Beñat Alberdi
Euskal Herriak makina bat aukera eskaintzen du mendian gora egiteko. Hamaika tontor izatetik harago, mendi gain asko prest daude gaua bertan pasatu ahal izateko. Txoko horiek, zentzu handi batean, badauzkate mendizaleen paradisu izateko ezaugarriak. Baina norenak dira bordak? Nork kudeatzen ditu? Nork mantentzen ditu? Aterpetxe bakoitzak badu bere historia. Kasu honetan, ordea, Aizkorrin dago fokua. Bertako borda baldintza txarretan zegoela igarri zuen lagun talde batek; igarri eta konpondu. Horrela sortu zuten Aizkorri Bizirik taldea. Eraberritu egin zuten eraikina eta lanean jarraitzen dute mantentzeko. Kamisetak jarri dituzte salgai kontzientzia zabaltzeko eta finantziazio bide bat lortzeko.
“2016ko abuztuan edo irailean hasiko ginen martxan”, hasi du azalpena Gaizka de Miguelek, Aizkorri Bizirik-eko kideak. Mendira sarri joateko ohitura zeukan lagun talde batengan sortu zen kezka: ia-ia utzita eta baldintza txarretan zegoen aterpetxea. “Bost zentimetroko kaka eta zabor kapa zegoen lurrean eta lehenengo ohatzean”.
Mendizaleei lo egiteko aukera ematearren eraiki zuten aterpetxea, baina euren egin zuten animaliek. Atea hautsi egin zen denboraren poderioz, eta nahi zutenean sartzeko aukera zeukaten, beraz, animaliek ere. Ondo ikasia zuten hotza edo beroa non saihestu. “Adibide moduan, aterpeko atea itxiz gero, ahuntzek buruarekin kolpatzen zuten atea. Bazekiten lo non egiten zuten normalean”, azaldu du De Miguelek.
Taldearen hastapenak
Dozena bat pertsona elkartu zen eraikinaren egoerarekin kezkatuta. Arropa aldatzeko ere baldintza kaxkarrak zituela nabarmendu du Aizkorri Bizirik-eko kideak. Argi zeukaten zerbait egin behar zutela. Horrela hasi zuten mendian esku hartzeko bidea. Txabola norena zen ikertzea izan zen lehen pausoa. “Partzuergo batena da berez”, argitu du mendizaleak. “Partzuergoak 50 urteko erabilerarako uzten dio beste norbaiti”. Jabea nor zen, ordea, ez zeukan argi ez erakundeak berak, ez Zegamako Udalak. Baimena eskatu zuten, dena den, aterpetxea eraberritzeko. “Begi onez ikusten zutela esan ziguten”.
Obra gauzatzeko diru-laguntza eskatu zieten erakundeei, baina ez zuten jaso babesik. Materiala erosi zuten; hala nola, margoak eta eskuilak. Auzolanerako eguna deitu zuten 2016ko irail bukaeran, eta sare sozialen bidez ere zabaldu zuten deialdia. “Hogei bat lagun elkartu ginen”, zehaztu du De Miguelek. Aizkorriko tontorrean ekin zioten lanari. Egun bat aski izan zuten barruko lohi kapa kentzeko: “Eskuila ere pasatu genuen, desinfektatu, margotu eta atea konpondu”. Egun batetik bestera eraberritu zuten aterpea.
Hala ere, eraikinaren beharrak ez ziren bukatu egun horretan. Astebetera itzuli ziren, beste margo kapa bat emateko. Baina ahalegin hori ere ez zen izan nahikoa. “Atea ahal izan genuen moduan konpondu genuen, baina markotik kanpo zegoen”, azaldu du taldeko kideak.
Mendizaleak argi utzi du boluntario talde bat dela eurena; finean, ez direla horretatik bizi. Urtebete atzeratu zuten lana eta 2017an ekin zioten atearen kalapita konpontzeari. “Kalera jaitsi genuen atea eta marko berria jarri genion”. Porlana ere igo zuten sarrera berria egiteko. “Maratoi garaia zen eta helikopteroa zeukatela probestu genuen porlana igotzeko”. Hori bai, eskuz igo zuten atea, 180 kilokoa.
Arazo bat atzean utzi eta jarraian ekin zioten hurrengoari: aterpetxe barruko tximinia konpontzeari ekin zioten 2018an. “Haize pixka batekin kea barrura sartzen zela igarri genuen”. Porlana igo zuten, berriz ere, Aizkorrira, eta baita adreiluak eta beharrezko materiala ere. Egitura berri bat egin zioten tximiniari eta muturra luzatu zioten teilatuko zatirik altuena izan zedin.
Hasiera batean, euren poltsikotik ordaindu zituzten gastuak. 2016tik egin dituzten obra guztiak kontuan hartuta, 30.000 euro inguru behar izan dituztela argitu du De Miguelek. Zegamako Udalak eman die laguntzaren zati handi bat, eta kamisetena da finantziaziorako beste bideetako bat. “Ternuarekin hitz egin genuen eta prest agertu ziren laguntzeko”. Hamabost eurotan lortzen dituzte eta hogei eurotan saltzen dituzte. “Kontzientzia zabaldu nahi dugu borda bera eta haren ingurua garbi manten daitezen; guk ez dugu dirurik irabazi nahi”. Ondorengo helbidean egin daiteke kamiseten eskaera: aizkorribizirik@hotmail.com.
Aldaketak egin zituztenetik aterpearen erabilera nabarmen igo dela azaldu du taldeko kideak. “Gau askotan batzuek ermitan lo egin behar izan dute aterpea beteta zegoelako”. Erabileratik harago, orain txukun mantentzen ari direla nabarmendu du De Miguelek. “Zikin zegoenean, edonork erraz botatzen zuen zaborren bat lurrera”. Baina mendian hondakinen inguruko kontzientzia sortu dela azaldu du. “Zegama-Aizkorrin ez genuen zaborrik jaso behar izan. Izugarria da”.
Leave a Reply