Unai Zubeldia
“Beste aukerarik gabe”, gaur hasi eta urtarrilaren 10era arte grebara deituta daude Gipuzkoako zahar etxeetako eta eguneko zentroetako langileak. ELAk deituta, 2018ko irailetik 149 greba egun pilatuta dauzkate jada langileek, eta 179ra iritsiko lirateke urtarrilaren 10ean. Horrez gain, LAB sindikatuak beste hemezortzi greba egun egin ditu jada 2018ko irailetik. Gatazkari irtenbideren bat aurkitzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak daukan “interes falta” salatu dute ELAko ordezkariek.
Izan ere, joan den astean, sindikatuak, Donostian, Lan Harremanen Kontseiluan biltzeko deia egin zien aldundiari, egoitzak kudeatzen dituzten enpresei eta sindikatuei. Baina LAB eta CCOO sindikatuek, eta Matia eta Adegi patronalek soilik erantzun zioten ELAren deiari; aldundia ez zen agertu bilerara. UGTk, berriz, akordioa egina dauka patronalekin, eta sektoreko 5.000 langileri soldata igotzeko bost milioi euroko laguntza emango die aldundiak enpresei. ELAk ordezkatzen du zahar etxeetako langileen %60 eta LABek %20.
Aldundiaren erantzuna
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia Euskadi Irratiko Faktoria saioan izan zen herenegun goizean, eta bertan adierazi zuen eurek mugimenduak egin dituztela eta mugimenduak egiten jarraituko dutela. “Baina badago legeak ezartzen duen mahai bat, eta hor langileen eta enpresaren ordezkariek eta sindikatuek parte hartzen dute: hor egosten dira akordioak”. ELAri, espresuki, mahai horretan parte hartzeko deia egin zion Olanok.
Ahaldun nagusiak uste du greba deialdia “zilegi” dela. “Eta errespetu handia diet langileei eta euren ordezkariei, baina erakunde publikoak ere bere ardura dauka. Itunpekoak dira plazen %80 inguru, eta, hain zuzen ere, sindikatuek horregatik eskatzen diote erantzukizuna aldundiari. “Baina arduratsu jokatu beharra daukagu, eta ezin ditugu onartu zahar etxeetako langileen eskaera guztiak, epe ertain eta luzera ito egingo genukeelako egoera”.
Leave a Reply