Eider Goenaga Lizaso
Dislexiaren diagnostikoa lortzeko luze borrokatu ondoren, eta Dislegik ume dislexiadunen gurasoekin antolatutako bilera batean beste familiekin esperientziak partekatu ostean, errealitate hori ezagutzera eman behar zuela pentsatu zuen Nekane Lazkanok, Ner Group-eko Tolosa Arretxe lantegiko langileak. “Ikusi nuen ezezagutza handia dela dislexiaz ari garenean, jendeak ez dakiela zer den, zer zailtasun dakartzan, edota zein zaila den arazoarentzako erantzun egoki bat topatzea”, pentsatu zuen.
Eskura zuen norabide horretan pauso bat emateko tresna. Ner Group osatzen duten enpresetako langileek lan orduen %2 helburu sozialetarako proiektuetarako erabili behar dute, eta ikastetxeek dislexiaren lanketan sakontzeko proiektu bat gauzatzea proposatu zuen. Onartu egin zioten proposamena, eta Dislegi Dislexiaren Gipuzkoako Elkartearekin harremanetan jarri ostean, anbizio handiko proiektu bat jarri zuten martxan: Dislexia ON.
Britainia Handiko Dislexya Friendly Schools eredua du abiapuntu. Ikastetxe horietan protokoloak, detekzio azkarrerako tresnak, egokitutako eskola materialak… dituzte, eta horrek guztiak kalitate marka bat eskuratzea ahalbidetzen die. “Hemen antzeko zerbait egin zitekeela pentsatu genuen”, dio Miren Urkijo Dislegiko lehendakari eta dislexia duen batxilergoko ume baten amak. “Gure hezkuntza sistema, askotan, ez da nahikoa izaten ume hauen beharrei behar bezala erantzuteko”. Dislexia ON egitasmoan partaide izango diren ikastetxeek “dislexiaren ISO moduko bat” lortuko dute.
Dislegik urteak daramatza ikastetxeekin elkarlanean. Izan ere, haren lanaren zati handi bat dislexia duten umeen gurasoentzat da, baina ikastetxeekin, irakasle eskolekin eta irakasleekin ere aritzen da, bai formakuntzak eskainiz, bai behar duten laguntza eta aholkularitza emanez. Dislexia duten umeen gurasoek sortutako elkartea da Dislegi, eta familiei laguntzea du helburu. “Baina, argi dago ikastetxeei laguntzea, irakasleei formakuntza eskaintzea, eta baliabideak, estrategiak eta erremintak ematea dela dislexia duten umeei laguntzeko modurik onena”.
Egitasmoa martxan jartzea erabaki zutenean, proiektu pilotua Tolosaldeko ikastetxeetan abiatzea pentsatu zuten. Lazkanoren lankideak inplikatu dira batez ere egitasmo honetan, eta enpresa Tolosan egonda, bazuen zentzua eskualdean egiteak.
43 ikastetxetara joan ziren proiektua aurkeztera, eta hamabik eman dute baiezkoa. 6.000 ikasleri eta 400 irakasleri eragingo die. “Harrera oso ona izan da; zoratzen gaude”, dio Lazkanok. “Ikastetxeek proiektu asko dituzte, eta nahiz eta oso interesgarri eta beharrezkoa iruditu zitzaien, batzuk aurten ezin izan dira sartu, lan kargarengatik”. Hori saihesteko, prozedura malgua proposatu diete partaide izango diren ikastetxeei; bakoitzaren erritmora egokituko da proiektua.
Pozik daude, halaber, ikastetxe horietan hezkuntza ziklo osoa betetzen dutelako: HH, LH, DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketako zentroak daude zerrendan. Eusko Jaurlaritzaren 2019-2022ko aldirako Eskola Inklusiboa Garatzeko Esparru Planari egokituta dago egitasmoa,baita hark proposatzen duen DUA Ikaspenerako Diseinu Unibertsalari ere.
