Ane Ubegun Goikoetxea
Trebetasunen artean, bat gailentzen zaie surflariei: oreka. Orekarik gabe, nekez lortuko dute oholaren gainean zutik mantentzea, olatu gainean surf egitea. Trebetasunak, baina, ez dira abantaila guztientzat. Izan ere, surflariak trebe baina traba izatera ere igaro dira uda garaian hondartzara bainatzera edota denbora-pasa joan ohi direnentzat. Azken urteotan nabarmen egin dute gora Gipuzkoako surf eskolek: Zarautzen bakarrik zortzi baino gehiago daude. Surflariek surf egiteko espazio handiagoa eskatzen dute, eta bainulariek, aldiz, bainatzeko toki gehiago. Udaletxeek ez dute hori guztia erregulatzen duen ordenantzarik, eta, jakina, arazoa kudeatu ahal izateko oztopo handia da hori.
Surflarien eta bainularien kexak entzun behar izaten dituzten horietako bat da Gure Zinkunegi, Donostiako Udaleko Hiri Zerbitzuko teknikaria. Zinkunegik azaldu du “boladan” dagoela surfean aritzea, eta Zurriolako hondartzan aise antzematen dela errealitate hori: “Iaztik, pixka bat modan jarri da surf egitea, eta gero eta surf eskola gehiagok eman nahi dituzte eskolak. Orduan, jakina, pentsatzen ari gara hurrengo urtetik aurrera zer egin gaia kudeatzeko; hainbat irizpide zehaztu beharko ditugu erabakitzeko zein eskola baimendu klaseak emateko eta zein ez. Horretan ari gara orain”. Udalak ez du hondartzaren erabilera arautzen duen ordenantzarik, baina ebazpen bat argitaratzen du urtero, surfaren kontua “erregulatzeko”. Ebazpen horretan zehazten dira, besteak beste, surf eskolek ikastaroak emateko bete beharreko baldintzak: hondartzaren banaketa, egutegia, ordutegia eta ikasle kopurua, esaterako. Zurriolako hondartza lau zatitan dago banatua. “Sagueseko aldea ur kirolentzat jartzen dugu, 300 metro inguru. Horrek esan nahi du eremu horretan uretako edozein kirol egin daitekeela, baina egia da surfa dela gehien egiten dena. Hortik ezkerrerantz dagoen eremu handia bainularientzat da, eta horren segidan hasten da 100-150 metroko zatitxo bat, zeina surf eskolentzat erreserbatua dagoen”.
Zinkunegik adierazi du kexa ugari jasotzen dituztela udaletxean, “alde guztietatik”, gurpil zoro baten moduan: “Kexatu, denak kexatzen dira. Surf eskolak kexatzen dira lizentziarik ez duten eskolek ere eskolak ematen dituztelako; surflariak kexu dira gero eta eskola gehiago daudelako, eta espazio handia okupatzen dutelako, eta, horren ondorioz, saturazio handiagoa dutelako uretan surfean libre aritu ahal izateko; bainulariak kexatzen dira gero eta ohol gehiago daudelako hondartzan; eta horien erdian dago udaletxea, konponbide baten bila”.
Baimenik gabeko eskolak
Donostiako uretan, zortzi surf eskolak dute klaseak emateko baimena. Halaber, eta batik bat turismoaren gorakadaren ondorioz, zenbait enpresa pribatuk ere antolatzen dituzte surf eskolak, lizentziarik ez badute ere. “Surf eskolek adierazi digute badirela eskolak emateko uretara lauzpabost lagunekin sartzen direnak. Baina guretzat oso zaila da hori guztia erregulatzea eta kontrolatzea”. Zinkunegik adierazi du badirela espresuki eskolak emateko hondartzara hurbiltzen diren furgonetak ere: “Batzuetan oso argi dago, ikusi egiten delako. Baina, ordenantzarik ez dugunez, ez dugu erremintarik jende hori antzemateko”.
