Imanol Garcia Landa
Birmoldaketa izan du Gipuzkoa Ogi Berri emakumezkoen txirrindulari taldeak. Datorren denboraldian ez du izango errepideko talderik, eta pistan bakarrik jarraituko du. Orain zazpi urte ekin zioten proiektuari; Tolosa CF elkarteak emakumezkoen txirrindulari taldea zuen orduan, baina partaide guztiak ez ziren gipuzkoarrak. Talde hori oinarri hartuta, Gipuzkoan sakabanatuta zeuden emakumezko txirrindulariak elkartu, eta, Gipuzkoa Ogi Berri izenarekin, proiektu berri bat osatzea erabaki zuten.
“Txirrindulariak hainbat eskolatan sakabanatuta zeudela ikusi genuen”, azaldu du Ainhoa Artolazabalek, orain arte Gipuzkoa Ogi Berriren errepideko alorraz arduratu den prestatzaileak. “Mutiletan ez bezala, nesken egutegian sartuta dago Euskaldun Torneoa, eta Euskal Herrian barrena ibili behar izan dugu asteburuero”. Horrez gain, tartean Espainiako Kopako lasterketa batzuetan ere parte hartu izan dute taldeko txirrindulariek.
Egitura zehatz bat eskatzen du, ordea, proba horietan parte hartzeak; auto bat, talde teknikoa… Lasterketa gehienak Gipuzkoatik kanpo izaten dira, gainera. “Egitura horren beharraz gain, arlo ekonomikoan ere mutilena baino garestiagoa izatea eragiten du horrek; gasolina dela, ordainsariak direla, lo egiteko lekuak direla… Aurrekontu handiagoa eskatzen du”. Egoera horren jakitun sortu zuten taldea, “neska horiei behar zituzten baliabideak emateko, eta egutegi horri aurre egin ahal izateko”, azaldu du Artolazabalek. Gipuzkoako Foru Aldundira jo zuten berehala, aurrera egiteko “ezinbestekoa” baitzuten diru laguntza.
Gipuzkoako hainbat eremutan emakumeen taldeak sor zitzaten sustatzea izan zen proiektuaren helburuetako bat. “Eta harrobiko taldeetan ere nesken txirrindularitza azaleratu beharra zegoela esan nahi zuen horrek; ikastetxeetara joan beharra geneukala ikusi genuen nesken txirrindularitza ezagunago bihur zedin”. Artolazabalek argi ikusi zuen azpitik ezer erein gabe goiko taldea bakarrik sortuz gero ez zutela bide luzerik egingo, eta horregatik hasi ziren eskola kirolean txirrindularitza eskaintzen: “Ez lehiaketa moduan, jolas moduan baizik, garraiobide moduan, beti kontuan izanik emakume batek izan beharra zeukala erreferentziazko pertsona. Ikastetxe bakoitzeko neskek txirrindularitza ere existitzen dela ikustea zen erronka”.
Hiru talde martxan
Gipuzkoan zazpi urteotan egindako lanari esker, emakumezkoen talde bakarra izatetik hiru izatera igaroko dira datorren denboraldian: talde berri bat sortzekoak dira Irunen, Allerru taldeak bere bidea egiten jarraituko du Errenterian, eta Oriako Txirrindulari Eskolak ere lanean jarraituko du Tolosan. “Harrobiko txirrindularientzako nahikoa talde bazegoela iruditu zitzaigun, eta, beraz, dauden horiek ondo hornitu behar direla. Horregatik erabaki genuen Gipuzkoa Ogi Berriren proiektua bertan behera uztea”, zehaztu du Artolazabalek. “Zehaztuta zegoen ibilbide hori, eta txirrindularitzan hasi nahi duen edonork nahikoa aukera badauka inguruan”.
Gipuzkoa Ogi Berri taldea ez da desegingo, ordea, eta hiru txirrindularik jarraituko dute pistan: Tania Calvok (Gasteiz, 1992), Eukene Larrartek (Tolosa, 1998) eta Garazi Estebezek (Aretxabaleta, 2002). Abiadura probetan aritzen da Calvo, eta iraupeneko probetan Larrarte eta Estebez. Horiek biek pistako entrenamenduen osagarri gisa egingo dituzte errepideko saioak. Eneicat Pecafer UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren bigarren mailako Espainiako taldeak fitxatu du Larrarte, eta Gipuzkoa Ogi Berri taldearen maillotarekin lehiatuko da Estebez. “Baina kontuan eduki behar dugu hemendik aurrera pistakoa bakarrik izango dela gure proiektua eta horrek izango duela lehentasun guztia”, azaldu du Artolazabalek.
Emaitz Izagirre da pistako arduraduna. “Gipuzkoan ez dago pistan lehiatzeko beste talderik, eta are gutxiago goi mailan”. Artolazabalek gaineratu du errepidean aritu nahi duen txirrindulariak baduela aukerarik bere ibilbidea egiteko, badaukala aukera UCI mailako taldeetara iristeko. “Baina pistan ez da gertatzen halakorik, eta horixe da gure helburua, pistan aritu nahi dutenek aukera izatea”. Gizonezkoek ez daukate pistako talderik. “Eta hori da proiektu honen aukeretako bat, mutilak ere nahiko genituzkeelako taldean. Aldundiari mahai gainean jarriko diogu asmo hori, eta ikusiko dugu zer erantzun eta laguntza jasotzen dugun”, azaldu du Izagirrek.
Maila handiko txirrindulariak
Hiru txirrindularien maila nabarmendu du Izagirrek: “Pistako Europako Txapelketan parte hartu berri dute, eta goi mailan daude hirurak; egindako lana fruituak ematen ari da. Espainiako txapeldun izan dira hirurak, maila guztietan, eta podium mordoxka bat lortutakoak dira, gainera”.
Duela zazpi urteko errealitatearekin alderatuta, emakumezkoen txirrindularitza “osasuntsu” dagoela azpimarratu du Artolazabalek: “Baina ezin gara despistatu. Horregatik esaten dugu ezinbestekoa dela harrobian lan hori egitea, eta komunikabideetan ere garrantzitsua da emakumeen txirrindularitzaz aritzea”. Gaur egun, “lehen ez bezala”, telebistan emakumezkoen txirrindularitza ikus daitekeela goratu dute biek. “Gaur egun, bolada onean gaude, baina ezin gara lasaitu. Lanean jarraitu beharra daukagu”.
Leave a Reply