Danel Agirre
Ertzainen eta zinegotzien goizeroko auto azpiko errutina makabroarekin elkartasun handiegirik azaldu ez genuelako izango da, akaso, baina guri ere egunerokoan beraien moduko ohiturak ezartzea tokatuko zaigu laster: supermerkatura entrekot bila joan, eta poliespanezko erretilutxoak kontu handiz miatu beharko ditugu, ezkutatuta bonba-laparik ez daramatela ziurtatzeko.
Haragijaleen eta animalien eskubideen aldekoen arteko liskar armatua hastapenetan dago. Sabotaje txikien fasean gaude, 60ko hamarkada hasieran trenbideak mozten zituzten idealista politikoen garaian bezala. Pintaketak agertu dira Frantziako hainbat boucherie-tan. Oilarrek oiloak bortxa ditzaten ekidin nahi duen Gironako talde bat barregarri laga dute telebistan, hamahiru untxi libre utzi dituen neskatoa jipoitu Bartzelonan. Tangerko azoka batean erakusgai izaten dituzten piztien kaiolak zabaltzen saiatu den turista sentiberaren bideoa agudo zabaldu da abuztuko Instagram geldoan. Istiluak gaiztotzen joatea, ordea, saihetsezina da. Statu quo-a irauli guran dabilen gizataldeak hazi eta hazi jarraituko du, eta argudio pisuzkoak ditu alde —baten bat eztabaidaezina—. Halako batean, espezieen artean bereizketarik egiten ez duten horietako norbaitek legitimazio nahikoa baduela sentituko du, eta benetako atentatuei ekingo die.
Ezkerreko gerrillen eta gobernuen arteko gatazken aroan libratu ez ginen moduan, gorpuzten ari den konfrontazioak bete-betean harrapatuko gaitu gurean. Batetik, zapalkuntza eta injustiziekin sentsibilitate apartekoa duen ekintzaile saldoa dago Euskal Herrian, beganismoa bere kredoan txertatzen ari den aktibista harrobi bat. Okelaren jonki eta gastronomiaren fanatiko nekosoz inguratuta ere bagaude, bestetik, zeinak AEBetako Riflearen Elkarte Nazionalaren militanteen gisako zakarkeriaz gotortuko diren (“hil arte defendatuko ditut saiheski hauek, nire esku hotzetatik kendu beharko dizkidazue!”). Bi fakzioen arteko talka denbora kontua baino ez da, eta oraingoan koldarroi ekidistantziaren babeslekurik ere ez zaigu eskainiko sikiera.
Hastear den gudua grisik gabea da; “gu gaizki, baina zuek ere torturatzen duzue”-rik onartuko ez duena. Xerrak jaten jarraitu ala ez, tarteko ihesbide epelik ez da geratuko. Sendirik trinkoenak, lagunarterik eternoenak pitzatu eta leherraraziko ditu haragiaren gerrak. Lubaki tradizionalik gabe, betiko aliatu eta konplizeak etsai porrokatu bilakatuko dira laster. Oso ezatsegina izango da.
Behin betikoz bandoa aukeratzeko unea iristen ari zaidala sentitu dut egunotan. Pistatxodun mortadela ogitartekoa arratsaldero berdindu ohi dut nik, eta fuet osoa haginkadaka bi minututan irensteko gai diren horietakoa naiz, zehaztu dezadan ezer baino lehen. Hala eta guztiz ere, mendekotasun fisikoa baino ez da hori, eta nire kontzientzia txarrak garaipen ozena opa die matxino beganoei. Komando naturista batek Burgosko odolkia erosten atzeman, eta ni ere lukainka bilakatuko nau noizbait, jakitun naiz. Aita parrilari hiperaktiboa izaki, diana ipiniko diote laster etxeko fatxadan, baina ez du piperrik axola horrek (kontu honetan piperrek asko axola badute ere). Txuletarako erabiltzen ditugun behien puzkerrek glaziarrak urtzen dituzte. Ni behin izan naiz glaziar batean. Ordura arte ez nintzen sekula hain ezdeus sentitu.
Leave a Reply