Miren Garate
Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) plataformako kideek ariketa bat egin dute: Interneten, Asuncion ospitalearen atarian sartu dira, Giza taldea jartzen duen atalean. Eta medikuen bilaketa bat egin dute hor, espezialitate bakoitzean zein mediku aritzen diren begiratzeko. Ondoren, Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialaren atarira jo dute, eta, Aurki ezazu zure medikua atalean, Asuncioneko lantaldean ageri diren pertsona horien izenak sartu dituzte. “Eta atera dugun ondorioa izan da %50ek ez dutela beren espezialitateari dagokion titulu homologaturik”. Mediku orokorrak direla jartzen die erdiei. Eta zenbait espezialitatetan egoera “are okerragoa” dela zehaztu dute plataformako kideek. “Traumatologian zazpi izen ageri dira, eta elkargoan bakarrak du espezialitatea homologatua. Zerbitzuaren burua ere mediku orokorra da”.
Plataformak urteak daramatza salatzen eskualdea diskriminatuta dagoela osasun arloan. Eta espezialisten homologazioak gainbegiratzea izan da bide horretan egin duen azken lana. Abenduaren 14rako batzar bat antolatu du, herritarrei egoeraren berri emateko. “Jendeak ez daki hau guztia. Norbait etortzen bazaie bata zuriarekin eta ‘traumatologia’ jartzen badio paparrean, %99,9k pentsatzen dute pertsona hori traumatologoa dela”. Plataformak dio enpresak horrekin egiten duela jokoa; hau da, ez duela esaten traumatologoak direnik: traumatologia zerbitzuan lan egiten dutela soilik esaten du. “Eta, enpresari kargu hartuz gero, hori erantzungo luke”.
Ospitale berezia da Asuncion: eskualdeko ospitalea izan arren, kudeaketa pribatua du, Eusko Jaurlaritzarekin duen hitzarmen baten eraginez. Gipuzkoan ez dago halako besterik. Era berean, Tolosaldea da, Urola Kostarekin batera, ospitale publikorik ez duen herrialdeko eskualde bakarra. Eta horrek zenbait alde sortzen ditu beste ospitaleekiko nahiz eskualdeekiko. Medikuen titulazioaren adibideari helduta, Osakidetzaren ospitaleetan ez dago espezialista lanak egiterik homologatu gabeko tituluekin; Asuncionen, bai, kudeaketa eredu horregatik. Abenduaren 14ko batzarrean, homologazioen gaiari buruzko azalpenak ez ezik, diru kontuei buruzko batzuk ere emango ditu TOPAk. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren 2017ko aurrekontuak oinarri hartuta, zenbait datu ekonomiko atera ditu: “Gure eskualdeak jasotzen duen diru kantitatea eta daukan biztanleria kontuan hartuta, pertsonako 170 euro gutxiago jasotzen dugu”. 64.000 biztanle inguru ditu Tolosaldeak, eta, kopuru hori 170 eurorekin biderkatuta, eskualdera urtean osasun arlorako beste eskualdeetara baino hamar milioi gutxiago iristen direla dio TOPAk. “Zortzi urte dira hitzarmena egin zutela, eta horrek esan nahi du 80 milioi gutxiago iritsi direla tarte honetan”. Horrez gain, Jaurlaritzak ospitale publiko bat egiteak eta hura mantentzeak dituen gastuak ere aurreztu dituela nabarmendu du plataformak. “35 urte daramatzagu ospitale publikorik gabe, eta, horri esker, kalkulatu dugu 80 milioi euro aurreztu dituztela”. Era berean, salatu du klinikaren irabaziak ez direla herritarrengana iristen. “Guztira, beraz, 185 milioi galdu ditugu beste eskualdeekin alderatuta”.
Horren eraginez, bi irabazle eta bi galtzaile nagusi daudela dio plataformak. “Enpresa eta Osasun Saila dira irabazleak: enpresa, ateratzen dituen irabaziengatik; eta Jaurlaritza, dirua aurrezteaz gain, sor daitezkeen lan gatazkak ere saihesten dituelako. Hori asko ikusten da kudeaketa pribatuko zahar egoitzetan ere”. Aldiz, plataformak dio herritarrak eta langileak direla galtzaileak.
Heren bat langile gutxiago
Hain zuzen, erabiltzaileen ikuspegitik egiten du TOPAk gertatzen ari denaren kritika. Alabaina, langileek eurek ere salatu dute egunotan Tolosako ospitaleko egoera. Abisua eman dute: “Egoera oso larria ari da bihurtzen”. Zuzendaritzak azken hilabeteetan egindako aldaketen eraginez, pazienteen osasun arreta eta segurtasuna bermatzea gero eta gehiago kostatzen zaiela diote, eta gaiaren gaineko ardura dutenei “behingoz” esku hartzeko eskatu diete. “Egunen batean zerbait larria gertatuko den beldur gara”.