Herritarren %10ek dute
Mundu mailako datuen arabera, herritarren %10ek dislexia dute. “Hizkuntza guztietan agertzen da, baina prebalentzia aldatu egiten da hizkuntzaren eta alfabetoaren arabera. Ingeles hiztunen artean, %15era igotzen da, ahozkoa eta idatzizkoa elkarrengandik urrunago daudelako”, azaldu du Urkijok. “Horregatik, gure umeei, dislexikoak direnean, askoz gehiago kostatzen zaie ingelesa idatziz lantzea, nahiz eta agian ahozkotasun ona eta ulermen ona duten”, gaineratu du Arantza Elgezabal Dislegiko orientatzaile eta logopedak. “Hizkuntza latinoen kasuan, berriz, %4 eta %6 artekoa da batezbestekoa”.
Dislexia duten umeen kasuan, berebiziko garrantzia du diagnostikoak; diagnostikatu ezean, ezinezkoa baita arazoa konponbidean jartzea. “Baina, dislexia behar baino gutxiagotan diagnostikatu ohi da. Italian egindako 2012ko ikerketa batean jasotakoaren arabera, adibidez, hiru ume dislexiadunetik biri ez zaie diagnostikoa egiten”. Tratamendu egokirik jasotzen ez badute, dislexiadunek ondorioak jasaten dituzte haien bizitza akademiko osoan. “Alde horretatik, kezkagarria da eskola porroten %20 Ikasteko Zailtasun Espezifikoak dituzten ikasleen artean gertatzen dela”. Urkijok ziurtatu du Dislegiren gomendio eta irizpideek zailtasunak dituzten ikasle guztiei egingo dietela mesede.
Dislexia ONek hiru fase zehazten ditu ziurtagiriak lortzeko. Zigilu gorria lortzeko, ikastetxeak autodiagnostiko bat egin behar du, eta, horren bitartez, indartu behar dituen arloak identifikatu eta nabarmendu behar ditu, eta aldaketak egiteko formakuntza jaso. “Uste dugu ikasturte bat beharko dutela hau egiteko”, dio Urkijok. Ekintzen alorrean pausoak ematen hasten direnean lortuko dute zigilu horia. Eta zigilu berdea, Dislexia ON eskola ereduaren helburu guztiak lortzen direnean eskuratuko dute.
Zer da dislexia?
Dislexia ez da termino arrotza inorentzat, eta ia edonork du dislexikoren bat inguruan. Baina, benetan ezagutzen al da dislexia zer den eta zein eragin duen? Hori zen Lazkanoren kezka egitasmo honetan murgildu zenean. Ezezagutza handia dela dio Elgezabalek. “Horregatik, Dislegin dislexia zer ez den azaltzen dugu, askotan entzundako argudioak gezurtatzeko. Dislexia ez da adimen edo zentzumen desgaitasuna; ez da motibazio edo arretarik eza; ez da heldutasun falta; eta ez da arazo emozional baten ondorioa ere”. Tamalez, horrelakoak entzun behar izaten dituzte, eta horregatik da garrantzitsua ume bati diagnostikoa egitea, estigma horiek gainetik kentzeko.
Dislexiaren inguruko beste oker bat da dislexia sendatu egiten dela. Dislexia duen pertsonak bizitza osoan izango du, nahiz eta, trebakuntzaren bidez, lor dezakeen irakurtzea erraztuko dioten abileziak eskuratzea. “Baina, dislexiko batek beti irakurriko du polikiago, beti izango ditu zailtasunak”, azaldu du Urkijok.
Baina, orduan, zer da dislexia? “Jatorri neurobiologikoa duen eragozpena da. Idazmenarekin eta irakurmenarekin loturik dauden hizkuntza abileziei eragiten die; deskodetzeari, eta sekuentziazio fonologikoaren eta hizki trazuen pertzepzioari bereziki”. Defizit fonologiko bat izaten dutela azaldu du Elgezabalek. Entzuten dutena garunera joaten denean, transmisioan zerbait gertatzen da, eta beste fonema bat ateratzen zaie. “Antzeko artikulazioa duten hizkietan agertzen dira zailtasun handienak: B eta D, A eta E…”. Baina, ez da hori bakarrik. “Kosta egiten zaie, halaber, jarraibide asko segitzea. Sei edo zazpiko zerrenda bat ematen badiezu, pare batekin bakarrik geldituko dira”. Biderketa taulak, asteko egunak, hilabeteak, urtaroak, sekuentzia den guztia ikastea kostatzen zaie. “Horri lanerako memoria deitzen diogu, eta zailtasunak eragiten ditu hezkuntza prozesu osoan”. Dislexiari lotuta, diskalkulia eta disgrafia ere ager daitezke.
