Ane Ubegun Goikoetxea
Bereziki “kezkagarriak” dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Ehiza Federazioaren arteko desadostasunak, Xabier Iraola (Legorreta, 1966) Enba Euskadiko Nekazarien Batasuna elkarteko koordinatzailearen ustez. Orain dela lau hilabete ekin zion Ehiza Federazioak greba mugagabeari, eta, orduz geroztik, nabariak izan dira basurdeek eta orkatzek soro eta larreetan egindako kalteak.
Zein da ika-mikaren arrazoia?
Gipuzkoako Foru Aldundiak du ehiza kudeatzeko eskumena, eta, azken urteotan, Ehiza Federazioaren esku utzi du kudeaketa hori. Hasieran, gu ikusle gisa joaten ginen bileretara,eta baserritarren kexak biltzeko eskatu ziguten. Prest geunden bitartekari lanak egiteko. Lehen, federazioa arduratzen zen peritu lanak egiteaz, baina ehiztari batzuentzat fardel handia zen lan hori, ehizaz gain lana ere egiten baitzuten. Azkenean, enpresa azpikontratatu batek hartu zuen ardura hori.
Eta zer gertatu da orain?
Talka egin dute bi aldeek, baina ez prozedura hori gaizki edo ondo zihoalako. Batetik, ehizaren arazo jakin batzuengatik —Uliako auziagatik, batez ere—; eta, bestetik, orokorrean ehiztariek sentitzen dituzten erasoengatik.
Zein dira eraso horiek?
Iruditzen zaie gizarteak ez duela ehiza ulertzen, ez duela uste beharrezkoa denik, eta inork ez dituela babesten. Udaletxe askotan ehiztarien kontrako jarrerak hartzen ari direla ikusi dute. Uste dute erabakiak hartzen diren guneetan ekologistei lekua bermatu zaiela, eta haiek, aldiz, kanpo geratu direla. Kontu horien gainetik daude animalistak, ekologistak… orokorrean, ehizaren aurka daudenak.
Horren harira, alarma guztiak piztu ditu Gaztela eta Leongo ehiza debekualdiaren aginduak. Ekologistak Martxan elkarteak errekurtsoa jarri zuen, ehiza ez zegoelako zehaztuta; hau da, zer espezie ehizatu daitezkeen, zer kopurutan… Ez zutenez antolaketa hori egin, epaiketara joan ziren, eta tribunalak ehiza debekatu egin du.
Ekologistak Martxan-ek esan du hemen ere aurkeztuko dituela errekurtsoak. Babesgabetasun hori leherrarazteko hasi zuten greba ehiztariek.
Zein da zuen eginkizuna?
Ehiza larriak basurdea eta orkatza hartzen ditu hemen. Usoak ez badituzte ehizatzen, ez dago arazo handirik ehiztariak ez garenontzat, baina, ehiza larria egiten ez badute, ehunka baserritarri egiten diete kalte. Ehiztariek erabili egin nahi gaituzte, aldundia zirikatzeko eta mugiarazteko. Uztailean aterako da Gipuzkoako ehizaren debekualdiaren agindua, eta irailean jarriko da indarrean.
Nola eragiten die baserritarrei?
Geldirik dago prozedura administratiboa. Baserritarrek triskantzen parteak helarazten dituzte, baina inor ez da arduratzen horretaz, ehiztarien grebaren ondorioz. Baserritar batek bere eremuan ehizatu dezake, beharrezko baimenak baldin baditu; baina, bestela, federazioak dio Gipuzkoakoa izan behar duela kasu horiei erantzun behar dien ehiztariak. Ezin du edozeinek egin.
Nola kaltetzen dituzte soroak basurdeek eta orkatzek?
Belazeetan, basurdeek pikardiak egiten dituzte; lurra altxatzen dute. Artasoroetan, nekazariek landaketak egiten dituztenean, artoaren alea sartzen dute lur azpian. Landaretxoa ateratzen denean, basurdeak usaindu egiten du, eta hara joaten da. Mokoarekin lurra altxatzen du, eta azpiko alea jan egiten du. Ez du landarea jaten, hazia baizik. Eta, ondorioz, hil egiten da landarea.
Zer babes dute baserritarrek kasu horietan?
Baserritarrek ez dute inongo babesik. Parte bat egiten da, baina, orain, perituek ez dutenez lanik egiten, baserritarrak ez du ezer ere jasotzen. Inork ez dio ematen konpentsaziorik. Bestalde, gaitz askoren bektore dira basurdeak; tuberkulosia, adibidez.
Baduzue datu kuantitatiborik?
Ez, askok ez dutelako parterik ematen orain. Baina gero eta gehiago direla ondorioztatu dugu azken urteotan ehizatu duten basurde eta orkatz kopurua kontuan izanda.
Zer aurreikusten duzue?
Ikusi behar da ehiza debekualdiaren agindua argitaratzean ekologistek eta epaileak nola jokatuko duten. Ez dut uste uso garaian oraindik greban egongo direnik; hau da, Eguberrietan. Ez dakigu argi zer nahi duten greba bertan behera uzteko. Ehiza larriaren gaia da jendea aztoratzeko dagoen gairik sentikorrena, eta baserritarrei zuzenean eragiten die. Oso gaizki gaude, irtenbiderik gabeko gurpil zoro batean.
Leave a Reply