Danel Agirre
Euskal Herriari buruzko libururik toxikoenetakoa da: Basko nola bilakatu. Nazio exotiko baten asmakizuna izena du, eta 2015ean argitaratu zen Berlinen. Getxoko ikastolan bizi izandako esperientzia pertsonaletik abiatu, eta batere argudiatu gabeko tesi unibertsala atondu zuen Ibon Zubiaur idazleak, ehun orrialde ez den saiakeran. Gurean nonahi antzeman omen daitekeen Sabino Aranaren pentsamoldearen eragina uxatu ezinik, egoista, xenofobo eta ezjakin moduan ageri gara bertan. Euskarari dagokionez, trakets modernizatu ondoren erakundeek inposatu eta kalean inork hitz egin nahi ez duen hizkuntza gogaikarri bezala aurkezten da. Material original askoa, bistan denez.
Benetako karga dialektikoaren faltan, testuak badu oso eraginkor bilakatzea ahalbidetu zion ezaugarri bat. Zuzenean alemanez agertu zen, eta soka luzea izan zuen bertako komunikabideetan; gisako entsegu batek atzerritik itzulita iritsiz gero amestu ere ezingo lukeen oihartzuna. Jose Maria Carrascalek hain modu maitagarrian ahoskatzen zituen berripaperetan egin zioten erreseina, Frankfurter Allgemeine-n eta beste hainbatetan. Izan ere, Alemanian, oro har, gustu handiz kontsumitu ohi den osagai bat zuen Basko nola bilakatu-k: nazionalismo baten aurkako eraso gupidagabea.
Euskal Etxean hilabeteak eman genituen Zubiaurrek eskuratutako arreta neutralizatzen saiatu ala ez deliberatzen. Egunkarietara eskutitzak bidaltzea otu zitzaigun, baina Sahara erdian eroritako ur tantaren efektu bera izango zutela jabetu, eta indarrak aurreztea adostu genuen. Adiskide parea eta ni, ordea, egilearekin apur bat obsesionatu ginen, eta pista jarraitzen diogu ordutik.
Gure zorigaitzerako, Euskal Herriaz ari ez denean, gustu ona nabari zaio Zubiaurreri. Ekialdeko Alemania zeneko idazleen antologia interesgarri askoaren autorea da, esaterako. Liburu kutuntzat dudan baten —hemen hasten dira kasualitateak— itzultzailea ere bai: Worpswede artisten koloniari buruz Rainer Maria Rilke poetak idatzitakoa, hain zuzen ere. Nire bikotekidearen gurasoak herrixka horretan jaio ziren, sarri bisitatu izan dut. Rilkeren liburuaren berri haiek eman zidaten: arteari buruzko bere gogoeten bilduma da, bigarren mailako ekarpen osagarria bere obra zabalean. Alemaniako letren unibertso infinituan, lan ñimiño horixe aukeratu zuen Ibon Zubiaurrek, ez beste edozein, espainolera egokitzeko.
Kasualitatea ez bazaizu horrenbesterako iruditu, adi: Gipuzkoa erdia da Berlin, bederatziehun kilometro koadro eta hamar mila kale inguru ditu hiriak, eta morroi hau alboko karrikan bizi da. Astero, gutxienez, bi bider topo egin ohi dut berekin. Semaforo baten alde banatan zain egotea tokatu izan zaigu sarri, eta supermerkatuko hozkailuaren atea zabaldu izan diogu elkarri, edukazio osoz (Camembert erosi ohi du berak eta Gorgonzola nik). Eta ez dut ukatuko honek apur bat urduritzen nauela, baina ahal duen bakoitzean zeharretik begira sumatu ohi dut Zubiaur.
Berak ni ezagutzea ezinezkotzat nuen, baina orain ez nuke inola ere baztertuko. Nik izan ditut bereak baino eszena askoz patetikoagoak, korridore artean zerbaiten bila ari naizenaren plantak eginez hari segika. Kutxako ilaran gerturatu eta zerbait esan nahi diodan ez dakit oraindik oso ziur. Egiari zor, zain nagoela esango nuke, lehenbiziko urratsa berak egingo duen itxaropenez.
Leave a Reply