Kerman Garralda Zubimendi
Mendi tontorrera igota, handik norbere etxea bilatzea izaten da ohituretako bat. Aritz Egeak, ordea, bihar ez du denbora askorik izango Txindokiko ikuspegiez gozatzeko. Ordiziako Olano taberna begitan hartuta, ziztu bizian jaitsi beharko du etorritako bide beretik, Emaneurre taldeko kideek botatako erronkari erantzun nahi badio, behintzat. Iñaki Maiora txirrindulari ohiak duela 41 urte Ordiziatik Txindokirainoko joan-etorria egiteko behar izan zituen 86 minutu eta 28 segundoak hobetzen saiatuko da bihar Urretxuko korrikalaria.
Egeak ez du nolanahiko erronka parean, oso ona baita Maioraren denbora. Prestaketa lanak zorrotz eginda aurkeztu zen Maiora 1978ko irailaren 24an Olano tabernaren atarira. Alejandro Egea zuen prestatzaileetako bat, Aritz Egearen aitona. “Hura zen nire masajista. Tira, nirea eta beste askorena. Garai hartan ez zegoen aukera handirik, eta beregana joaten ginen inguruko kirolari guztiak. Masajeak eman ez ezik, prestatzaile fisiko, laguntzaile eta psikologo lanak egitea ere tokatzen zitzaion”, oroitu du Maiorak. “Kirolzale amorratua zen, eta beti egoten zen kirolariari laguntzeko prest”, gaineratu du. “Burugogorra eta pasio handiko gizasemea zen nire aitona”, erantzun dio Egeak. “Bizi egiten zuen egin beharrekoa. Kirolzale amorratua zenez, gainera, oso gustura egiten zuen lan kirolariekin”.
Urretxu eta Zumarraga inguruko fabriketan hasi zen lanean Alejandro Egea, baina txirrindularitza zuenez zaletasun, batera eta bestera ibiltzen zen herriko txirrindulari gazteei laguntzen. Gainerako txirrindulariek masajeak jasotzen zituztela ikustean, bereek ere merezi zituztela pentsatu zuen, eta Donostiara joan zen masajista ikasketak egitera. Esku onak zituelaeta, jarraitzea erabaki zuen, ogibide bilakatu zitzaion arte. “[Amelio] Mendijurrek, [Facundo] Zabaletak… ni baino txirrindulari zaharragoek esan zidaten Urretxun bazela masajista on bat, eta hala hasi nintzen Alejandrorekin lanean”, azaldu du Maiorak. Konfiantza handia hartu zuten elkarren artean, eta ormaiztegiarrak proba askotan izan zuen alboan Egea: “Igandero joaten zen lasterketetara. Bere lana maite zuen, eta gustura joaten zen gurekin batera”.
Maiora ez da zehatz oroitzen Ordizia-Txindoki-Ordizia proba egin zuenean Alejandro han zegoen edo ez, baina oso urruti ez zela ibiliko gaineratu du. “Alejandrorentzat, oso berezia izango zen Aritz biloba nire marka ontzen ikustea”, adierazi du. “Aukeratu beharko balu, ziur nago bilobaren alde egingo lukeela. Aitona naiz ni ere, eta bereziak dira bilobak”.
Aritzek ere estimu handia dio aitona zenari. “Ondo gogoratzen ditut lasterketen ondoren ematen zizkidan masajeak. Uste dut biok gozatzen genuela masaje horiekin”, azaldu du korrikalariak. “Biloba kirolari bakarra nintzen ni, eta harreman berezia genuen bion artean. Inoiz ez ninduen behartu, baina beti esan izan dut Alejandro aitonarengandik datorkidala kirolerako zaletasuna”.
Aritz Egea txirrindularitzan eta triatloietan ibili zen mendi korrikalari bihurtu aurretik. “Txirrindularitza zaleak ziren aitona eta aita, eta ikusten den hori barneratzen da beti”, arrazoitu du. Aritz bizikleta gainean lehiatzen hastea, halere, ez zitzaion gehiegi gustatu aitonari. “Bazekien zein gogorra zen, eta guretzat ez zuen nahi halakorik”. Kontuak kontu, Egearen hitzetan, aitonak gozatu egin zuen bera bizikleta gainean ikustean.
Bizikleta alboratuta, denborarekin eta entrenamendu gogorrekin munduko mendi korrikalaririk onenetako bat da gaur egun Egea. 30 garaipen baino gehiago pilatu ditu jada, ohorezko postuak erdietsi ditu ospe handiko probetan, eta, 2017an, bigarren izan zen Munduko Kopako sailkapen nagusian. Urrutira joan gabe, joan den asteburuan bederatzigarren amaitu zuen Mont Blanceko mendi maratoia. Egea sasoiko iritsiko da biharko probara, baina psikologikoki, beharbada, ez bete-betean. “Marka hau ontzea ez da urteko helbururik garrantzitsuena”, ohartarazi du. “Ondo pasatzeaz gain, ikuskizun eder bat eskaini nahi diet gerturatuko diren zaleei”.
Emaneurre taldeak hamar urte bete ditu aurten, eta ospakizun giroan proposatu zioten Egeari Maioraren marka ontzeko saiakera egiteko; 1953an, 1.42.30 orduko marka jarri zuen Juan Jose Rezolak, eta, 25 urte igaro ondoren, marka hori ia ordu laurden hobetu zuen Maiorak: 1.26.28. Geroztik izan dira hobetzeko saialdiak, baina inork ez du lortu. “Lortzeko gai ikusten dut Aritz. Trantsizioetan egongo da gakoa, eta mesede egingo dio triatloietan ibili izanak”, azaldu du orain arteko markaren jabeak.
Gakoa, beherakoan
Maiorak duela 41 urte egin bezala, Egeak bizikletan egingo du Ordiziatik Gaintzako bidegurutzera arteko zatia; korrikaldiari ekingo dio mendi bidea hastean, eta, tontorretik bueltan, gune berean hartuko du bizikleta. Egearen ustez, jaitsieran egongo da gakoa: “Maiora baino azkarrago igo izan naiz egin ditudan probetan, baina bera azkarragoa da beheraka”. Arriskatu behar horretan, lesioak aipatu ditu protagonistak. “Erraza da deskuidu batean min hartzea, eta helburu nagusiei agur esan behar izatea”. Maiorak berrogei minutu behar izan zituen Txindokira igotzeko, eta 26 minutu itzulerako bidea egiteko.
Leave a Reply