Leire Narbaiza
Pasa den astean BERRIAn Maialen Unanueren erreportaje bat irakurri nuen, Natura, sendagai izenekoa. Bertan azaltzen zuen kazetariak Eskozian medikuak natura errezetatzen hasita zeudela. Konturatuz gero gaixoa ez dagoela oso animatuta, edo depresio arina duela, egunero denbora bat naturan pasatzeko aholkatzen duen liburuxka bat ematen diotela. Liburuxka horretan azaltzen da zer egin lezakeen gaixoak kanpoko paraje horretan hobetzeko.
Harrigarria eta naturala iruditu zitzaidan era berean. Harrigarria, gure osasun sisteman dena konpontzen delako edo pastillak emanda, edo jana zaindu behar dela esanda. Lasai ibiltzeko ere iradokitzen digute, baina, muntatu dugun gurpil zoro honetan, hutsaren hurrengo eragina du halakorik aholkatzeak. Halere, naturala zait natura aholkatzea, natura ere bagarelako.
Artikuluak, dena den, buruari eragiteko ere balio du. Batez ere, hausnartzeko guk euskaldunok —orokortuta eta gizarte moduan— zelako hartu-emana daukagun izadiarekin, eta ea martxan jarri ahal izango litzatekeen halakorik hemen.
Baserritarra ala kaletarra. Dikotomia horrekin definitzen zuten euren burua, ez orain dela asko, Euskal Herriko biztanle gehienek. Bata, herrian bizi zena; bestea, mendian. Herrikoa kalekume ezjakina natura kontuetan, mendikoa cashero eta aldeanoa. Mundu bi elkarren osagarri behar luketenak bizitzeko ezinbestekoak direlako, elkarren kontra jarrita, etsaituta. Kalekumeak naturari ez ikusiarena egin, eta menditarra naturari etekina atera beharrak izadiaz ganoraz gozatu ezinean. Biak ala biak, modu batera edo bestera ingurumenari uko eginda.
Asko haserretu egingo zaizkit aurrekoarekin. Erantzungo didate kaletarrek gurean lotura estua dutela naturarekin, batez ere mendiarekin. Ez da gezurra. Euskal Herrian mendizaletasunak itzal handia du, eta praktikante asko. Baina esango nuke kirol arloan sailka genezakeela mendiarekiko harreman hori. Gehiago dela izerditzea eta sufritzea, tontorrak eta markak egitea, naturaz gozatzea baino. Eta artikuluak argi azaltzen du naturan egonean egotea dela haizeaz gozatzea, txoriei jaten ematea, bertako soinuak entzutea… Kontenplazioan egotea, alegia. Zeharo erlaxatu gorputza eta burua hutsik lagatzea.
Hala ere, zorionez, euskal herritar guztiok ez gara berdinak. Nire ezagun batek harro aldarrikatzen zuen “mendira, asfaltatzen dutenean”, kalezuloan gustura zebilelako. Jende espezie horrek ez du kontaktu handirik izadiarekin, eta ez dakit zelan hartuko luketen halako errezeta bat. Horiendako, besteak beste, berdegune kontzeptua garatu dute Eskoziakoek, natura errezetatzeak ez duelako esan nahi egunero mendira joatea, baizik eta lursail ireki eta landaredi naturala duenera joatea edo berdegune urbanoetan egotea ere izan litekeela. Beraz, herrietako jardin eta parkeek ere balio lezakete.
Horrekin batera, parke kontzeptua zabaldu beharko genuke; izan ere, ia guztion buruan parkeaz hitz egitean txintxaunak datozkigu burura. Baina berdeguneak berdea behar du, zuhaitzak eta landareak, ezin da asfalto hutsa izan. Horrela, gure herriak bizigarriagoak egingo genituzke, arnasguneak lirateke-eta.
Eskoziarrei natura errezetatzen dieten bitartean, gurean txikitu egiten da natura. Porlangintzak ez du deskantsurik, berdin zaielako gure osasuna. Eta Gipuzkoan badakigu zerbait horretaz, ezta? Bestela, galdetu Zubietan.
Leave a Reply