Datorren urteko uda denboraldiari begira, Zinkunegik jakinarazi du udalak agiri tekniko bat kaleratuko duela segur aski: “Oso prozesu luzea da ordenantza bat egitea. Horregatik, agiri tekniko bat argitaratzea planteatu dugu, lehiaketa publiko bat”. Haatik, oraindik “erabakitzeke” dagoen proposamena da hori, baina Zinkunegik aukera horren xehetasunak eman ditu: “Lehiaketa publiko horren bidez, zortzi surf eskola aukeratuko genituzke guk. Gero eta gehiago daude, eta hainbat ezaugarri ezarri beharko ditugu aukeraketa egiteko; lan hori ezin dugu egin itsu-itsuan”. Gaur egun ere zortzi dira lizentzia duten eskolak, eta Zinkunegik ziurtatu du datozen urteetan kopuru hori ez dutela gaindituko: “Zortzitik ez gara pasatuko, gehiegi da eta; gero eta ikasle gehiago dituzte surf eskola horiek, eta mugatua da hondartza”. Gaineratu du eskubide berak dituela hondartza erabiltzen duen orok, eta ezinbestekoa dela oreka hori bermatzea: “Bainatu ahal izateko eskubide osoa dute bainulariek. Oreka bilatu behar dugu”.
Zortzi nahikoa ez, eta bederatzi surf eskola lizentziadun daude gaur egun Zarautzen. Eskolen gorakada hori bertatik bertara ezagutu du Mariñe Garciak —ez da benetako izena—, Zarauzko surf eskola bateko monitoreak —arazoaren jakitun, eskolak ez du eman nahi izan izenik—. Garciaren arabera, Zarauzko hondartza surf egiteko hondartzarik “onenetakoa” da, eta horrek zerikusia du eskolen igoeran: “Eskola bakarra zegoen sorreran, baina urte asko dira dagoeneko surf eskola dezente garela”. Garciak jakinarazi duenaren arabera, Zarauzko surf eskolek aplikazio moduko bat dute eskola bakoitzaren datuak emateko: “Lizentzia duen surf eskola batek klase bat eman nahi duenean, aplikazio batean sartu behar ditu beharrezko datuak, eta hondartzaren zona bat aukeratu behar du. Udalak ratioak kontrolatzen ditu horrela, eta ez da saturaziorik egoten”.
Errenta librea, arazo nagusi
Garciak adierazi du surfaren gorakadaren beste arrazoietako bat materiala asko merkatu izana dela. Horrez gain, esan du herriko surf eskolen arteko harremana ona dela, ez dutela arazorik. “Etxekoak gara denak”. Halaber, esan du tirabira ugari egoten dela kanpotik datozenekin: “Eusko Jaurlaritzaren Surfing Euskadi proiektuarekin, turismoa handitzen ari da Euskal Herriko kostaldean. Hala eta guztiz ere, horiekin ez dugu arazorik, bertako lokalak eta eskolak erabiltzen baitituzte surf egiten ikasteko. Arazo gehiago ditugu kanpotik itxita datozen pakete moduko horiekin. Ez da herriko arazoa”.
Garciak aipatutako pakete horiek agentziek antolatutako bidaia modukoak dira, Donostian gertatzen den antzera. Dena den, adierazi du ez dakiela zehatz nola funtzionatzen duten, ez eta lizentziarik duten ere. Argi duena zera da, hondartza okupatu egiten dutela, eta, sarritan surf egiteko ohiturarik ez duten pertsonak izaten direnez, oztopo izan ohi direla: “Asko sartzen dira batera uretan, eta aurreraino, gainera. Traba handia egiten diete beste surflariei, eta arriskutsua izaten da. Aldiz, surf eskoletako monitoreek gehienez sei ikasle izan ditzakete beren kargu. Kanpokoek bai, haserretzen dituzte bainulariak”.
Leave a Reply