Eider Goenaga Lizaso
Asteburuan Antigua auzoan (Donostia) izaniko bortxaketa baten albistearekin eta hori salatzeko elkarretaratzearen irudiarekin hasi zen astea. “Urte osoan izaten dira erasoak, asteburuetan gehiago, eta herriko festen testuinguruan igotzen da nabarmenen kopurua”, esan du Duñike Agirrezabalaga Donostiako Berdintasun zinegotziak.
Donostian, “urteak” dira Aste Nagusirako eraso matxisten kontrako protokoloa martxan jarri zutela. Azkenaldian, baina, luzeagoa da kanpaina. “Karmen jaietan hasi eta abendu arte luzatzen da kanpaina, eta tartean hartzen ditu Groseko jaiak, Aste Nagusia, Euskal Jaiak, Halloween gaua, santomasak… Urtez urte protokoloa indartzen joan gara, hobetzen, baliabide gehiago jartzen”. Aste Nagusia baino lehen, protokolo hori hiriburuko etxe guztietara banatuko dute. “Garrantzitsua da jendeak jakin dezan, halako eraso bat gertatuz gero, norberak sufrituz gero edo zerbait ikusiz gero, nora jo behar duen eta nola jokatu behar duen”.
Gipuzkoako herri gehienetan dute eraso sexisten kontrako protokoloa gaur egun. Azpeitian, gainean dituzte San Ignazio jaiak, eta han ere etxe guztietako postontzietan jaso dute protokoloaren eskuorria. 2010ean egin zuten lehenbizikoz, eta urteekin osatuz joan dira. “Tabernariekin, berriz, banan-banan lantzen dugu gaia. Oso harrera ona egin digute, asko eskertu dute eurengana jotzea, askotan ez dakitelako nola jokatu zerbait gertatzen bada”, azaldu du Idoia Arrizabalaga Azpeitiko Parekidetasun zinegotziak. Tabernariekin, halaber, musikaren gaia landu dute Azpeitian. Ez diete esaten zein musika jarri behar duten festetan, baina bai ematen zaie musika aukera bat, eduki sexista duten abestiak saihesteko.
Sentsibilizazio lana
Sentsibilizazioa da Donostia zein Azpeitiko zinegotziek nabarmendu duten hitza. Urte osoko lanaren eta urtez urte egindakoaren emaitza gisa ikusten dute herritarrak eraso sexisten gaiarekin arduratuago, ahaldunduago, prestatuago egotea.
“Jakina da festen testuinguruan betidanik gertatu direla erasoak, baina, azken urteetan eta batez ere mugimendu feministaren eskutik, lehen lerrora atera da gai hori, eta horrek asko lagundu du sentsibilizazioan. Hasieran, jendeari arrotza egiten zitzaion gai hau, baina denborarekin jendeak barneratu du gaia, eta kasu askotan ia-ia ez da azalpenik eman behar”. Maialen Apezetxea Hernaniko Berdintasun teknikariaren hitzak dira.
Sanjoanak izan dituzte uda hasieran Hernanin, baina, 2015ean, protokoloa lantzen hasi zirenean, ez zuten festetarako egin, sagardotegi garairako baizik. “Udala eta mugimendu feminista hasi ginen lanean elkarrekin. Izan ere, jende asko elkartzen da Hernanin txotx garaian, kanpoko jendea gehienbat, alkohola eta droga nahasten dira, eta ikusten genuen testuinguru horretan eraso dezente gertatzen zirela”, dio Apezetxeak. Tabernariekin eta sagardogileekin formakuntza saioak antolatzea izan zen lehen pausoa. “Hasieran, denek ez zuten ondo hartu. Zorionez, urteak pasatu ahala, aldatu egin da egoera hori, eta jendeak barneratu du arazoa denena dela”.
