Unai Zubeldia
Usandizagak 0, Madrilek 26; Olimpiak 21, Martutene C-k 0; Amara Berrik 0, Antiguokok 21… Amaitu berri den Donosti Cup nazioarteko futbol txapelketako emaitzetako batzuk besterik ez dira horiek. Lehiakortasuna eta emaitzaren garrantzia, edo ikasteko prozesua bera? 8, 9, 10 urteko neska-mutikoen kasuan, zer da garrantzitsuagoa? Iñaki Iturriotz Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zerbitzuburuaren hitzetan, “lehiaketa eredua bera” dago eztabaidaren oinarrian. Hori bai, Juan Luis Larrea Gipuzkoako Futbol Federazioko presidenteak berehala azaldu du “oporretako txapelketa bat” besterik ez dela Donosti Cup. “Herrialde askotako taldeak etortzen dira gurera; maila jakin bat izaten du bakoitzak, eta, alde horretatik, federazioak ez du esku hartzen; epaileak bakarrik jartzen ditugu guk”.
Duela bi urte, Ferrolgo Racingek, Galiziako ligako talde batek, emaitzak alboratu eta kinielan erabili ohi diren ikurrak lehenestea erabaki zuen 12 urtez azpikoen partidetan; benjaminaurrekoetan (7-8 urte), benjaminetan (8-9 urte) eta kimuetan (10-11 urte). “Lehiakortasunaren ordez, kiroltasuna azpimarratu nahi dugu”, adierazi zuten orduan Galiziako klubeko ordezkariek. “Eta Gipuzkoan ere aspaldi hartu genuen erabaki hori”, zehaztu du Iturriotzek. Eskola kirolaren egungo ereduak 27 urte dauzka jada. “Eta hamabost urte behintzat badira haurren mailatik behera emaitzarik ez jartzea erabaki zela”. 6 urtetik 16 urtera arteko neska-mutikoak sartzen dira eskola kirolaren programan, eta, alde horretatik, haurren mailatik gorako lehiaketetan soilik esku hartzen du Gipuzkoako Futbol Federazioak, 12 urtetik gorakoetan.
Larreak argi dauka Donosti Cupen izan berri diren emaitza horien gisakoek ez diotela batere laguntzen haurrari. “10-0, 20-0… Sei goletik gorako aldeak ez du ezertarako balio; ez die mesederik egiten ez atezainari, ez gainerako jokalariei. Horren aurka gaude, eta horregatik banatzen ditugu bi multzotan haurren mailako jokalariak”. Adibide modura, eta duela bi urte Gipuzkoako kluben artean eztabaida handia sortu ondoren, gaur egun 24 taldek bakarrik parte hartzen dute haurren ohorezko mailan. “24 talderik onenek, eta horien artean ez da izaten hainbesteko gol alderik. Horregatik diot Donosti Cup ez dela errealitatearen isla zehatza, udako lehiaketa bat besterik ez dela”. Donosti Cupeko arduradunek jakinarazi dute eurek inoiz ez dutela jaso kexarik emaitzen harira.
Edorta Salegi Donostiako Antiguoko kirol elkarteko presidenteak ez du ulertzen azken urteotan emaitzen inguruan sortu den zalaparta. “Futbolaren betiko eztabaida da hori, baina, emaitza jarrita edo jarri gabe, hamabost gol jaso dituenak hamabost gol jaso ditu, eta gol horiekin joango da etxera”. Salegik ez du uste emaitza ez jarrita haurrari kalte psikologikoa baretzen laguntzen zaionik. “Haur horrek badaki hamabost gol izan ez badira, hamalau edo hamasei izan direla. Emaitza ez jarrita, zer lortzen dugu, 15-0 bukatu den partida bat berdinketan amaitzea? Tuntuntzat hartu nahi gaituzte emaitzak jarri gabe arazoa konpondu dutela sinetsarazita. Hamabost gol jaso dituen atezain horrek erlaxatuta eta gustura bazkalduko du emaitzarik inon ez dagoelako, ezta?”.
Luis Azkoaga Zarautz kirol elkarteko presidentea ez da iritzi berekoa. “Guk aspaldi erabaki genuen kimuen mailatik behera emaitzarik ez jartzea; golak sartzen dituzte, futbolaren oinarrizko araua delako hori. Baina inon ez da islatzen emaitza; ez dago sailkapenik, eta epaileak berak ere ez du ezer apuntatzen. Gu erabat ados gaude erabaki horrekin”. Azkoagaren ustez, arazoa ez da gol kopurua zehaztea edo ez zehaztea bakarrik. “8-9 urteko haur batentzat, agian, golak ez kontatzea bezain garrantzitsua da sailkapenik ez egotea; inork ez irabaztea eta ez galtzea; sailkapenean inork 0 punturekin ez amaitzea…”.
