Aitziber Arzallus
Aspaldian armairu zuloko iluna besterik ikusi ez duten arropei berriz distira egiteko aukera emango diete, bihar, Azkoitiko Matadeixen egingo duten II. Mata Market azokan. Helburua da inork erabiltzen ez dituen jantziak, oinetakoak eta osagarriak berrerabiliko dituen norbaiten eskuetara iristea. Horregatik, azokan bigarren eskuko arropek hartuko dute lekurik handiena. Baina egongo da bestelakorik erosteko aukerarik ere; hala nola, Aizterri dekorazio dendako etxerako osagarriak eta apaingarriak, Zintzilikargi sortzaile gazteek eskuz margotutako poltsak eta Enreda Makina biltzaile eta ekoizleek material berrerabiliekin egindako motxilak, poltsak, kapelak, lepokoak eta abar.
Martxoan egin zuten lehenengo Mata Market azoka, eta bigarrena izango da biharkoa. Julian Balenziagak (Azkoitia, 1987) azaldu du martxokoaren “harrera bikainak” bultzatu dituela bigarrena antolatzera. “Jendea galdezka ari zitzaigun berriz halakorik egiteko asmorik bagenuen, eta jendea gogotsu zegoela ikusteak berriz antolatzera animatu gaitu”.
Mata Marketen oinarriak, ordea, duela bizpahiru urte jarri zituzten Balenziagak berak eta haren bikotekide Txaro Alberdik (Azpeitia, 1988). Armairuan hautsa hartzen zeukaten arropari aterabidea emateko asmoz etxean azoka txiki bat antolatu zutenean hasi zen dena. Kuadrillakoak eta beste lagunen batzuk gonbidatu zituztela azaldu du azkoitiarrak. “Merienda baten bueltan, sobran geneukan arropa atera genuen, eta nahi zutena hartzeko esan genien”. Horren ostean, lagunak hasi zitzaizkien esaten eurek ere bazutela erabiltzen ez zuten arropa. Baina “zerbait handiagoa” antolatzeko, “leku egokiagoa” behar zutela adierazi du Alberdik, “etxean ezin delako egin horrelako azoka bat”. Matadeixe etorri zitzaien burura. Balenziagaren hitzetan, bigarren eskuko azoka bat egiteko “leku aproposa” da Matadeixe, “bere filosofiarekin guztiz bat datorrelako”. Asmoaren berri eman zieten Matadeixeko lagunei, eta proposamenak “sekulako onarpena” izan zuela kontatu du Balenziagak. “Ideia oso ona iruditu zitzaien eta eskura jarri ziguten dena”.
Taldean antolatu zuten lehen azoka, eta halaxe antolatu dute bigarrena ere. “Jende pila batek eman du arropa, eta horietako gehienak azokan izango dira, euren aletxoa jartzen”, azaldu du Alberdik. Balenziagak nabarmendu du azokan salduko duten arropa guztia “lagunek musu truk emandakoa” izango dela. Hain zuzen, horrek ahalbidetzen die “oso merke” saldu ahal izatea, “prezio sinbolikoetan”. Bigarren eskuko arropak gehienez hamar euroan salduko dituzte. “Lortzen dugun dirua azokaren antolakuntzak sortzen dituen gastuak ordaintzeko erabiliko dugu, eta kito”. Bide batez, eskerrak eman dizkiete lagunei zein Matadeixeko kideei.
Azoka egunean ez ezik, aurretik ere behar izan dute ingurukoen laguntza, Alberdiren arabera “dirudiena baino lan handiagoa” duelako horrelako azoka bat antolatzeak. “Salduko dugun arropa ahalik eta txukunena erakustea komeni izaten da. Asto eta oholekin mahaiak muntatu behar izaten dira, oihalekin estali, apalategiak eta esekitokiak jarri, aldagela bat inprobisatu, ispiluren bat jarri…”. Matadeixen bertan dauden gauzak eta etxean dituztenak baliatzen dituzte horretarako. “Eta azoka bukatutakoan dena desmuntatu, txukundu eta lehen zegoen bezala utzi behar izaten da”. Martxoko azokan saldu gabe gelditu zen arropa bildu eta gorde egin zuten. Arropa hura eta azken asteetan bildu duten materiala aterako dute bihar.
Iagomago ere han izango da
Gabonetako opariak aurreratzen hasteko aukera polita izan daiteke biharkoa, edo baita norbere buruari oparitxo bat egitekoa ere, “sekulako maukak” egongo direlako. “Geure arropa egongo da, arropa ona, gaur egungoa, gutxi erabilitakoa edo berria”, zehaztu du azkoitiarrak. Eta denak Matadeixera joatera gonbidatu ditu, plan aproposa delako familian, lagunekin zein bakarrik joateko.
Azoka 12:00etan zabalduko dute, eta 18:00etan itxi. Ordutegia “egokitu” egin dutela azaldu du Alberdik. “Martxoan arratsaldez bakarrik egin genuen azoka, eta ikusi genuen 19:00etatik aurrera jende gutxi ibili zela. Hortaz, pentsatu dugu goizago hasi eta bukatzea. Umeekin doazenentzat ere egokiagoa da”.
Helduak arropa artean dabiltzan bitartean haurrak asper ez daitezen, gainera, haientzat egokitutako gunea egongo da, eta hainbat jarduera egingo dituzte. Bi begirale egongo dira. Carmen Olano (Azpeitia, 1997) da horietako bat. “Ume guztien artean mural erraldoi bat margotuko dute, eta material berrerabilia ere egongo da, eskulanak egiteko”. Berrikuntza gisa, gainera, Iagomago magoa gonbidatu dute aurten. “Arratsalde partean etorriko da azokara, eta gertuko magia egingo die bisitariei”. Dooteo arduratuko da azoka girotzeko musika jartzeaz, eta Matadeixeko barra ere zabalik egongo da trago bat hartu nahi duenarentzat.
Leave a Reply