Unai Zubeldia
Gu Jaizkibelera joaten ginen beti, bazkaria hartu eta egun-pasa”. Ane Santestebanek oso kutuna du Donostiako Klasikoa. “Aita betidanik ibili izan da txirrindularitzaren munduan, eta ume-umetatik joaten ginen lasterketak ikustera; bai Donostiako Klasikoa eta bai Burgosko Itzulia”. Errenteriarrak azaldu du gehientsuenetan autoan joaten zirela Jaizkibelera. “Eta azken urteetan Mirakruzera jaisten ginen gero, txirrindulariak handik pasatzen ikusteko”.
Ez zen hor amaitzen Santestebanen Donostiako Klasikoko urteroko erritua. “Hoteletara joatea ere gustatzen zitzaidan, txirrindulariekin argazkiak ateratzeko eta sinadurak eskatzeko”. Bereziki gogoan dauka Aleksander Vinokurovengana gerturatu zenekoa; errenteriarrak 21 urte zeuzkan ordurako. “2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan errepideko proban urrezko domina irabazi berritan izan zen. Astana taldea Irunen zegoen, Urdanibia hotelean, eta hantxe aritu ginen argazkiak ateratzen”
“Nola aldatzen den bizitza!”. Barru-barrutik atera zaio hausnarketa Santestebani, badakielako gaur egun gaztetxoenentzat bera dela garai batean beretzat Vinokurov zena. “Gustatzen zait argazkiak ateratzea eta sinatzea. Emakumeen txirrindularitzan, agian, ez gaude hain ohituta; ez dugu izaten hainbeste jende inguruan”. Emakumeen Bira jarri du adibide errenteriarrak, azken etaparen ondorengoa. “Pauso bat eman, eta argazkiren bat ateratzeko edo sinatzeko eskatzen zidaten, eta oso gustura aritu nintzen. Txirrindularitzaren beste aldea ere ezagutu dudalako izango da, ziurrenik”.
Txirrindulariak igaro aurretik Jaizkibelera igotzeko errepidea zer ordutan itxiko zuten begiratzea izaten zen Santestebanen garai bateko zereginetako bat, eta euskal zaleak bihar hura animatzen ariko dira errepide bazterrean. Itzalean egindako lan eskergaren ondoren, emakumezkoek bihar jokatuko dute, lehen aldiz, Donostiako Klasikoa —Leire Olaberria da zuzendari teknikoa—. “Umetan, egia esan, pentsatu ere ez nuen egiten aukera hori irits zitekeenik. Proba gizonezkoena zen, eta kito; horrekin ez nuen amets egiten”.
Aitortu du “izugarrizko ilusioz” jaso zuela Olaberriaren deia. “Ume-umetatik bizi izan dut lasterketa hau, etxeko lasterketa”. Ibilbideari dagokionez, behin bakarrik zeukan igota Murgileko aldapa, eta astelehenean joan zen oroitzapenak berritzera. “Aldapa igotzen ari nintzela, Igeldotik Donostia aldera jaisten ari nintzela, errepide horietan zenbat entrenamendu egindakoa nintzen pentsatzen ari nintzela… hunkitu egin nintzen lasterketan hortik igaroko nintzela pentsatze hutsarekin. Niretzat amets bat da irteeran egotea bera”.
Murgilera bidean, tentsioa
Santestebanen ustez, Murgil bezain erabakigarria izango da aldapa horretara iritsi aurreko zatia. “Izugarrizko borroka eta tentsioa egongo da tropelean, eta iaz ikusi genuen gizonezkoen proban zer-nolako erorikoa izan zen”. Argazkiak ateratzen aritu zen asteleheneko entrenamenduan, taldekideei bidaltzeko. “Eta argi esan diet oso polita dela lasterketa, bai, baina oso gogorra dela, eta mentalizatzeko”.
Bihar hasiko da emakumezkoen probako sinadura kontrola, 08:45ean, Donostiako Bulebarrean, eta 09:40an itxiko dute. Ondoren, txirrindulariek 10:00etan ekingo diote 3,7 kilometroko zati neutralizatuari, eta epaileak 10:15ean astinduko du bandera. 126,7 kilometro eginda, ondo bidean 13:25-13:45 inguruan iritsiko da garailea Bulebarreko helmugara —gizonezkoen proba 11:40an hasiko da, eta garailea 17:15-17:45 aldera iritsiko da helmugara—. “Gogorra” da ibilbidea, Jaizkibel lehen mailako mendatea, Arkale hirugarren mailakoa eta Mendizorrotz bigarren mailakoa igo beharko baitituzte lehenengo, eta, azkenik, Igeldora bidean, Murgil bigarren mailakoa. Zazpi kilometro eskas faltako dira mendiko pankartapetik Bulebarreko helmugaraino, horietatik 4,5 maldan behera.
“Oso nekatuta” dagoela onartu arren, “ilusioz gainezka eta itxaropentsu” dago Santesteban. Egutegia aztertuta, maiatzaren 25ean amaitu zen Emakumeen Bira, urteko erronka nagusietako bat —8. amaitu zuen—; uztailaren 5etik 14ra jokatu zuten Italiako Giroa —12. postuan amaitu zuen—; eta uztailaren 19an jokatu zuten La Course lasterketa —9. amaitu zuen—. Eta Morbihango klasikoa (maiatzaren 31n), Plumeleceko Sari Nagusia (ekainaren 1ean) eta OVO Energy Tourra (ekainaren 10etik 15era) ere lehiatu zituen tartean. Asteartean, berriz, hirugarren amaitu zuen Emakumeen Nafarroako Klasikoa.
Bihar Murgilera “aurre-aurrean” iritsi nahiko luke Santestebanek. “Eta orduan ikusiko dugu gainerakoak nola dauden. Hori bai, nik ez daukat zereginik esprintean, eta lehenago mugitu beharko dut”.
Leave a Reply