Oinarrietara bueltatzeko saioa

Oinarrietara bueltatzeko saioa

Aitziber Arzallus

Herri eta hiriguneetan bizi den jendeak, oro har, urrun ikusten du baserria, eta ezer gutxi daki baserriko bizimoduaz. Berez, kilometrotan, distantziak ez dira handiak; esan liteke herritarrak eta baserritarrak elkarren ondoan bizi direla. Baina beste gauza bat da haiek zer irudipen duten. Eta urruntasun hori baserritarrek ere sentitzen dute, ikusten baitute herritarrek ez diotela baliorik ematen euren lanari. Baina nola emango diote balioa ezagutzen ez duten zerbaiti? Sektoreko zenbait eragilek egoerari buelta emateko hainbat jarduera abiatu dituzte azken urteetan.

Esaterako, EHKOlektiboak Baserriko Uzta egitasmoa sortu zuen duela bi urte. Baserria eta musika uztartzen dituzten jardunaldiak dira, eta, baserriko bizitza bertatik bertara ikusteko aukeraz gain, musika emanaldi batez gozatzeko eta etxaldean bertan bazkatzeko aukera ematen diete bisitariei. Orain, helburu bera baina formatu diferentea duen beste egitasmo bat sortu du kolektibo horrek: Biziaren Ahotsak. Lehen saioa Antzuolako Pikunieta baserrian egingo dute, urriaren 5ean, eta, besteak beste, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariek parte hartuko dute.

Biziaren Ahotsak egitasmoa “oinarri-oinarrietara, soiltasunera” bueltatzeko ahalegin bat izango dela azaldu du Josebe Blanco Pikunietako artzain eta EHKOlektiboko kideak. “Guretzat, elikadura eta ahotsa dira bizitzaren bi oinarriak, eta horiek erdigunean jartzea da egitasmoaren helburua”. Duten garrantzirik ez zaiela ematen uste du. “Elikatzea funtsezkoa dugu bizitzeko; jan gabe, hil egiten gara, eta badirudi hori ahaztu egiten zaigula. Nahikoa izaten dugu sabela betetzearekin, zerekin betetzen ari garen kontuan izan gabe”.

Herritarrek indarra “azaleko kontuetan” jartzeko joera dutela uste du, eta hori akatsa dela. “Ahaztu egiten zaigu lurrak ematen dizkigun elikagaiak direla bizitzara lotzen gaituztenak”. Eta kate horrek jarraitu egiten du. “Baserritarrak dira elikagai horiek ekoizten dituztenak; beraz, baserritarrik ez balego, akabo”. Osasun sisteman medikuak eta hezkuntza sisteman irakasleak behar diren bezala, elikagaiak ekoizteko baserritarrak ezinbestekoak direla dio. “Bizitzeko funtsezko dugun zerbait industria handien esku uzten ari gara, eta ez gara konturatu ere egiten horrek nolako kalteak eragingo dizkigun guri eta gure inguruari, elikagaiak ekoizteaz gainera beste funtzio asko ere betetzen baitituzte baserritarrek”.

Pikunietara joaten diren bisitariak horri guztiari buruz pentsatzen jarri nahi lituzke Blancok. “Egunerokoan ez dugu astirik hartzen halako gauzetan pentsatzeko. Dendara joan eta apaletan elikagaiak ikusten ditugunean, ez dugu pentsatzen zer egon daitekeen haietako bakoitzaren atzean; baina ariketa hori egin beharko genuke”. Ezinbesteko deritzo erosketak modu kontzientean egitearen garrantziaz jabetzeari. “Jakin behar dugu nora doan gastatzen dugun euro bakoitza, zer ekoizpen ereduren mesedetan, eta zeinen kaltetan”.

Azalpen horiek eta gehiago emango dizkie Blancok Pikunietara joaten diren bisitariei. Nola bizi diren eta nola lan egiten duten bertatik bertara ikusteko aukera izango dute. 140 buruko artaldea dute etxean, eta hortik ateratzen dute bizibidea. “Ez da artalde handia, baina nahikoa ondo zaintzeko; giza neurriko etxaldeen aldekoak gara gu”.

Herritarrek ez ezik, bi gonbidatu berezik ere parte hartuko dute bisitan: Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariek, hain zuen. Blancok herritarrei ematen dizkien azalpenak izango dituzte bertsotarako abiapuntu. “Haiek dira ahotsa jarriko dutenak, erdigunean eta bere soiltasunean”. Elikadurari bezalaxe, ahotsari ere daukan garrantzirik ez zaiola ematen uste du antzuolarrak. “Pertsonon adierazlea da ahotsa, eta komunikaziorako tresna ezin indartsuagoa. Ahotsak egiten gaitu munduaren aurrean, bere soiltasun eta indar guztiarekin. Horregatik nahi dugu ahotsa bakar-bakarrik, indartsu, unibertsoaren jabe egin dadin”.

Bisita bukatutakoan, Pikunietan bertan bazkalduko dute denek. Etxean ekoitzitako elikagaiak izango dira mahaiko protagonistak; ardikirik ez da faltako, beraz. EHKOlektiboko beste etxalde batzuetan ekoitzitako produktuekin osatuko dute menua.

Izen emateko aukera

Urduritasuna agerikoa du Blancok. “Alde batetik, gogotsu nago, badakidalako egun magikoa izango dela, errepikaezina, eta irrikaz nago zer sortzen den ikusteko”. Beste aldetik, aitortu du ardura handia sentitzen duela. “Horrenbeste jenderi etxeko ateak irekitzea ez da txantxa. Lan izugarria da guztia prestatzea; gauza asko izan behar dira kontuan, eta gu ez gara honetan adituak”. Urriaren 5ean Pikuenietan ehun bat lagun biltzea espero du Blancok. Parte hartu nahi dutenek badute izena emateko aukera, Ehkolektiboa.eus gunean.

EHKOlektiboari buruzko informazio guztiaz gain, elkarteko kide egiteko aukera ere eskaintzen dute webgunean. Etxaldeak, herritarrak eta erakundeak egin daitezke kide, Blancoren hitzetan, “guztion ardura delako”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.