Aitziber Arzallus
Arrauna eta futbola dira kirol nagusiak Orion. Oraintsu arte hala izan da, behintzat. Baina bada azken urteetan indarra hartu duen beste kirol bat, emakumeen artean, batez ere: eskubaloia. Hori horrela, Eragin eskubaloi kluba sortu dute herrian. Soilik neskez osatutako kluba da; ezaugarri hori duen Gipuzkoako eskubaloi elkarte bakarra. Abian den denboraldian, ehun neska inguru ari dira kamiseta horia soinean.
“Duela lau urte hasi zen guztia”, gogoratu du Idoia Larrañaga Eragin klubaren sortzaileetako batek.”Orioko ikastolan neska talde bat zegoen eskubaloia asko gustatzen zitzaiona, eta tutorearen bitartez Zarauzko klubarekin hitz egin zuten herrian eskubaloian jokatu ahal izateko”. Orioko Herri Ikastolak eta Zarautz Kirol Elkarteak hitzarmen bat egin zuten, eta, horri esker, haurren talde bat osatu zuten Orion. Talde hark Orioko Herri Ikastolaren izenarekin jokatuko zuen, baina Zarauzko elkartearen babespean. Larrañagari proposatu zioten taldearen ardura hartzea. “Orion bizi naizen arren, zarauztarra naiz, eta eskubaloian ibilitakoa; baietz esan nien”. Garikoitz Garagarzak eta biek hartu zuten neska talde haren ardura.
Hortik aurrerakoa “bilatu gabe” etorri dela dio Larrañagak: “ustekabean”, neska haiek atzetik zetozenen “eredu” izan direla. “Ikusten zuten neska talde bat eskubaloian jolasten, ondo pasatzen, herrian kirol berri bat egiten, kiroldegiaren barruan, eta eurei ere probatzeko gogoa piztu zitzaien”. Halaxe, eskubaloian jokatzeko zaletasuna handituz joan da, eta urte gutxian indar handia hartu du kirol horrek herrian.
Iazko neguan erabaki zuten Orion eskubaloi elkarte bat sortzeko urratsa egitea. “2019-2020 denboraldirako aurreikuspenak egiten hasi ginen Garikoitz eta biok, eta ikusi genuen denboraldi honetan laurogei baino gehiago izango zirela eskubaloian jokatuko zuten oriotarrak. Kopuru hori ikusita, pentsatu genuen garai egokia izan zitekeela geure aldetik lanean hasteko eta herrian eskubaloi elkarte bat sortzeko”. Lan asko egin dute ordutik, elkarte bat hutsetik sortzea ez baita txantxa, baina proiektuak izan duen harrerarekin “oso pozik” daudela adierazi du Larrañagak. “Jokalarien gurasoen eta herritarren laguntza ezinbestekoa izan da, eta izango da aurrerantzean ere”.
Eragineko kideek ate asko jo behar izan dituzte hilabete hauetan kluba sortzeko eta osatzeko baliabideak biltzeko. Eskubaloiarekin lotura duten hainbat herritarrengana jo zuten aurrena, eta haietako zazpik osatu dute Eragineko zuzendaritza taldea. Babesleak ere bilatu behar izan dituzte. “Hasieran, babesle handi bat bilatzea pentsatu genuen, baina konturatu ginen ez direla horretarako garairik onenak, eta errazagoa izango zitzaigula babesle txikiak topatzea”. Halaxe egin dute: herriko lau enpresak babestuko dituzte Eragin klubaren bost taldeak. “Lehen urtea izanik, jokalari bakoitzari bere arropa erosarazi diogu. Beraz, kamisetetan ez dute babeslearen izenik eramango, baina taldeek babesleen izena izango dute”, azaldu du Larrañagak. Babesle txikiagoak proiektura lotzeko kanpaina ere egin dute herrian. “Dendaz denda ibili gara babesle txikiagoen bila, eta harrera oso ona izan dugu”. Laguntza pribatuaz gain, publikoa ere jaso du Eragin eskubaloi klubak; hala nola Orioko Udalarena eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena. “Eta Aiako Udalak ere lagunduko digula jakinarazi digu, bertako hogei bat jokalari ere badaudelako klubean”. Laguntza guztiak “ongi etorriak” izango direla nabarmendu du Larrañagak, “hasieran dena gastua delako”. Izan ere, talde gehienak Karela kiroldegian entrenatzen diren arren, entrenamenduetarako materiala elkarteak erosi behar izan du.
Balioak, emaitzen aurretik
Ehun bat jokalarik osatzen dute Eragin, hainbat kategoriatan banatuta. Federatutako bost talde osatu dituzte aurten: kadete mailako bat du, gazte mailako beste bat, eta haurren mailako hiru. Horiez gain, eskubaloi eskolako gaztetxoak eta eskola kirolean aritzen diren gaztetxoak ere baditu.
Gazte mailako taldea ateratzea izan da elkartearen lehen denboraldiko erronketako bat. Gaur egun arte, Zarauzko bost taldetan bereizita jokatu dute orain Orioko gazteen taldea osatzen duten hamabost gazteek. Baina, Eragin sortu dutenean, herrira itzultzea erabaki dute. Eraginen izenean lehen aldiz ari direnez, Gipuzkoako gazte mailako liga jokatuko dute denboraldi honetan. “Badira maila hobea duten jokalari oriotarrak eta Zarautzen geratzea erabaki dutenak, eta ondo deritzogu, ez dugulako nahi herriko kluba oztopo izaterik jokalarien garapenerako”, adierazi du Larrañagak. Jokalari horiek laguntzaile dituzte Eraginen, beste maila batzuetako taldeak entrenatzen.
Eskubaloia utzia zuten lau bat neska ere animatu direla nabarmendu du Larrañagak, eta hori “oso pozgarria” dela eurentzat. Hori baita Eragin klubaren helburuetako bat, neska gazteak kirola egitera bultzatzea. Helburu handirik jarri gabe hasi direla adierazi du Garagarzak, balioak lantzea dutela xede: “Talde kohesioa ari gara lantzen, zerbaiten parte direla sentitzea, atxikimendua eta motibazioa, eta emaitzak etorriko dira”.
Leave a Reply