Aitziber Arzalus
Udak berekin dakartza festak. Hernanin, Tolosan, Eibarren, Arrasaten eta Pasai Donibanen San Joan jaien biharamuna gainditzerako, sanpelaioak amaitzear dira Zarautzen, sanpedroei ekin diete Lasarte-Orian, Asteasun, Eskoriatzan, Orion, Andoainen, Zumaian eta Igeldon, santixabelei Usurbilen, sanmartzialei Irunen, eta Ferixa Nagusiko jaiei Elgetan. Horien ostean etorriko dira sankristobalak, Karmengo jaiak, madalenak, saninazioak, andramariak, sanbartolomeak eta beste hainbat. Batean ez bada bestean, festarik ez da faltako uda bukatu artean. Eta aurten ere, herritarrez gain, animaliak izango dira herri askotako jaietako protagonistak.
Eta hor sortzen dira betiko galderak: bidezkoa al da festetan animaliak erabiltzea gizakien gozamen hutserako? Ospatu al litezke festak animaliak erabili gabe? “Jende askok oso barneratuta dauka sanjoanetan zezenetara joan behar dela, hori gabe ezin direla ulertu festak; horiek ez dute ikusten hortik aurrerakorik. Baina, poliki-poliki, uste dut ari garela kontzientzia sortzen animaliei ematen diegun erabilerak haiengan sortzen duen sufrimenduaren inguruan; gazteenen artean batez ere”, azaldu du Maitane Uribe arrasatearrak. Duela pare bat urte sortu zuten Debagoieneko Uluak talde antiespezista, eta hango kidea da Uribe.
Animalien erabilera oro gaitzesten duten arren, jaien testuingurua baliatzen dute heziketa lan hori egiteko, “Arrasateko sanjoanak eta Aretxabaletako andramariak, batez ere”, zehaztu du Uribek. Gehiagora iritsi nahiko lukete. “Baina baliabide mugatuak ditugu, eta iristen garenera iristen gara”. Azaldu du informazio eta komunikazio kanpainak egiten dituztela, protestak antolatzen dituztela eta herritarrei alternatibak eskaintzen dizkietela. “Ohartu ginen herritarrek ez dutela gaiaren inguruko informaziorik; adibidez, ez dakitela festetarako aurrekontu publikotik zenbat diru jartzen den animaliak erabiltzen diren jardueretarako, eta hori azaltzen saiatu ginen iaz jarri genuen informazio mahaira etorri ziren herritarrei”. Protestak ere egin zituzten Arrasateko zezen plazaren atarian, eta txaranga batekin kalejira antolatu zuten San Joan eguneko entzierroa egiten duten garai bererako. “Iaz izandako arrakasta ikusita, aurten ere txaranga bat jarri dugu entzierroaren garaian, baina ez dugu jarri informazio mahairik, eta protestarik ere ez dugu egin. Arrakastarik handiena izan zuen ekintza indartzera bideratu dugu gure jarduna, eta are arrakasta handiagoa izan du aurten”. Arrakasta izan zuen txarangak, baina entzierroak ere bai, astelehen goizean jendez lepo baitzegoen Arrasateko zezen plaza.
Haurrentzako ikuskizunak
Hain zuzen ere, zezenak eta haurrentzako ikuskizunak dira herrietako jaietan animaliak erabilita egiten diren jarduerarik arrakastatsuenak. Horretaz badaki zerbait Josu Arregik, Zestoako Lopene ganadutegiaren jabeak. 2010ean sortu zuen ganadutegia, eta sokamuturretarako eta entzierroetarako zezenak hazten ditu, besteak beste. “Haur eta gaztetxoentzako ikuskizunarekin egiten dugu, ordea, lanik gehien; poniekin eta zezen txikiekin, alegia”. Herriz herri ibiliko dira datozen hiru hilabeteetan. Alderik alde zeharkatzen dute Hego Euskal Herri osoa, eta Kantabria, Huesca, Palentzia eta Burgosko zenbait herritara ere joango dira, Espainiara. Ordu eta erdiko ekintza izaten da: poniak ateratzen dituzte hasieran, umeak haien gainean ibil daitezen, eta zezen txikiak ateratzen dituzte gero. Arregiren arabera, doazen lekura doazela “sekulako arrakasta” izaten dute. “Denek esaten digute gurea dela festa guztietako jarduerarik arrakastatsuena”. Eurak haur, gazte eta helduengana iristen direla adierazi du Arregik.
Uluak-eko kideentzat, berriz, “izugarrikeriak” dira haurrentzako ikuskizun horiek. “Haurrei txikitatik irakasten diegu zilegi dela gure dibertimendu hutserako animaliak zapaltzea”. Horregatik, Aretxabaletan eta Debagoieneko beste zenbait herritako jaietan grabatu egiten dituzte ikuskizun horiek, gero animaliei jarduera horietan ematen dieten tratua herritarrei erakusteko.
Tradizioaren zama
Dena dela, badira festetako egitarauan moldaketak egin dituzten herriak eta animalien erabilera murriztu dutenak. Mutriku da horietako bat. Lehen, bizirik zeuden ahateak erabiltzen zituzten Kalbarioko jaietan; orain, gomazkoak erabiltzen dituzte haien ordez. Adunan, Zestoako Aizarna auzoan eta beste zenbait lekutan, berriz, moldatu egin dute hain ohikoa zuten oilasko biltzea, eta dagoeneko ez dute egiten lepo mozterik herriko plazan.
