Hegoi Belategi
Pedigridun txakur eta katu dotoreenak aukeratzeko lehiaketak oso ezagunak dira mundu osoan, eta baita Euskal Herrian ere. Katuak eta txakurrak, baina, txikiegiak dira, nonbait, Asier Etxeberria oiartzuarrarentzat; hark abelgorri handiei antzematen die dotorezia eta xarma. Azaroaren 2an eta 3an egin zuten, Zamudion, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako XXVII. Limusin Txapelketa, eta Etxeberriaren abereek parte hartze arrakastatsua izan zuten.
Zazpi buru eraman zituen oiartzuarrak, eta denak aritu ziren onenen artean; hiruk lehenengo postuan bukatu zuten, eta gainontzekoak bigarren izan ziren. Harena izan zen jaialdiko behirik onenaren saria ere, eta baita ukuilurik onenarena ere. Behi eta zezenen Dream-team-a (ametsetako taldea) eraman zuen Etxeberriak Zamudiora, baina bera “estu-estu” iritsi zela azaldu du, oinaze batetik osatu berri baitzen. “Txekor batek kolpe bat eman zidan buruarekin, eta belauna txikitu zidan”.
Jakina da behiak eta idiak esnetarako eta haragitarako erabiltzen dituztela baserritar gehienek, eta baserriko lanetarako ere oso lagungarriak izan daitezkeela, baina, hainbaten ustez, modelo izateko ere ezaugarri guztiak dauzkate. Homogeneotasuna “edertasunaren baliokide” dela azaldu du Asier Etxeberriak. “Irizpide jakin batzuk bete behar izaten dituzte; ez du balio bata bestea baino handiagoa izateak ala kolore ezberdinekoak izateak. Ez da nahikoa politak izatea”.
Finean, edertasuna baino gehiago, abelgorrien morfologia jakin bat epaitzen da horrelako lehiaketetan; hezur finak edukitzea, haragi asko ematea, tamainaz handiak eta sendoak izatea… Oiartzuarraren aburuz, “denetik pixka bat duena” izaten da behirik miretsiena. Abeltzainek hainbeste denbora igarotzen dute abereekin, ezen edertasun kanon bihurtu baitituzte balore praktiko zirenak.
Lidia zezenekin egiten duten prozesuaren antzekoa egiten dute behien eta idien kasuan ere: ezaugarri jakin batzuk dituzten animaliak sailkatzen dituzte, hurrengo belaunaldietan ezaugarri horiek indartzeko. Gizakiak genetikoki luzaz eragin du animaliengan, etekin handiagoak eman ditzaten, baina urrats bat gehiago da eragin horiek helburu estetikoei jarraikiz egitea. Horrelako lehiaketak bitxikeriaren barruan sartuko dituzte askok, baina garaiak aldatzen ari dira, eta Gipuzkoako XXI. mendeko lehen sektorea horrelakoa da inguru askotan.
Oiartzungo Ergoien auzoko Lete baserriko semea da Etxeberria. Mendiaren maldan kokatuta dago, eremu ederrean, bailarari begira. Etxaldera iritsi bezain laster, bi eraikin handi ageri dira bertan: bata, baserria bera; eta bestea, ukuilu handi bat, abelgorrien jauregia, alegia. Etxeberriak hamarnaka sari ditu paretatik zintzilik, eta argazki mordoa dauka sakelakoan. Bere “txikiak” seme-alabak izango balira bezala erakusten ditu oiartzuarrak, harro. Argazkiak egiteko angelu deigarria aukeratu du. “Soilik hirikumeek begiratzen diete behiei aurpegira; behiek atzean dituzte interesgune nagusiak. Abeltzainek horren arabera jakiten dute parean dutena animalia ona den ala ez”.
Benetako harrotasuna, ordea, “izarrak” desfilatzera ateratzen dituztenean sentitzen du Etxeberriak; Luzek eta Napoleonek, Zamudioko txapelketako izarretako bik ondo baino hobeto dakite hori egiten, irabazlearen zinta edo banda eta guzti. Dena dela, benetako izarrak etxean ditu Etxeberriak, Nagore emaztearen eta gurasoen laguntza eta babesa jasotzen baititu une oro. Ganaduzaleak berak aitortu du haiek gabe nekez lortuko zituzkeela garaikurrak.
Lete baserrian 1997an erosi zuten lehen abelgorria, eta ordutik haren pasioarekin bat egin dute ingurukoek. Ez dago kexatzeko, asteburuetan txakurrak zaintzen dituztelako batzuek, eta behiekin eta zezenekin ausartzen direlako beste batzuk. Etxeberriak abeltzaintza ez du ogibide; ez bakarra, behintzat. “Fabrika batean egiten dut lan”, azaldu du. “Eta behiak eta zezenak kapritxoz dauzkat, egia esan”.
Abeltzain gehienen moduan, Frantziako Limusin arrazakoak dira Etxeberriaren abelgorriak. Arlo ekonomikoa aintzat hartuta, “abantaila handiko animalia” dela azaldu du Etxeberriak. “Haragi asko eta ona ematen dute, eta gantza beste arraza batzuek baino lehenago garatzen dute. Harakinek gustura egiten dute lan Limusinekin. Erditze errazak izaten dituzte, gainera”. Haragiaren kontsumoa eta salmenta orokortu den garaian, Limusin abelgorriak bihurtu dira Euskal Herriko mendietako nagusiak, eta, Etxeberriaren hitzetan, “bigarren mailan” gelditu da bertako arraza eta Pirinioetakoa. “Argalagoa da”.
Saltzeko helbururik ez
Lete baserrian helburu gisa ez daukate haragia saltzea. Behiak eta zezenak heztea lanbidea baino gehiago zaletasuna da Ergoiengo familiarentzat. Hala ere, saldu, saltzen dituzte, bizirik badira ere. “Pena handiz” esaten diete agur, baina ez da txantxetakoa izaten diru kopurua. “Azken lehiaketan 6.000 eurotan saldu genuen txekor bat. Garestiena, ordea, Salamancan [Espainia] saldu zuten, enkantean. 10.000 euroren truk saldu genuen bi urteko txekorra. Kostatzen zaigu agur esatea, baina gutxitan izaten dugu hainbeste diru irabazteko aukera”.
Behi bat zaintzea ez dela merkea azaldu du Etxeberriak. “Eta 24 orduz adi egotea eskatzen du”, gaineratu du. “Baina, etekinak halakoak badira, merezi du. Hala ere, abelgorrien edertasuna da Lete baserriko etekin nagusia.
Leave a Reply