Beñat Alberdi
Herritarren eskutik jaso zuen Idoia Etxeberriak (Oñati, 1977) Ingo xonau! proiektua abian jartzeko proposamena. Badihardugu Euskara Elkarteko kidea da Etxeberria, eta gogotsu heldu zion testigantzak jasotzeko lanari, Ahotsak proiektuaren barruan. Izan ere, ezer berreskuratzen hasi aurretik, egoerari argazkia atera diote Oñatin. Bihar aurkeztuko dituzte diagnostikoaren ondorioak, aurretik noka hitz egiten dakiten emakumeen argazkia aterata.
Proiektua gauzatzeko eskaera herritik bertatik jaio zen. Baina zein zen eskaera zehatza?
Bazegoen talde bat arduratuta nokaren galerarekin, eta zerbait egin beharra zegoela ikusten zuten. Ahotsak-en ahozko ondarea jasotzen dugunez, niregana jo zuten. Ilusio handia egin zidan ikertzeko planak: zenbat diren, non dauden, zenbateraino erabiltzen duten noka eta abar. Baina, hortik aurrera ere egin beharko dugu zerbait, ezta? Ez dugu artxiborako lan bat egin nahi.
Lehenengo planteamendua ez al zen noka berreskuratzea?
Lehenengo planteamendua izan zen desagertu aurretik datuak jasotzea. Baina nola desagertu aurretik datuak jaso? Datuak jaso eta noka berreskuratu izango da, ezta? Noka desagertu egingo da desagertzen uzten badugu; gure esku dago.
Zein da aurkitu duzuen nokaren errealitatea?
Bi bide landu ditugu. Alde batetik, elkarrizketak egin ditugu; 54 pertsona, tartean 52 emakume. Hitanoari buruz galdetu diegu hor; hots, nola jaso duten, noiz erabiltzen duten, ea transmititu duten… Gero, hika hizkera jasotzeko, elkarren artean hizketan jarri ditugu. Beste alde batetik, ikerketa bat osatu dugu diagnostikorako. Hamalau informatzaile ibili dira landa auzoetan datuak batzen; hala nola noka zenbat emakumek dakiten aztertu dugu. Datu horiekin guztiekin diagnostiko bat erdietsi dugu, eta dokumental moduko bat osatu dugu testigantzekin. Galeraren arrazoiak batzen ditu dokumentalak, baina euren ahotan.
Zein dira ondorio nagusiak?
Oñatin zortea daukagula uste dut, euskararen egoera ona delako, eta, beste herri batzuekin alderatuta, baita hitanoaren kasuan ere. Debagoienean Antzuola eta Oñati dira hika osasuntsuen daukaten herriak. Orokorra izan da hitanoaren beherakada, ez da gure herriko kontua bakarrik. Hori euskararen zapalkuntzarekin lotuta dago alde batetik. Frankismo garaian gaztelania erabiltzeko joera gailendu zen, eta euskarak prestigioa galdu zuen. Pentsa egoera horretan hitanoak zer-nolako galera izango zuen; bigarren mailako erregistro informal bilakatu zen.
Toka, ordea, mantendu egin da Oñatin. Nolatan?
Gizonezkoek bazeuzkaten sozializatzeko zirkulu informal batzuk; parranda giroak eta kirola, esaterako. Emakumeen kasuan, galtzen joan da ohitura hori. Hor badaude genero ikuspegiarekin lotura daukaten arrazoiak. Emakumeak fina izan behar zuen, esanekoa eta dotorea. Baldarkeriarekin lotzen zen hitanoa, eta gaizki ikusia zegoen emakumeek hika erabiltzea; gizonezkoek erabiltzea baino dezente okerrago.
Proiektuaren ondorioak eta bideoa aurkeztuko dituzue bihar. Egun garrantzitsua izango da ezta? Inflexio puntu bat?
Egun guztian egingo ditugun ekintzak izango dira garrantzitsuak, baina, bereziki, goizean aterako dugun argazkia. Gustatuko litzaiguke ahalik eta emakume gehien batzea, noka bizirik dagoela erakusteko gehienbat. Hori oso mezu garrantzitsua dela uste dut. Diagnostikoaren arabera, landa auzoetan bakarrik, 370 emakume dira noka dakitenak; ez dira bi katu. Hori erakutsarazteko gustatuko litzaiguke ahalik eta emakume gehien batzea.
Txapak banatuko dituzue ekitaldiaren ostean. Noka dakitenak ezagutarazteko balioko dute?
Erabilera bultzatzeko banatuko ditugu txapak. Nork dakien identifikatzeko balioko du, harremana sortzeko. Horrek ez du esan nahi txapa daukalako noka erabiltzen hasi behar dugunik. Noka beti izan da konfiantza giroko zerbait. Ez dauka zentzurik edozein egoeratan erabiltzeak.
Txapaz gain, zer gehiago daukazue buruan?
Lehen fasearen amaiera izango da biharkoa: jaso eta aztertu. Hemendik aurrera, kontzientzia sortzea eta erabiltzea izango da kontua, eta horren barruan sartuko da ez dakigunok ikastea. 55 urtetik beherako emakume gehienok ez dakigu noka. Noka dakitenekin eta erabiltzeko asmoa dutenekin talde bat sortu beharko genuke lehenengo. Gure asmoa da udazkenean ikastaro bat antolatzea Jabetze Eskolan. Gero, aurrera begira, ikastaro mistoak ere jarriko genituzke martxan.
Bitartekoak ere eskainiko dizkiezue hizlariei?
Poltsikorako liburuxka batzuk egingo ditugu, aditz taulekin. Noka eta toka egongo dira bertan, hitanoaren bi formak. Erabilera ohiturak zeintzuk diren ere zehaztuko dugu. Bestalde, hitanoaren orri plastifikatu bat ere sortuko dugu, aditz nagusiekin. Hori herriko aldizkariarekin batera banatzea gustatuko litzaiguke, etxe guztietara irits dadin.
Leave a Reply