Eider Goenaga Lizaso
Musikarekin lotuta oroitzen dute batzuek Xalbador Garmendia (Zaldibia, 1932-Anoeta, 2018), dantzari lotuta bestetzuek; besteak beste, Tolosako Udaberri dantza taldearen sortzaile izan zen 1957an, eta Zaldibiako abesbatzaren eta musika eskolaren sustatzaile 1968an. Kopuru aldetik obra ugari idatzi ez bazuen ere, antzerkigintzan eta literatura itzultzen eginiko lana nabarmenduko dute fokua literaturan jartzen dutenek; Historia triste bat antzezlana idatzi zuen, 1964an, eta hark itzulitakoen artean daude Albert Camusen Gizon zuzenak antzezlana, Antoine de Saint-Exuperyren Printze Txikia eta Gabriel Garcia Marquezen Heriotza iragarritako baten kronika. Garmendiak itzulpengintzan eta euskara zuzentzaile gisa egin zuen lan gehien: aipatutakoez gain, Gernikako Estatutua itzuli zuen, Zeruko Argia-n zuzentzaile aritu zen eta 21 urtez euskara arduradun izan zen Egin egunkarian, 1998an itxi zuten arte.
Euskarari eginiko ekarpenari dagokionez, euskaltzain urgazle izendatu zuten 1965ean, eta deklinabideari buruzko txostena aurkeztu zuen 1968an, Arantzazun, Euskara Batuaren sorrerako biltzarrean. Hezkuntza arloan ere jardun zen: euskara irakasle izan zen Santo Tomas lizeoan (Donostia), Laskorain ikastolan (Tolosa) eta EUTGn, eta ikastoletarako materiala sortzen ere ibili zen.
86 urteko ibilbide oparoa izan zen Garmendiarena. Iazko azaroaren 14an zendu zen, Anoetan (han bizi zen, 1977tik). Zaldibiarra bezain anoetarra zen Garmendia, eta bietan utzitako arrastoagatik eta eginiko ekarpenagatik omenduko dute. Anoetako eta Zaldibiako herritar talde bat aritu da omenaldia prestatzen, eta bihar izango da ekitaldia, 18:00etan, Anoetako plazan.
‘Historia triste bat’
Donostiako Jarrai antzerki taldeak 1965ean antzeztu zuen, lehendabizikoz, Garmendiaren Historia triste bat antzezlana, baina Garmendia ez zen, inondik inora, gizon tristea izan, eta horixe nabarmendu zuen Lourdes Otaegi euskaltzain urgazleak Euskaltzaindiak urtarrilean Garmendiari, Manex Pagolari eta Junes Casenaveri eginiko omenaldian.
Ikastolen Elkarteko proiektu batean egin zuten topo biek, eta euskal literatura irakasteko material informatikoa prestatzen aritu ziren: “Gure testuen zuzentzaile eta gainbegiratzaile gisa ekarri zuten Xalbador, azken orraztua ematera. Eta haren antzezlanaren izenburuak, agian, iradoki dezakeen susmo ilun guztiak gezurtatzen dituen energia handiko gizona begitandu zitzaidan. Ez baitzen batere tristea bera, umore prestu eta adiskidetsukoa azaldu zitzaigun gure lan osoan zehar”.
Garmendiak eginiko ekarpen guztien artean antzerkigintzari eginikoa nabarmendu nahi izan zuen Otaegik omenaldian. Joan Mari Torrealdairen Euskal idazleak gaur (1977) liburua aipatu zuen. “Torrealdaik gerra ondoko hutsunean sortua den hazaldiko belaunaldikide gisa aurkezten du Garmendia. Besteak beste, belaunaldi berekoak dira Patxi Altuna, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Joxe Mari Aranalde, Dionisio Amondarain, Gabriel Aresti, Mikel Atxaga, Bitoriano Gandiaga, Jesus Gaztañaga, Jose Mari Satrustegi eta Antonio Zabala”.
Joxe Azurmendiren hitzak gogoratuz, Otaegik dio literatur mugimendu heldu baten ezak markatu zuela belaunaldi hura, “bide irekitzaile” izan behar izan zutela. “Garmendiak, besteek bezala, lehen lerroko tokia dauka, noski, euskararen langile prestu eta saiatuen artean”.
Gabriel Arestirekin batera aritu zen lanean euskal antzerkia berritzearen alde. Historia triste bat obra Euskal Elerti 69 bilduman argitaratu zuen Arestik. Apurtzailea izan zen lan hura. Ondarroako Lore Jokoetako lehen saria irabazi zuen, eta iskanbila sortu zuen apaiz gazte ezezagun batek —gerora apaiz izateari utzi zion— euskal antzerkian inoiz jorratu gabeko gaiak landu zituelako: suizidioa eta prostituzioa, kasurako. “Labur esanik, euskal antzerkiaren modernizatze ibilbidean mugarri bat da Xalbadorren antzezlana”.
Otaegik Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua eleberriarekin parekatzen du antzezlanaren garrantzia. “Txillardegiren eleberriarekin kidetzen da Historia triste bat-en oihartzuna, bai eta Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako-rekin edo Anjel Lertxundiren Hunik arrats artean-ekin ere. Une garrantzitsuan sortutako lanak dira haienak, non euskara modernoaren moldatze lana ari zen gertatzen euskal fikzioaren berrikuntza gertatzen ari zen une berean”.
Antzerki lanak itzultzen jarraitu zuen bere ibilbidea Garmendiak, sormena ia erabat utzita. Egindako lanagatik “batuaren sorreran bide urratzaile izatearen ohorea” dagokiola dio Otaegik, Arantzazuko biltzarrean eginiko proposamenaz gain, haren lanek euskararen estandarizazioari eginiko ekarpena nabarmenduz. “Gipuzkoako euskaratik abiaturik, lapurterara hurbiltzen den asmo bateratzaileko euskara erabili zuen. Azpimarratzekoa da idazleak sakon ezagutzen zituela euskal klasikoak ere; izan ere, hizkuntza ulergarria izanagatik harena, jasoa baitzen era berean”.
Ezagutza horri erreparatuta, beste alderaketa bat eginez definitu du Otaegik Xalbador Garmendia: “Google baten parekoa zen gure Xalbador Garmendia, eta handia zen haren memoria: euskal klasikoen ezagutza handia zeukan, eta, batez ere, gipuzkera klasikoaren ezagutza izugarria”.
Leave a Reply