Baina ume hauek behar besteko balioa ematen ez zaien beste gaitasun asko izaten dituztela nabarmendu du Urkijok. “Eta argi utzi behar da dislexiak ez duela zerikusirik adimenarekin. Adimen handiko jendea ere izan daiteke dislexikoa. Aurten Kimikaren Nobel saria dislexiko bati eman diote”.
Ikasle horientzat garrantzitsua da komunikaziorako kanal egokia erabiltzea, eta Elgezabalek dio idatzizkoa ez dela beraien ezaugarrietara hobekien egokitzen dena. “Ulermenean ez dute problemarik, informazioa helarazteko kanal egokia aukeratuz gero. Abaniko oso bat eskaini behar zaio umeari: bitartekoak, baliabideak, irakurketarako estrategiak, tresnak, ikasteko modu alternatiboak… Dislexia ON egitasmoaren bidez, ikastetxeei lagundu nahi diegu abaniko hori ahalik eta osatuena izan dadin”. Haren esanetan, gero eta eskola gehiagok eskatzen diote informazioa Dislegiri. “Kezka badago, eta horri erantzuteko jarraibide sorta bat jasotzen du egitasmoak”.
Horien artean daude, besteak beste, komunikaziorako tresnak egokitu eta pertsonalizatzeko aukera —letra tipoa, tamaina eta paperaren kolorea aldatuz, adibidez—; adierazpen linguistikoen, matematikoen eta sinbolikoen argitasuna bermatzea; informazioa jasotzeko materialak egokitzea, audioak, irudiak edo sinboloak erabiliz; azterketetarako eta testuak irakurtzeko denbora gehiago ematea; ahozko azterketak egiteko aukera ematea edo azterketetan lagungarri izan daitekeen materiala erabiltzen uztea —formulak eta kalkulagailuak, adibidez—; ikasgaia lanen eta proiektuen bidez gainditzeko aukera ematea; ikasteko giro egokia sustatzea… Hori guztia landuko dute ikastetxeekin.
Ikastetxeekin elkarlana
Aste honetan bi formakuntza saio egin dituzte Ibarran. Autodiagnostikorako jarraibideak jaso dituzte. Ikasturte honetan egingo dute formakuntza eta gero jarriko dituzte martxan neurriak. “Guk eskainiko dizkiegun baliabide eta estrategiak gela osoan aplika daitezke, eta dislexia duten umeentzat ez ezik, zailtasunak dituzten guztientzat dira baliagarri”.
Tolosako Laskorain Ikastolako eta Orixe Institutuko orientatzaileak eta Zizurkilgo Fraisoro Lanbide Heziketako ikasketaburua izan ziren astearteko formakuntza saioan. “Irakurketa-idazketa arazoak oso presente ditugu, eta kasu horietan lan indibidualizatu bat egiten dugu, baina falta zaiguna da gelan erantzun orokor bat emateko modua, eta espero dugu horretan laguntzea”, esan du Laskoraingo orientatzaileak. Orixe Institutuan DBHko ikasleekin aritzen dira, eta etapa horretan zailtasunak areagotu egiten direla dio orientatzaileak. “Suposatzen da ikaslea irakurketa eta idazketa barneratuta datorrela. Eta zailtasunak dituztenek sekulako arazoak dituzte ikasketei aurre egiteko, materia guztia idatziz eta irakurriz jasotzen delako”. DBHn hutsunea LHn baino handiagoa dela uste du Orixeko orientatzaileak, eta arazoa orokorra dela DBHko zentro guztietan.
Euren zentroan arazoa areagotu egiten dela esan du Fraisorokoak. “Guk ez dugu ideiarik ere halako kasuetan nola jokatu. DBH 1 eta 2 mailetan oraindik badituzte orientatzaileak eta laguntza, baina gurean jada ez dago ezer, eta gurera ere iristen dira, noski, arazoak dituzten ikasleak”. Egoerarekin kezkatuta eta aipatutako hutsuneak osatzeko asmoz sartu dira zentro horiek proiektuan.
Leave a Reply