Baina oso zaila da tradizioak aldatzea, eta hori ondotxo dakite Donostialdeko Askekintza talde antiespezistako kideek. Festak ospatu, animaliak askatu kanpainan, bost urte daramatzate Donostia aldeko herri eta auzoetako jaietako egitarauak moldatzeko ahaleginean. Fruituak eman ditu haien lanak, baina ez nahi adinakoak, Ion Cerezo kidearen arabera. Errenterian hasi ziren aurrena, txosna eta jai batzordeetan sartuta. Idi dema, arrantza txapelketa eta uso-tiroketa txapelketa festetako egitarautik kentzea lortu zuten lehen urtean. “Sokamuturrak bakarrik iraun zuen, baina hura ere kentzen hasi ziren pixkanaka”. Helburuak lortuta, aurten ez dute parte hartu Errenteriako festen antolaketan; bai, ordea, Hernanikoetan. Estrategia bera darabilte han ere, baina emaitzak ez dira izan berdinak. “Lehen urtean, uso tiroketa egitarau publikotik kentzea lortu genuen, eta hiru egunetik bira murriztu genituen gaztetxoentzako bigantxak eta helduentzako sokamuturra”. Baina azken neurri horrek haserretu egin zituen sokamuturraren aldekoak, eta liskarrak izan zituzten.
“Hernanin bi bloketan zatitu da herria”, azaldu du Cerezok. Antiespezistak daude batetik; sokamuturraren aldekoak bestetik. Horren jakitun, alde bakoitzaren arrazoiak azaltzeko eta eztabaida herriratzeko, jai batzordeak eta udalak mahai inguru bat antolatu zuten sanjoanen atarian. “Talde gisa ez dugu egin mahai inguruari buruzko hausnarketarik, baina uste dut ez dela iritsi herritarrengana, eta oso alde eta oso kontra daudenen arteko eztabaida bat izan dela dena”. Sokamuturraren inguruan herritar gehienak “oso neutralak” direla uste du Cerezok: jendeak ez du eman nahi iritzirik. “Baina, hala ere, uste dut oso beharrezkoa eta interesgarria dela herrian eztabaida egotea, horri esker bere ikuspuntua eta arrazoiak plazaratzeko aukera duelako alde bakoitzak”. Uneotan bi blokeen arteko harremanak “diplomatikoak” direla adierazi du Askekintza talde antiespezistako kideak. “Guk ez dugu protestarik egiten, eta haiek ez dituzte gure jarduerak oztopatzen, konfrontazioak inori ez baitio mesederik egiten”.
Arregik sekula ez du izan gorabeherarik “beren burua animalistatzat dutenekin”, haren ustez ez baitira animalistak ere: “Animalien kontra doazela iruditzen zait”. Ezjakintasunez hitz egiten dutela uste du. “Etxean txakur bat dutelako animaliak maite dituztela diote; eta nik zer esango dut orduan, egunero 130 bururi jaten ematen badiet? Neure umeak baino hobeto zaintzen ditut eta!”. Ez du onartzen inork esaterik berak animaliak gaizki tratatzen dituela. “Umeen artean bost minutu korrika ibiltzen ditugulako izugarrizko kaltea egingo bagenie bezala hitz egiten dute, eta hori ez da horrela. Horretarakoxe aukeratutakoak dira guk ditugun animaliak, eta horretarakoxe hazten ditugu”. Animaliek aske ibili behar dutela diote antiespezistek. “Eta non biziko lirateke nire animaliak askatuko banitu, eta zer jango lukete? Mendian egoten dira herriz herri ibiltzen ditudan txahal eta zezen txiki horien denen amak, baina ez dira bizi mendian jaten dutenarekin bakarrik; nik ere ematen diet jaten, eta asko. Egoera oso arrosa ikusten dute, baina ez da horrela”.
Debekurik ez
Uluak eta Askekintza taldeetako kideak ez dira herrietako jaietan animaliekin egiten diren jarduerak debekatzearen aldekoak. “Animalientzat hori litzateke irtenbiderik onena, baina herrietako elkarbizitzarentzat, ez, kontrako sentimenduak sorraraziko lituzkeelako debekuak”, adierazi du Uribek. “Guk nahi duguna da animaliak erabiltzeari uztea herritarrek ulertu dutelako tratu hori ematea ez dela justua”, azaldu du Cerezok.
Horra iristeko sakon hausnartu behar dela uste du. “Gizarte moduan animaliekin harremanak izateko daukagun modua jarri behar da auzitan. Azkenean, festak bitarteko bat besterik ez dira, eta guk testuinguru hori baliatzen dugu herritarren kontzientzietan eragiteko”. Arregik, aldiz, ezin ditu irudikatu animaliarik gabeko festak, “gaur egun ez dagoelako herririk animaliarik erabiltzen ez denik”. Ez dago adostasunik, beraz: kontzientziak mugiarazten segitu beharko dute batzuek, eta animaliez “gozatzen” besteek.
Leave a Reply