Ane Ubegun Goikoetxea
Egoerak gaindituta bizi gara, eta ez dakigu zer egin. Gure indarrak agortzen ari dira”. Arrasateko guraso talde batek idatzitako hitzak dira, etsipenak jota. Euren seme-alabak Arrasateko bizilagunen esamesen epizentro izan dira azken asteotan: aurtengo otsailetik ekainera, nabarmen egin dute gora delituek eta lapurretek herrian, eta Arrasateko Udaltzaingoak 18 eta 31 urte bitarteko hainbat gazte identifikatu ditu delitugile gisa. Tabernetan, saltokietan nahiz etxabeetan egin dituzte lapurretak, baita labanarekin egindako erasoak ere. Udalak adierazi du “bereziki larria” dela herrian bizi duten egoera, eta fiskaltzari eskatu dio “neurriak har ditzala”. Fiskalak eginbidea hasi du dagoeneko, eta espediente bat ireki du.
Arrasateko bizilagunei ez zaie ahaztuko atea kisketaz ixtea akaso, baina delitugile gisa identifikatu dituzten gazteen gurasoek ere ez dute lo lasai egingo, segur aski. Joan den astean argitaratu zuten ohar horretan azaldu zuten urteak daramatzatela “arazo larri bat kudeatzen”, eta “ezinezkoa” egiten zaiela arazo horri irtenbide bat aurkitzea. Izan ere, adierazi dute euren seme-alabak “ez daudela ondo”: “Erabat emozionala den mundu batean mugitzen dira, eta argitasunez pentsatzea eragozten dieten blokeoak dituzte. Horien ondorioz, bulkaden bidez mugitzen dira, eta horrek asko zailtzen du gurasook kontrola izatea”.
Arrasateko gazteon gurasoek esan dute ez dakitela norengana jo laguntza eske, eta, haien iritziz, irtenbidea ez da gazteak barrote artean giltzapetzea: “Delituak egiten dituzte, baina ez dira delitugileak”.
Guraso horien oharrean “lagundu mesedez” irakurtzeak barrena irauli zion Jon Urrestarazuri —ez da benetako izena—, eta segituan sentitu zuen haiei laguntza eskaintzeko beharra. Ez gai horri buruzko ikasketak egin dituelako edota gai horretan aditua delako, baizik eta bera ere “babesgabe” sentitu delako semearekin bizi izan duen “amesgaiztoan”. “14 urterekin hasi zen Imanol arazoak izaten [ez da benetako izena]. Mutil arrunta zen aurretik. Ikastolara joaten zen, musika tresna bat ere jotzen zuen… baina marihuana erretzen hasi, eta bere egoerak okerrera egin zuen”. Imanolen jokabidea zeharo eraldatu zela esan du Urrestarazuk, eta arratsalde batean etxean bizi izandakoak semearen norabidea guztiz aldatu zuela: “Behin oso gaizki etorri zen etxera, pasa-pasa eginda, eta jo egin ninduen. Nik, orduan, Ertzaintzari deitu nion, eta aldundiaren esku gelditu zen Imanolen zaintza”.
Uba adingabeentzako zentroan sartu zuten semea. Hasieran, hiru hilabete igaro behar zituen han, baina, gurasoen eta semearen “ezusterako”, egonaldia luzatu egin zioten zentroko arduradunek: “Guk pentsatzen genuen hiru hilabete barruan egin eta etxera itzuliko zela. Adin horretan denbora hori asko da, oso gogorra da. Imanolek ere etxera bueltatzeko ilusioa zuen, eta oso ongi portatu zen hasieratik”, azaldu du aitak. Haatik, “oso erabaki krudela” hartu zutela adierazi du Urrestarazuk: adingabeentzako oinarrizko egoitza batera eraman zuten Imanol, eta orduan hasi zen amesgaiztoa. Aldundiak ez du iritzirik eman gaiaren inguruan.
Doluz hitz egiten du Urrestarazuk bolada horretaz oroitzean: “Pentsatzen genuen semea galdu egingo genuela”. Izan ere, Imanolengan “izugarri” eragin zuen azken erabaki horrek, eta “gaizki” jokatzen hasi zen: “Etxera etorri nahi zuen. Ez ziotela utzi ikusi zuenean, erabat aldatu zuen jokabidea. Gu hura animatzen saiatzen ginen beti; lasai egoteko esaten genion, eta laster itzuliko zela etxera. Baina ez zuen jaten, eta kalean egoten zen erabat”. Anabasa bilakatu zen dena familian: “Ez genekien non egoten zen ere. Gauean zentrora deitzen genuenean, haren berririk ez zutela esaten ziguten. Asteburuak kalean igarotzen zituen… Batek daki non jan eta non lo egiten zuen”.
Gurasoek ezin zuten ia harremanik izan Imanolekin. Astean, ordu eta erdiz ikusten zuten, eta bisita horiek “oso gogorrak” zirela azaldu du Urrestarazuk: “Bisitan joaten ginenean, hezitzaile bat egoten zen gurekin, dena zelatatzen zuen. Hori surrealista zen. Momentu horretan esaten eta egiten genuen guztia idazten zuen. Ezin genuen sinistu… laguntza eske joan ginen, eta hori zen gure semearekin egoteko genuen aukera bakarra”.
