Eider Goenaga Lizaso
Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzuan ari da lanean Edurne Mendizabal sexologoa (Hernani, 1972). Urteak daramatza Arremanitz kooperatiban sexu hezkuntzako proiektu integralak egiten; baina badira urte batzuk sexologia zerbitzu publiko eta doakoen beharra ikusten zutela. Azpeitian eta Hernanin ari dira horretan 2014tik, bi udaletako parekidetasun sailek sustatuta —Arremanitzek garatzen ditu Plax! zerbitzuak—. Banako zein taldeekin egiten dute lan, eta taldeko tailer batekin dabiltza orain bi herrietan: Erditzearen eta seme-alaben ondorengo sexualitatea, elkarbizitza eta erotika.
Zergatik antolatu duzue tailerra?
Sexualitateaz ari garenean, ez gara ari soilik sexuaz; hori baino gehiago da: norberak bere bizitza nola bizi duen, bere desioak, bere identitatea… Eta hori dena aldatuz joaten da bizitza osoan zehar; ez da berdina nerabezaroan edo amona zarenean, eta modu berriak asmatu behar izaten ditugu. Eta oso aldaketa handiak dira seme-alabak izan ostekoak; gorputzean, sozialki edo lagunartean, lanean, desioan… Panorama guztiz berri batean gaude, eta, gainera, esaten dizute oso zoriontsu sentitu behar duzula; eta bai, garai handia da, eta zoriontsua da, baina, aldi berean, oso gogorra ere bai. Guraso izateak poz handia dakar gehienetan, baina sarri zailtasun eta iluntasunak ere bai. Beti ez da zorionekoa, ez hemen ezta beste herrialde askotan ere; gaizki pasatzen da, eta, gainera, badirudi ezin dela esan.
Hori lantzen duzue tailerrean?
Horri begira jartzen gara: nola egin aurre aldaketa horri, bikoteak ekuazio horretan zer toki izan behar duen, nola negoziatu… Harremana zaintzeaz arituko gara, baina baita bakoitzak bere burua zaintzeaz ere. Emakumeok zama historiko bat dugu zaintzarekin, eta hori arintzen ikasi behar dugula uste dut. Zaintza erdigunean jarriz, beti, baina ez umeen zaintza bakarrik, norberarena eta harremanena ere bai. Modu berriak asmatzea eskatzen du horrek, eta merezi du arreta pixka bat jartzea.
Eta zertan jarri behar da arreta?
Gizon edo emakume gisa hezia izateak sozializazio espezializatu bat dakar; maitasuna, zaintza eta desioa ez ditugu modu berean jaso, eta lehenengo pausoa da horri buruz hitz egitea, hausnartzea, geure buruari barre egitea, eta, hortik abiatuta, negoziazio tresna batzuk eskuratzea, bizitzeko modu berri hori elkarrekin asmatu ahal izateko.
Askotan txantxa tonuan hitz egiten da gai honi buruz; kosta egiten da serio hitz egitea.
Umorea ondo etortzen da beti, baina ez da txantxa, eta garrantzitsua da sexologiaren ikuspegitik gogoetarako espazio bat eskaintzea. Hasteko, zergatik garen guraso, zer den maitasuna, zer den desioa… Horiei erantzunda, elementuak atera behar ditugu gure beharrak identifikatzeko, eta esateko “nik hau nahi dut, eta horrela negoziatuko dut”.
Ohikoak izaten dira errealitate berrira egokitzeko zailtasunak, ezta?
Amaren kasuan, adibidez, gorputza bera alda daiteke. Bestalde, ja ez zara zu bakarrik; beste baten ardura duzu, zure lehentasunak, munduari begiratzeko moduak, ekonomia, lagunen sarea, aisia, lana… dena moldatu behar da. Eta harremanaren kudeaketa ere bai. Eta kirola egiteko tarte bat hartzeko edo lagunekin ateratzeko negoziatu egiten bada, bikote harremana ere negoziatu egin behar da.
Negoziazioarena bizpahiru aldiz aipatu duzu jada.
Oso nirea da negoziazio hitza. Kontua da adostasuna lortu behar dela. Ezinbestekoa da gauzak hitz egin eta adostea, eta malgutasun handia izatea. Gakoa da esan gabe gelditzen diren mila gauzari hitzak jartzea, eta lasaitasunez horri buruz hitz egitea, batak besteari ezer leporatu gabe, norberak sentitzen duenetik abiatuta.
Nekea, intimitaterik eza, denbora falta… Zein dira guraso izan ostean sexu harremanak baldintzatzen dituzten faktoreak?
Horiek denak eta gehiago ere bai. Egunak 24 ordu ditu; norberak jarri behar ditu lehentasunak. Eta bestearekin hitz egin: zu zerekin geldituko zinateke konforme, eta ni zertarako egon naiteke prest… Badirudi sexu harremanetan beti egon behar direla erromantizismoa, sarketa, orgasmoa… baina, agian, ez. Aukera pila bat daude eta parte hartzen dugunon asebetetzea aldiro bilatzea da gakoa.
Ama izan ostean gogoa gutxitzen da?
Ez nizuke erantzun borobil bat emango. Baina, adibidez, umeak oso txikiak direnean, behar fisiologiko oinarrizkoenak izan daitezke lo egitea, kaka bakarrik egin ahal izatea, bakarrik dutxatzea… Eta lehen genuen erotika, agian, ez da oinarrizko behar horietan sartzen. Horregatik da garrantzitsua norberaren beharrak argi identifikatzea, eta adieraztea, eskatzen jakitea; eta entrenamendua behar dugu hor.
Adibide bat jar dezakezu?
Asmatzen ari naiz, baina batek esan dezake “nik sarketaren bat egin nahi dut astero”; bueno, bada, elkarrekin hitz egin, eta, besteak duen gogoaren eta nahiaren arabera, negozia liteke beste zerbait: ukituak, masturbazioa, maiztasuna… Bestearen beharrak ukatzea ez da inoiz irtenbidea; zenbat eta gehiago ukatu, orduan eta handiagoa baita gogoa. Baina norberaren beharrak ere sartu behar dira ekuazio horretan. Oso mingarria da zure beharrak kontuan hartuak ez izatea, eta, ondorioz, garrantzitsua da bestearen beharrak ezagutu eta kontuan hartzea.
Beharrak identifikatzen ere ikasi behar da?
Noski. Bakoitza modu ezberdinean senti daiteke maitatua, eta horretaz hitz egingo dugu tailerrean. Nola maitatzen duzu, eta nola sentitzen zara maitatua? Nola zaintzen duzu, eta nola sentitzen zara zaindua? Agian nik ez dut behar esatea maite nauzula, baizik eta beste modu batera adieraztea, eta, halako une batean, maitatua sentitzea izan daiteke zure ondoan dagoenak zuri karga bat kentzea. Baina, noski, zure ondoan dagoen hori ere ezikusia sentitzen bada, bere beharrak ez baditu aseak sentitzen, zureak asetzeko gogoa ere ez du sentituko.
Umeak ekarri aurreko garaien nostalgia ere bada?
Bai, eta gauza batzuk ezin dituzu egin, baina beste mila egin ditzakezu. Batzuetan nahikoa da ordu erdi bat; adibidez, zu eta ni paseatzera joateko. Ordu erdi bat lortzea ez da hain zaila; beste gauza batzuetarako lortzen dugu. Bada, jar ditzagun tratu on pilulatxo txikiak, gure buruarekin eta gure harremanetan. Lurra ongarritu gabe, lurra goxatu gabe, ezin dugu espero lorea ateratzerik.
Leave a Reply