Danel Agirre
Gizonezkoen 40. urtemugako krisiak oso prentsa kaskarra du. Kokaina beranduegi ezagutu, emaztea popatik hartzera bidali, auto garestia erosi eta arrasto pare baten truke neska gazteekin oheratzen saiatzeari ekiten dion abokatu okaztagarriarekin lotu ohi nuen nik ere oraindaino. Deskuidatuta nenbilen: badira bizitzaren erdibideko oso bestelako txakalaldiak. Tristeak orobat, patetikoak nahi baduzu, baina ez hain friboloak. Esku-eskura —ezin freskoago— nire kasua dut. Eta horixe kontatuko dizut, axola ez bazaizu.
Hain urrun sumatzen nuen tarteko helmugara tupustean ailegatu naiz ia, eta oraindaino prekaritatetik aldentzeko modurik topatu ez dudanaz jabetzeak toki nahiko ilunean nauka. Aspaldi ez dela, nire egoera ekonomikoak ezinbestean, modu naturalean hobera egingo zuen konbentzimendua nuen. Esna mantendu, edozerekin proba egiteari ikararik izan ez, eta jendearekin txukun konplituz gero, ordainak ere ezinbestean emendatuko zirenaz ziur nintzen. Kalkulu akats handi samarra izan zela idatziko dut, nire arinkeria modu zehatzagoan definitzen ez hastearren.
Zazpi urtetik gora daramatzat Berlinen osasun txartelik gabe. Autonomoentzat zergak gurean baino askoz altuagoak dira Alemanian, eta Gipuzkoako Ogasunari baino ezin dizkiot ordaindu. Eskerrak katarro tontorik ere harrapatzen ez dudan: benetan gaixotuz gero, etxera itzultzea beste erremediorik ez litzaidake geratuko. Hilabete bukaeraero kontu korrontetik agurtu ohi nauten berrehun euroak gobernatzea diziplina artistiko bilakatu dut ia.
Nire patu miserablea modu dramatikoan aurkeztu zale naiz. Adin bereko adiskide gehienak antzeko itolarriek jota ikusteak ematen dit, ordea, urrik ere gainantzezten ari ez naizenaren ziurtasuna. Beranduegi baino lehen gutxienekoa kotizatu edo soldata barregarriak kobratzeari laga nahi, eta lan merkatura begiratu bezain pronto paralizatuta sentitzen dira. Gurasoek lagako dizkieten ondasun apurrak likidatzen imajinatzen dute beren burua, lotsatuta. Panorama tetrikoari konponbidea ipintzeko denbora bai, baina gero eta irteera errealista gutxiago sumatzen dituzte, duintasuna errendituta ere. Urrutiegi joan gabe, berripaper honetako behargin beteranoen artean errepikakorra den estualdia da.
Arrauna uretan sartu, eta orain arteko norabidea zuzentzeko ziaboga koskorra eman nahian iragan ditut azken hilabeteak. Eskola batean hautaketa prozesua pasatu dut, nire diseinatzaile profila Berlingo lantegien egungo eskakizunetara egokitzen ahalegintzeko. Ez dut matrikulatzerik lortu, elkarrizketa egin zidatenean “sektorean ohikoa den erritmo eta presioa jasateko” gai ez omen nindutelako ikusi. Enpresa teknologiko batean curriculuma botatzeko zaharregia naizela ohartarazi didatela, alegia, baselinarik gabe. Ordura arte estropezuka neraman 40. urtemugako krisia, baina ezusteko zapla honekin grogi geratu naiz.
Nirearen gisako trantzeetan lagunengana jotzea agintzen du kanonak. Zoritxarrez, zeren guztiek aholku txatxu berberarekin ernegatu naute: “Zergatik ez duzu irakaskuntzan probatzen?”. Doazela antzarak ferratzera, benetan. Zahartzaroa pobrezian igaro edo eskolak eman behar izatearen artean, tarteko bidexkaren bat baino ez dut eskatzen ni bezalako letretako gauzaezentzat. Kokaina —gehiegi— eta auto garestirik gabe.
Leave a Reply