Udane Arbeo
Ia hilabete pasatu da Gipuzkoako Foru Aldundiaren sagardo lehiaketako sariak banatu zituztenetik. Zortzi sagardoetxe saritu zituzten, eta Tolosako Isastegi sagardotegiak jaso zuen sari nagusia. Etorkizunera begira “kalitatezko sagardoa eginez salmentak igotzeko erronka” daukatela azpimarratu du Joseba Lasak, Mikel anaiarekin batera Isastegi sagardotegiko arduradunak (Tolosa, 1992). “Beste sagardo mota batzuk sortzea” ere badute buruan.
Zerk bultzatu zintuzten Gipuzkoako Foru Aldundiaren sagardo lehiaketan parte hartzera?
Isastegi sagardotegia urtero aurkeztu izan da lehiaketa horretara. Prestigio handiko txapelketa dela uste dugu, eta, horrez gain, Fraisoro laborategiak egiten duen lana pixka bat gehiago ezagutarazteko ere balio du txapelketak.
Zer abantaila dauzka horrelako lehiaketa bat irabazteak?
Dudarik gabe, ezagutzarena da abantailarik handiena. Familia betidanik aritu izan da lan honetan. Guk jarraipena eman diogu orain artekoari, eta lanean txukun ari garela uste dut. Gipuzkoan, kalitatean eta prestigioan gora egiten ari da sagardoa. Guk jaso dugu aurtengo sari nagusia, baina sei sagardotegik jaso dugu urrezko kalifikazioa; sei sagardotegi kokatu zituzten goren-goreneko mailan. Horrek ere zerbait islatzen du: ez da Isastegiren kontua bakarrik; punta-puntan dago sektore osoa.
Zuen kasuan, nolako sagarrekin egiten duzue sagardoa?
Guk hainbat sagar mota nahasten dugu sagardoa egiteko. Sagardo orekatua lortzea da gure xedea, batzuk gezagoak baitira, eta beste batzuk mikatzagoak.
Garrantzia ematen diozue sagardoa ekologikoa izateari, ezta?
Badira pare bat urte gure sagarrondoak modu ekologikoan tratatzen ditugula. Horietatik bildutako sagarra ekologikoa izan dadin, sagastiak hiru urtez jaso behar du tratamendu jakin hori. Gu bide horretan ari gara lanean. Sagastiak ekologikora pasatzeko bultzadatxoa ematen ari gara gure sagar hornitzaileei ere. Etorkizun hurbilean Euskal Sagardo ekologikoa eskaintzeko gai izango gara. Gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio ezaugarri horri. Jendeak eskertu egiten du hemengo sagarra izateaz gain ekologikoa bada; eskertu, eta baloratu.
Zuentzat, beraz, garrantzitsua da sagardoa tokiko sagarrekin egitea.
Bai. Txapelketa honetan, tokiko sagarrekin egindako sagardoak bakarrik aurkez zitezkeen; hau da, Euskal Sagardoa markarekin lan egiten dugun sagardotegiek bakarrik geneukan parte hartzeko aukera.
Horren harira, Isastegi sagardotegian zerk du garrantzi handiagoa: kalitateak ala kantitateak?
Zenbat eta kalitate hobea eta kantitate handiagoa izan, orduan eta hobeto. Ez dago sekretu handirik. Etorkizunean ere sagardoa tokiko sagarrekin egiten jarraitu nahi dugu guk. Gaur egun sektore honetan egiten den ahalegina ezagutarazi nahi dugu: sagar saltzaileei gehiago ordaindu, eta baserritar gehiago animatu proiektu honetan sartzera. Sagardogile gisa, marka duen sagardoa egin, prezioa ezarri, eta jendeari eskaintzen diogu guk. Punta-puntako kalitateko sagardoa egiten saiatzen gara beti, eta hala bermatzen du txapelketa honek.
Zuen sagarrekin egiten al duzue sagardoa? Zenbat sagasti dituzue?
Sei-zazpi hektarea ditugu momentu honetan, batzuk landatu berriak eta besteak urte askoan ematen ari direnak. Horrez gain, sagar hornitzaile asko ditugu inguruan. Irail-urri aldera, eskualdeko sagar ekoizle asko etortzen da gurera, eta horiek dira gure negozioaren oinarri. Hala ere, uztaren arabera, kanpotik ere erosi behar izaten dugu sagarra, ez baitugu nahikoa izaten bertakoarekin.
Zerk desberdintzen zaituztete beste sagardotegietatik?
Sagardogile bakoitzak bere lana egiten du. Bakoitzak bere trikimailuak izaten ditu sagardoa egitean. Sagar mota batzuei indar handiagoa ematen saiatzen gara gu. Azken batean, gakoa sagarrean dagoela uste dut; denok dakigu sagardoa egiten, baina lehengaietan dago desberdintasuna.
Ona izan al da aurtengo sagar ekoizpena?
Ikusiko dugu. Azken momentuko hondamendirik gertatzen ez bada, bai. Orain sagarrez beteta daude sagastiak. Duela bi urteko uzta izugarrizkoa izan zen, eta horrelakoetan normala den bezala, iaz behera egin zuen uztak.
Isastegin bertan soilik eros al daiteke zuen sagardoa? Esportaziorik egiten al duzue?
Euskal Herrian bertan saltzeaz gain, hainbat estatutara esportatzen dugu gure sagardoa. Txukun lan egiten dugu AEBetan; nahiko merkatu indartsua dugu han, eta goraka doa urtez urte. Ingalaterran, Suedian, Herbehereetan eta Kanadan ere baditugu erosle finkoak, eta, duela gutxi, Japonian sartu gara. Guretzat oso oinarri garrantzitsua da esportazioarena.
Zer erronka dituzue etorkizunera begira?
Zoragarria litzateke bide honi eustea eta salmentak mantentzea. Gaur egun, sagardo naturalaz gain, ozpina ere merkaturatzen dugu, adibidez; eta ea gai garen gama hori pixka bat zabaltzeko. Bestalde, sagardo mota desberdinak diseinatzen edo produzitzen ere hasi nahiko genuke.
Leave a Reply