Danel Agirre
Berriemaile —patetiko samar— gisa eman ditudan orain arteko bi hamarkadek highlight bakarra laga dute, baina munta handikoa: izan ere, Michael Jackson hil, eta nik kontatu nion Xabier Saldiasi. 2009ko ekainaren 26 gaueko ordu bata aldera, kuadrillakoak sanpelaioetako txupinazo ondorengo kalejiran Joshe Marira iritsi eta gutxira, telebistak ohiko programazioa eten zuen Los Angelesetik zetorren abisua pasatzeko. Zurbil geratu ginen, Poparen Erregeak Bad diskoa atera zueneko azal tonalitatearekin, hain zuzen ere; edo hor nonbait. Kanpoaldean, Musika plaza zentrifugatzen ari zen Egan, eta, ordu txikitan soilik eskuratu ohi den buru-argitasunarekin, premiazkotzat jo nuen bizirik geratzen zen abeslari handienetakoa jakinaren gainean ipintzea. Ez zen une aldrebes samar bat probokatzearen irrika izan, are gutxiago eszenak Hitzarako eman zezakeela pentsatu nuenik (zutabe bat izatea ameskeriatzat nuen hartan, ez zizkioten, orain bezala, edonori ematen). Funtsean, komunitatearekiko ardurak mugitu ninduen, ez beste ezerk.
Koristak errematatzen ari ziren pieza baten azken akordeekin, kioskora igo, eta Saldias atzealderantz erretiratu izana baliatu nuen haren arreta neureganatzeko. Informazioa zapla bota nion, izan zezakeen efektuarekin gehiegi kezkatu gabe, eta, istant batez, benetan ikaratu nintzen. Kuadrillakoak baino are zurbilago geratu zen gizona, Poparen Erregeak Dangerous diskoa atera zueneko azal tonalitatearekin, hain zuzen ere; edo hor nonbait. Kasuen la mar edo mekatxis la sombra batekin eskertu zidan albistea, eta gertakari miresgarri baten lekuko izan nintzen segidan. Eragindako atsekabea zela eta, emanaldia bertan behera geratzeko arriskua susmatu nuen nik, baina kastako artistek bakarrik lor dezaketen moduan suspertu zen Saldias. Jackson omentzera zihoala mikrofonotik iragarri, eta —nire begirada alderdikoia izango da akaso— kemen kolosalarekin errematatu zuen eginkizuna. The show must go on, eta eta Zu maisu on abesteko erreflexurik izan ez zuen.
Harrezkeroztik, tenplearen pertsonifikaziotzat dut Xabier Saldias. Patuaren azpijoko bihurrienak korrokada ozen batekin digeritzen ditu; aurrez aurre egiaztatu nuen hori. Orain, gerta dakiokeen ezerk ez nau sobera estutzen. Erlo telebistan egin zioten elkarrizketa batean, baietz irmoarekin erantzun zion hil baino lehen euskal estatua ezagutuko ote zuen galderari. Boluntarismoak eragindako irristada izan zen, ez da geopolitikaz piperrik jakin behar ezinezkoa denaz jabetzeko. Azken balantzearen orduan (mende erdi falta zaio gutxienez; Realean euskarri jokatzeko dago), Saldiasek ez du lagako iragarpenarekin poto egin izanak agurra zapuztu diezaion. Tira, hamar segundoz baino ez nuen ezagutu, baina askotan ez da gehiago behar izaten.
Pazientzia gihar bat dela dio topikoak. Sarri landu ohi dut nik, eta itxarongela batean hiru ordu zain egon beharrari benetako afizioa diot egun. Baina patxada bizeps samarra da, meriturik gabe puzteko modukoa. Trebatzeko zailagoa da estoizismoa, portaeraren muskulu abdominala, eta nik sixpack-a nahi dut. Moda guztien aurka ipintzea eskatzen du: egun, hutsaren hurrena da eragozpenekiko jendearen tolerantzia. Plastateko hura eman ziotenean Rajoyk azaldu zuen baretasunaren bila noa. 2009ko sanpelaioetako ikasgaiari jarraikiz.
Leave a Reply