Bestalde, erasoak ikusgarri egitearen garrantzia nabarmendu du Apezetxeak. “Guk bagenekien sagardotegi garaian eraso pila bat gertatzen zela, baina ez zen salatzen, eta ematen zuen ez zela ezer gertatzen. Zorionez, jendea gutxiago isiltzen da orain. Argiago daude mugak, erasoak salatu egiten dira, eta tolerantzia maila jaitsi egin da”.
Neurri zehatzak jasotzen dituzte herrietako protokoloek, eta gehienetan berdintsua izaten da edukia. Eraso matxista edo sexista bat zer den definituz hasten dira protokolo gehienak. Bortxaketa izan daiteke eraso sexisten adierazpenik bortitzena eta nabarmenena, baina beste mota askotako erasoak ere badira, sotilagoak. Erasoa sufritu baduzu, nora jo; zerbait ikusi baduzu edo erasoa sufritu duen norbait ikusten baduzu, zer egin; nola jokatu pertsona batekin, zer esan eta nola esan… Halakoak izaten dira protokolo guztietan jasotzen direnak, baina, gero bere berezitasunak izaten ditu herri bakoitzak.
Agirrezabalagak gehien nabarmentzen duen ideia, adibidez, 112ra deitzea da, edo 112ren aplikazioa instalatzea. Udalak ere badu bere zenbakia: 092. “Edozein susmo izanez gero, abisua emateko eskatzen dugu; nahiago dugu deiak gainezka jasotzea, gutxiegi jasotzea baino. Hobe da abisua jaso, joan eta ezer ez bada gertatu buelta ematea, zerbait gertatu eta ez jakitea edo ez enteratzea baino”. Festa inguruan mugitzen diren eragileen inplikazioa garrantzitsutzat du Donostiako zinegotziak. Lanketa berezia egiten dute tabernariekin, eta baita Dbus konpainiako gidariekin eta taxilariekin ere.
Azpeitian, berriz, gaueko arretarako telefono zenbaki bat jarri dute martxan aurten. “Baina, gure tresnarik garrantzitsuena da herriko plazan jartzen dugun karpa. Han, informazioa emateaz gain, zalantzan datorrenari erasoa identifikatzen eta ondorengo pausoak ematen laguntzeaz gain, gune bat daukagu egokituta, eraso bat sufritu duen emakumeari harrera goxo bat egiteko eta hark lasaitzeko toki bat izateko”.
Hernanin ere informaziogune bat atontzen dute festetan eta sagardotegi garaian, eta telefono bat jartzen dute martxan, erasoen berri jasotzeko. “Sagardotegi garaian, adibidez, telefono zenbaki hori ikusgarri jarri genuen taberna guztietan, eta itsasgarriak banatu genituen. Kanpotik etortzen den norbaitentzat are zailagoa baita nora jo identifikatzea; kasu horretan, oso lagungarria da telefono hori”.
Berdintasuna
Sexu erasoetatik harago, festetan berdintasun irizpideak lantzearen garrantzia aipatu du, bestalde, Arrizabalagak. “Protokoloa eta festetan berdintasun irizpideak txertatzea modu paraleloan landu behar diren gaiak dira. Festa Batzordean parekidetasun azpibatzorde bat dago, eta festak antolatzeko garaian, programa osatzerakoan eta ondorengo balorazioetan oso presente dago berdintasun irizpideak txertatzea”. Baina, bai Azpeitiko zinegotziarentzat, bai Hernanikoarentzat, gizartearen isla dira festak. “Beraz, gizartea heteropatriarkala eta hierarkikoa bada, horren isla dira festak ere. Egiturazko aldaketak behar dira aldatzeko”, dio Apezetxeak.
Hernanin, genero ikuspegia festetan txertatzeari ez diote eutsi oraindik. “Ekitaldi zehatz batzuetan zerbait egin da [Axeri Dantza aipatu du], baina ez orokorrean. Oso gai zaila eta konplexua da; kostata aldatzen diren gauza asko daude festetan”.
Leave a Reply