Antiguokoko presidentearen hitzetan, Europa guztian “Gipuzkoan bakarrik” ez da jartzen emaitzarik adin tarte horietan. “Eta, beraz, edo oso-oso aurreratuak gara, edo tuntun samarrak gara, inork ez baitu hartzen antzeko erabakirik”. Neska-mutikoak “jaiotzen direnetik” lehiatu nahi izaten direla gaineratu du Salegik. Egoera aztertuta, Antiguokoko presidenteak argi dauka irtenbidea zein den: “Adin tarte bakoitzean mailak gehiago zehaztea. Benjamin mailan, esaterako, liga txikiago bat jokatu beharko lukete, agian, zortzi talderik onenek: Antiguokok, Realak, Añorgak, Tolosak, Eibarrek, Beasainek, Real Unionek, Lagun Onak-ek… Horrela, lortuko genuke emaitza harrigarri horiek ez izatea, eta hori ez da umeen artean elite bat sortzea, oinarrizko arazo bati irtenbidea ematea baizik”.
Kluben arteko arazoak
Azkoagak zehaztu du eurek ez daukatela arazorik Gipuzkoako klub gehienekin. “Baina bai Donostiako batzuekin, tartean Antiguokorekin. Klub horrek haurrak kimu mailara iritsi baino lehen egiten du scouting lana, gurasoei deitzen die, umeak erabiltzen ditu… Guretzat oso larria da arazoa, gerora oso-oso gutxik egiten dutelako gora, eta gehienek utzi egiten dutelako futbola eta kirola bera”.
Lehiaren eta ikasteko prozesuaren arteko oreka zailean, eta “beste gai bat” dela onartuta ere, Salegik azpimarra egin nahi izan du eskola kirolean aritzen diren irakasleetan ere. “14-15 urtekoak aritzen dira askotan lan horietan, baina non dago jakintza? Non dago atzeko lana? Ezin dira zigortu maila guztietan zintzo lan egiten duten klubak, maila guztietan hezitzaile tituludunak dauzkaten taldeak. Baina kalitate hori ez, fitxa kopurua bakarrik interesatzen zaio federazioari”. Sarritan gertatzen den moduan, errealitateak alderatzeko Bizkai aldera begiratu du Antiguokoko presidenteak. “Benjamin mailako ligak daude Bizkaian. Zergatik? Athleticek babesten dituelako. Hemen, berriz, Realak futbola babestu beharrean aldundia babesten duenez, ez dago ligarik, eta ezta emaitzarik ere”.
Iturriotzek argi utzi du eurek “oso harreman ona” daukatela Realarekin. “Ia-ia bat egiten dugu euren ikuspegiarekin. Zortea daukagu Gipuzkoan horrelako erakunde bat edukita; sentsibilizazio berezia daukate haurren heltze prozesuan”. Antiguokoren gisako klubetan, berriz, jokalarien prestakuntzan “lan ona” egiten dutela onartu du aldundiko ordezkariak. “Baina askotan ez dugu bat egiten haurren hastapeneko ereduan; lehen urteetan, batez ere. Guk onartzen dugu Gipuzkoako kirolarien heltze prozesua ez dela goiztiarra kimu eta haurren mailan, baina gero erabat gai gara kadete eta gazte mailan euren pare edo goitik ibiltzeko”.
Iturriotzek zehaztu du aldundiak “hasiera-hasieratik” hartzen dituela eskola kirolari dagozkion neurriak. “Adibide gisa, kimuetan jokalari guztiek jokatu behar izaten dute txandan-txandan, eta, ondorioz, jokalari onenek ezin izaten dute jokatu partida guztia; errotazioetan sartu behar izaten dute”. Horrez gain, benjaminetan ez dute zehazten emaitzarik. “Prozesua azpimarratzen da kasu horretan”. Kimuetan, berriz, emaitzak izaten dira, baina hiru zatitan banatzen dira partidak. Lehen zatia 10-0 amaitzen bada, hutsetik hasten da bigarrena. “Eta puntu bat irabazten du zati bakoitzeko garaileak. Egiturazko neurriak hartzen dira lehiaketaren formatuari begira”.
Heltzeko erritmoak
Haurren mailan, berriz, bi maila izaten dira jada: lehen urtekoak eta bigarren urtekoak. “Kasu horretan, tokiko lehiaketa bat egiten da lehenengo”, azaldu du Larreak. “Eta talde bakoitzari dagokion mailari egokitutako multzoak osatzen dira bigarren fasean, taldeen arteko alde handi horiek saiheste aldera”. Iturriotzek azpimarratu du eurentzat “askoz garrantzitsuagoa” dela prozesuari berari garrantzia ematea fokua emaitzetan jartzea baino. “Garrantzitsua da irabazteko grina eta hobetzeko nahia edukitzea, baina, gure ustez, 8-9 urterekin aberasgarriagoa da prozesua bera azpimarratzea eta emaitza bigarren mailan uztea”.
Egituraren auzian aldeko eta kontrako iritziak entzun behar izan dituzten arren, eurek eskola kirola “hezigarria” izan dadin nahi dutela azpimarratu du aldundiko Kiroletako zerbitzu buruak. “Eta kirol instalazioetako indarkeriari dagozkion datuetan ere argi gelditu da indarkeriak lotura zuzena daukala emaitzaren garrantziarekin. Guraso batzuek eta federazioek emaitzen aldeko joera izaten dute tarteka, baina haurren interesak defendatzea da gure lehentasuna”. Iturriotzen ustez, ez du merezi 5, 6, 7 urteko haurrei emaitzei begirako ibilbide bat eskaintzea; heltzeko erritmoak errespetatu behar dira”.
Leave a Reply