Erreferentziazko gainerako eskualdeko ospitaleekin konparatuta, langile kopurua heren bat txikiagoa dela diote. “Irabaziak nahi ditu enpresak, eta ez badaude behar adina langile lana baldintza egokietan egiteko, ez zaio inporta”, esan du Inma Arroyo LABek langile batzordean duen ordezkariak. Kontatu du pazienteen aldetik, oro har, ez dagoela kexa askorik. “Izan ere, enpresa honek profesional izugarri onak ditu, behar baino gehiago ematen dutenak eta arazo guztiei irtenbidea aurkitzen dietenak. Baina horrek ez du esan nahi arreta ondo dagoenik”.
Mediku espezialistak falta izateaz gain, beste arlo batzuetan ere “gutxieneko baliabideekin” ari direla lanean dio. Esate baterako, erizainen kasua aipatu du. “Eskualdeko ospitale guztiek dute erizain eta laguntzaile kopuru jakin bat oheko. Hemen, batez bestekoa baino heren bat txikiagoa da kopurua, eta kasu batzuetan, erdia txikiagoa. Eta, oraintxe bertan, murrizketa gehiago egin nahian ari da enpresa”.
Egoera hori izanik, langileek ez dute ulertzen zuzendaritzak proposatutako berregituraketa zertara datorren. Aurrez beste arlo batzuetan ere egin ditu murrizketak. “Adibidez, errehabilitazioko hiru mediku genituen, eta, gaur egun, bakarra daukagu. Fisioterapeuta batek ikusten zaitu haren ordez”. Eta, orain, operazio gelako zerbitzuan, erizainak gutxitzea eta haien lan baldintzak aldatzea nahi du zuzendaritzak. “Malgutasuna nahi du enpresak, ordu presentzialak murrizteko eta guardiekin jokatzeko”. Orain arte 22:00etan hasten ziren guardiak, eta 15:00etan hastea proposatu du zuzendaritzak. Guardiak aparte ordaindu beharrean, lan egindako ordu bezala kontatu nahi ditu, nahiz eta ez izan proportzio berean. “Ordu presentzialak murrizten badizkizu, etxeari ordu gehiago zor dizkiozu. Malgutasuna nahi du, ordu horiek berak nahi duenean erabiltzeko”.
Proposamen horrek aurrera eginez gero beren lan baldintzak eta diru sarrerak nabarmen aldatuko direla iritzita, erizain asko alde egiten ari dira. Kirofanoan ez ezik, barne medikuntzan ere medikuen ordu presentzialak murriztea dela asmoa dio langile batzordeko ordezkariak, eta horrek larrialdietako lan karga handituko lukeela.
Asuncionek eskualdeko ospitalearen funtzioa egin arren, langileek ez dituzte Osakidetzako langileen baldintza berak. Besteak beste, urte askoan han lan egin arren, laneko esperientziari lotutako punturik ez dute izaten oposizioetan. Horregatik, Arroyoren esanetan, langile askorentzat ez da erakargarria Tolosako ospitalean lan egitea. “Noski, egindako lana oposizioetarako puntuatzen ez bazaie, langileek nahiago dute publikora joan. Eta eskualdeko ospitaleak langileak behar baditu, bada, kostatu egingo zaio aurkitzea”.
Horren haritik, gauza guztiak lotuta daudela uste du TOPAk: eskualdera diru gutxiago iristea, kudeaketa pribatukoa izatea, langileak lan baldintza okerragoetan egotea… Plataformak emandako datua da azken pare bat urtean berrogei espezialista inguru joan direla Asuncionetik. Eta aurrez aipatutako homologazioen kontuarekin egin du berriro lotura. “Lanpostu horiek betetzeko, atzerritik ekarri ditu langile asko zuzendaritzak, prest daudelako baldintza okerragoak onartzeko”. Euskararena da TOPA eta langileak kezkatzen dituen beste puntuetako bat. Eskualde euskalduna izan arren, hizkuntza eskakizunik ez zaielako egiten mediku horiei.
Plataformaren ustea da iraupen luzeko ospitaleratzeetarako egokituko dutela Asuncion; iaz Eibarren egin zutenaren antzeko zerbait bihurtuko dutela klinika hori. Esan izan diote zortzi urte barru hasiko direla ospitale publikoa egiten eskualdean: “Baina ezin dugu egoera honetan zortzi urte iraun”.
Leave a Reply