Inurrien ekarpen txiki-handia

Inurrien ekarpen txiki-handia

Eider Goenaga Lizaso

Julene Illarramendiren ama Eba Elexpururi minbizia lehendabizikoz diagnostikatu ziotenetik hil artekoa hamar urteko prozesu gorabeheratsua izan zen. Illarramendik 10 urte zituen amaren bularreko minbiziaz hitz egin ziotenean. “Minbiziaz ez nekien ezer. Amari ilea eroriko zitzaiola soilik, eta ez nuela hori nahi”. Hamar urtetan asko ikasi zuen minbiziaz, horren ondorioez, gaitza duenaren eta gertukoen sufrimenduaz, itxaropenaz, indarraz…

Indarraz batik bat. “Indarra izan da gure oinarria urteotan. Amaren borrokatzeko grinak indartsuago izaten erakutsi digu, eta, amak utzitako indarra baliatuta, proiektu hau gauzatzera ausartu naiz”, dio Illarramendik. Ama hiltzean, minbizia dutenen alde zerbait egin behar zuela pentsatu zuen. Orain, bi urte geroago, egiten hasi da: “Ama ondoan sentitzeko modu bat da niretzat”.

Abuztuan eman zuen lehen pausoa. Sare sozialetan bere istorioa kontatu zuen, eta “talde, elkarte, sare edo dena delako bat” osatzeko asmoa agertu zuen, egoera berean dagoen jendeari eta laguntzeko prest dagoen orori deia eginez. “Eta denbora gutxian hemen gaude; hiru lagun gabiltza proiektuan buru-belarri, eta dagoeneko sare sozialetan salgai ditugu kamisetak eta boltsak”, azaldu du Miren Cuerdo Izagirrek. Diseinu Ingeniaritza ikasi zuen Cuerdok, eta berak diseinatu ditu Izan Iñurri taldearen logoa eta salgai jarriko dituzten lehen produktuetarako ilustrazioa.

Jone Zabala Sarratea da Izan Iñurriko hirugarren kidea. Arte Ederrak ikasi zituen, eta “halako saltsatan” ibiltzea atsegin du. Zalantzarik gabe esan zion baietz Illarramendiren laguntza eskaerari. Lasarte-Oriakoak dira hirurak, gurasoak lagunak dira, eta txikitatik ezagutzen dute elkar.

Umiltasunez eta pretentsio handirik gabe jarri dute martxan egitasmoa. “Nire ideia da zerbait sortzea, sortzen dugun hori saltzea, eta lortzen dugun diruarekin jendeari laguntzea”, azaldu du Illarramendik. Hurbiltzen zaien jendeak kontatutako istorioetatik abiatuta egingo dituzten ilustrazioak dira sormen lanak, eta lehen ilustrazioa Illarramendiren amaren istorioan oinarrituta dago.

Kasuak, banan-banan

“Guregana etortzen den jendearen istorioak entzun nahi ditugu, kasuak banan-banan aztertu, egoera guztiak ezagutu. Hortik abiatuta, ilustrazio bat egin, eta lortzen dugun dirua pertsona horren beharren bat asetzeko erabili”, esan du Cuerdok. Behar hori izan liteke materiala, izan liteke emozionala, ekonomikoa edo ez-ekonomikoa. “Izan liteke ileorde bat, izan liteke familiarekin bidaia bat, izan liteke laguntza psikologikoa ordaintzen laguntzea… Edozer izan liteke”.

Kasu bakoitzean pertsona bakoitzak behar ezberdinak dituela diote Izan Iñurri taldeko hiru kideek, eta Illarramendik amari eginiko oparia oroitu dute. “ETBko Maite Zaitut saiora joatea proposatu zidaten, eta nik banuen beharra amari zenbat maite nuen esateko. Zalantzak izan nituen, baina orain badakit diruz eros daitekeen ezerk baino ilusio handiagoa egin ziola amari saio hark. Berezia izan zen. ‘Hainbeste jendek maite nau?’, esaten zuen”.

Ama hil zenean, berriz, sare sozialetan haren ileordea eskaini zuten, norbaitek behar bazuen. “Jende askok eskatu zigun. Eta konturatu nintzen nire amak ez zuela ileordea erosteko diru arazorik izan, baina beste batzuek ezin dutela erosi. Beraz, gure asmoa da, mota batekoa edo bestekoa izan, behar horiek identifikatzen eta ahal den neurrian asetzen saiatzea”.

Lehen ilustrazioa

Izan Iñurrin jokatzeko eta lan egiteko modu bat jada pentsatua dute. Euren produktuak Euskal Herriko ekintzaile gazteekin elkarlanean egiteko asmoa dutela kontatu du Zabalak; eta, horren adibide, lehenengo kamisetak Zatzaizkit serigrafia tailerrean egin dituzte, Hernialden. “Agian produktuak garestiago aterako dira, baina gure apustua da, eta erosleari argi eta garbi azalduko zaio gastatzen duen zentimo bakoitza nora doan. Horretan oso gardenak izan nahi dugu”.

Zabalak, bestalde, tabuak apurtzeko gogoa aipatu du. “Minbiziaren inguruan zabaltzen diren irudien plastikotasunak, koloreak… ez dute benetan islatzen zer den minbizia. Guk hori azaldu egin nahi dugu, modu zuzenean”. Zabalak bularreko minbiziaren ikurra jarri du adibide: arrosa koloreko zapia edo xingola. “Sinbolo bat da, baina oso gutxitan erakusten zaizkigu gaitzaren benetako ondorioak; mastektomia batek uzten duen hutsunea eta orbana, adibidez”.

Laster salgai jarriko dituzten poltsa eta elastikoetan, bular baten lekuan orbana duen emakume bat ageri da. Aldamenean dituen bi emakumeri eutsita dago, eta inurriak dituzte gorputzean. “Amari asko gustatzen zitzaizkion inurriak, eta tatuatuta zituen gorputzean. Amak, ahizpak eta hirurok asmoa genuen hirurek tatuaje bera egiteko, baina ama berriro gaixotu zen, eta tatuajerik ez egiteko aholkatu zioten”. Hala, bi alabek inurriak tatuatu zituzten gorputzean. Orain, inurri langilea, Illarramendiren amaren ikurra zena, egitasmo berriaren ikur bihurtu dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.