Danel Agirre
Gizakia baino animalia lerdoagorik ez da. Berari bakarrik okurritu zaio, izadi osoan, zazpi egunetatik bostetan bizitzeari uko egitea. Gainontzeko biak ahitu arte zukutzen dituenik ere ezin da esan, gainera. Lanarekiko baldintzapeko askatasuna baino ez du eskuratu ahal asteburuetan, eta antsietateak jota igaro ohi ditu. Bipolaritate haluzinagarria da: bere kondena etengabe madarikatzen du, enplegu sortzaileak heroitzat dituen bitartean.
Azken finantza krisiak egiaztapen umiliagarria laga du: lanak ez du dagoeneko piperrik balio. Egun, ekonomiaren funtsa ez datza salgai fisikoen ekoizpenean; sektore gehienak defizitarioak dira. Haizea baino ez diren titulu birtualen salerosketan dago plusbalioa, ez behinola bezala patroiak langileei ordaintzen dienaren eta produktuen prezioaren arteko dekalajean. Testuinguru horretan, prekaritatea saihetsezina eta itzulerarik gabekoa da. Sistemaren txapeldunek gutxienekoa baino ez diete bideratuko aurrerantzean beharginei, existitu beharko ez luketen lanpostuetan gehienak, errentagarriak ez diren jardueretan denbora galtzen ari direla jakinda. Espekulatzaileen dirua atzeman eta enplegatuen artean banatzearen promesa iruzur bat da. Kapitalismoaren puxika akzioen eta bestelako eratorrien haize beroak mantentzen du airean: zurrusta hori eten, eta zamak agudo amilduko du lurrera. Ezkerraren ustezko irtenbidea suizida da.
Automatizazioaren aroan, produkzioaren zurrunbiloak abiadura zentzugabea hartu du. Kobazuloaren kanpoaldera hurbiltzen ez diren bitartean, merkatuari berdin zaio peoiak zertan ari diren. Gizonezkook gure prestutasun eta konpetentzia berbera exijitu dizkiegu emakumeei ere, esfortzu hori guztia zertarako ote den azaltzeko gai izan gabe. Hilero bi kamiseta erosi eta Netflix pagatzeak ez du inor emantzipatzen, eta, hamarkada gutxi batzuk iraun zuen ilusioaren ondoren, behargina pobreziara itzuli da. Kontsumo merkearen frenesiak baliabide naturalak agortuko ditu laster, eta, lehen aldiz, zibilizazioaren kolapsoak entelekia izateari utzi dio. Hala eta guztiz ere, errealitate gero eta egoskorragoa ez du inork onartu nahi: lan egiteari laga behar dio gizakiak, ez burujabetzeko soilik, espeziea bera salbatzeko aukeraren bat izateko baizik.
Lehentasunik premiazkoena osasun larrialdi bati aurre egitea da. Menpekotasunez aritzerakoan, drogek ehundura sozialak apurtzeko duten ahalmena nabarmendu ohi da sarri. Farlopa edo apustuak familia bat hondatzeko gai dira, baina diruarekiko zaletasunaren botere suntsitzaileak ez du parekorik, eta inork du adikzioa izurrite baten moduan tipifikatu oraindik. Lanaren abandonua prestatzeko, erresistentziako jonkientzat tratamendu mediko zehatza beharko da. Gerrak antolatuko dituzte, betiko moduan gu engainatu eta elkarren artean liskar gaitezen saiatuko dira. Abstinentzia-sindromeen sintoma klasikoak baino ez dira, eta maitasunaren metadonarekin indargabetu litezke.
Amore eman, eta, auzoaren apologian, arnasgune minimoen defentsan murgilduta ditut adiskideak. Berealdiko akatsa da. Izan ere, historiako iraultzarik logikoenerako indarrak metatzen behar genuke aspaldi. Nik ere ez dut askorik egin ordainpeko lana iraungitzearren. Gaiari bi urtetan hiru testu eskaini baino ez, sosen truk gainera, kontraesana iduri lezake ia. Kobratu gabe idazteko irrikan nago ordea: soldatarik gabeko mundu batean, zutabegile hau eta bere berripapera askoz hobeak lirateke.
Leave a Reply