horiei tiraka iritsi zen bideogintzan egin zenuen lana?
Irakasle batzuk liberatuta egoten dira baliabideak hobeto aprobetxatzeko eta beste irakasleen heziketan aritzeko. Sei hilabete-edo egin nituen ikus-entzunezkoen arloan. Zinta sartu erreproduzitzailean, eta grabazioak-eta egiten aritu nintzen, irakasleek gero euren eskoletara eraman zezaten. Horrela hasi nintzen, eta herri txiki askotan kultur etxeen eraikin berriak egiten ari zirela konturatu nintzen. Liburuz, telebistaz… hornitu behar dira horiek guztiak, eta ez zegoen telebistarako euskarazko bideorik. Altzon, udaletxean toki bat izanez gero, nik egin nezakeela sentitu nuen. Hori lantzen hasi nintzen, eta txosten bat egin nuen, aurrekontuarekin. Txosten hori udaletxez udaletxe aurkeztu nuen Tolosaldean. Altzoko Udalak lokal bat utzi zidan ganbaran, lan horiek egiteko. Ez zegoen ezer, lau horma bakarrik. Eskualdeko zinegotziekin bilerak egin nituen, eta ondorio batzuetara iritsi ginen; besteak beste, dirua jarri behar zela. Telebistak eta bideo erreproduzitzaileak erosi genituen, eta zinta pila bat, VHSak. Hamar urte pasatu nituen lan horretan, 1990etik 2000ra. Eskolako lanaz gain, zinegotzi eta Uemako lehendakari izatea ere tokatu zitzaidan, eta denbora librean egiten nituen grabaketak.
Zer motatako bideoak ziren?
Piratak deitzen zaie gaur egun. Nik bideoteka bat egin nahi nuen euskaraz, eta nondik egingo nuen? ETBtik. Ez dago beste biderik. Bertsolaritza, antzerkia, musika, kontzertuak, marrazki bizidunak, filmak eta dokumentalak. Pila bat grabatu nituen, eta katalogoak egiten nituen. Katalogoa ikustean, bila etortzen ziren partaide zirenak, eta eraman egiten zituzten. Ikusi eta bueltan ekartzen zituzten. Eusko Jaurlaritza ere orduan hasi zen bideoak egiten, baina lauzpabost egiten zituzten urtean.
VHStik digitalizaziora pasatu zara.
Informatikaren garapenaren eraginez, gutxituz joan zen eskaera. Atzean geratuz joan zen bideozinten mundua, ia ezkutatu arte. 2014an hartu nuen erretiroa, eta lagunek esaten zidaten: ‘Zerbait egin beharko duk, digitalizatu edo’. Argia zen nire erantzuna: ‘Ez daukat gogorik beste hamar urte horretan pasatzeko’. Baina pentsatzen aritu nintzen gero, eta katalogoari begiratu bat bota nion berriz; musikako atala interesgarria zela ikusi nuen. Digitalizatu egin nituen duela urte askoko kontzertuak. Bostehun bideo neuzkan, agian, baina ez nekien zer egin. Horregatik, neronek Youtubeko kanal bat irekitzea erabaki nuen.
Anbune izena aukeratu zenuen.
Esanguratsuenak igota, ‘eta orain zer?’ galdetu nion neure buruari. Bideokamera erosi, eta grabazioak neuk egitea erabaki nuen. Lotsatia naiz neurez, eta pixkanaka joan naiz lotsa hori galtzen. Hiru urte dira bertso afariak nahiz herri kirolak grabatzen hasi nintzela, eta gustura nabil. Interesgarria iruditzen zaidana grabatzen dut, eta goraka doa harpidedun kopurua. Euskara hutsezkoa da kanala, eta hala jarraituko dut.
Leave a Reply