“Begi bistakoa” zen, baina, onera beharrean Imanolek okerrera egiten zuela zentro horretan. Horregatik, gurasoek lortu zuten beste hezitzaile batzuek semeari buruzko txosten bat egitea, eta azken horien balorazioa ona izan zelako atera zen lehenago Imanol egoitza hartatik. Gaur egun, aldundiak du Imanolen tutoretza, baina gurasoena da zaintza: “Lo etxean egiten du orain, eta Donostiara joan behar izaten du tarteka, Loiolako Erriberan dagoen eguneko zentro batera”.
Halaber, Urrestarazuk azaldu du “oso gogorra” izan dela prozesu guztia, eta atzera begiratzen duenean, “damua” sentitzen duela: “Oso damututa nago egun hartan ertzainei deitu izanaz. Ondoren zetorkiguna hain gogorra zela jakin izan banu, ez nukeen deituko. Laguntza nahi genuen, eta gure kontra egin dutela uste dut”.
Gurasoei laguntzeko lekuak
Urtarrilean inauguratu zuten Loiolako Erriberan dagoen eguneko zentro hori, iazko apiriletik martxan dagoen arren. Adingabekoentzat diren zentroetan izandako gazteak tratatzen dituzte han, aldundiaren tutoretzapekoak direnak, eta helburua da euren gurasoekin itzuli ahal izatea. Gainera, gurasoei ere eskaintzen diete laguntza terapeutek. Urrestarazu oso eskertua dago horrekin: “Nola jokatu behar dugun azaltzen digute. Integratzailea da, oso ona. Ni pozik irteten naiz handik, indarberrituta”.
Horrelako metodoak erabiltzen dituzten zentroak “izugarri onuragarriak” dira Urrestarazuren ustez. Izan ere, aitor du ez duela semearen arazoa “hasieratik gestionatzen jakin”, eta horretan “kale” egin duela.
Besteak beste, gurasoen eta seme-alaben arteko harreman gatazkatsuak bideratzen saiatzen den elkarteetako bat da Norbera. Urrestarazuk eta haren emazteak hango adituen laguntza jaso ahal izan zuten, Imanol zentro hartan sartu baino lehen. “Familia egoten da batzuetan gazteen arazoen oinarrian, eta beti da beharrezkoa arazoa konpontzeko”, azaldu du Alberto Ruiz de Alegria Norberako zuzendariak. Izan ere, Ruiz de Alegriak adierazi du bizitza ez dela gaztaroan hasten, eta haur baten izaera jaiotzen denetik beretik zehazten hasten den arren ingurukoekin harremana izaten duen heinean eraikitzen dela: “Familiaren historia nolakoa izan den aztertzen dugu, eta familia zer egoeratan dagoen zentrora iristen denean”. Horrez gain, gazte bakoitzaren ezaugarri pertsonalak aztertzea ere “berebizikoa” da, zuzendariaren ustez: “Sozialki nola dagoen ikusi behar da, lagunekin zer harreman duen, akademikoki… eta diseinatzen dugu gazte bakoitzarekin egin beharreko lana alderdi horiek kontuan hartuta”.
Marihuanaren eragina
Imanolen kasuaren antzera, marihuana kontsumitzen duten gazte asko joaten dira Norberara. Ruiz de Alegriak adierazi du marihuanaren kontsumoa “normalizatzen” ari dela gizartean, kontsumo handia aspalditik dagoen arazoa izan arren: “Zenbait gazteri marihuanak besteei baino gehiago eragiten die garunean; THCa, tetrahidrokanabidola, kalamuak duen osagai psikoaktiboa da, eta zenbaitek intolerantzia izan diezaiokete. Gainera, egia da batzuek arazo psikikoak gara ditzaketela substantzia horren ondorioz”. Halaber, Norberako zuzendariak esan du beste gazte askori osagai horrek ez diela hainbesteko kalterik egiten, baina asko kontsumitzen dutenek “sindrome amotibazionala” gara dezaketela: “Kontsumotik at geratzen den guztiarekiko interesa galtzen dute; hau da, kirolarekiko, harremanekiko eta abarrekiko interesa”.
80 gazterentzat dute lekua Norberan, eta luzea da itxarote zerrenda. Dena den, gazte batek elkartean tokia lortu baino lehen, haren gurasoekin elkartzen dira adituak, datuak biltzeko eta argibideak emateko. Horrelako laguntzak eskaintzen dituen zentroen beharra nabarmendu du Urrestarazuk, uste baitu hori dela arazoak konpontzeko bidea.
“Minduta” dago semeari jazo zaion guztiagatik. Ez dio inori errua egotzi nahi; gauza bakarra nahi du: aldundiak entzutea. “Behin baino gehiagotan jo dut aldundira, bihotzez hitz egiteko, baina ez didate erantzun. Beste familiei laguntza eskaintzeko hitz egin nahi dut”.
Leave a Reply