Aitziber Arzallus
Hezkuntza sistema publikoa eraberritze prozesu batean dago. Ikastetxe bakoitza bere martxan ari da, baina haietako askotan aurrerapauso handiak eman dituzte azken urteotan; Zarauzko Orokieta herri eskola da horietako bat. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa aintzat hartuta, lehendabiziko Sormen geLab-a eraiki dute han: puntako teknologiaz hornitutako ikasgela bat. Asteartean aurkeztu zuten, eta ikusmin handia sortu zuen; dozenaka lagun bertaratu zen inaugurazio ekitaldira.
Gela zabal, argitsu eta erakargarria da Orokieta herri eskolako Sormen geLab-a. Horma irudi koloretsuak, borobilean jarritako gurpildun mahaiak eta aulkiak, dozenaka ordenagailu eramangarri, pare bat pantaila erraldoi, balea baten irudia eraiki berri duen 3D inprimagailu bat, koltxonetadun txoko bat, liburuak… Eta, mahai altu baten gainean, urez betetako edalontziak, barruan koloretako kable batzuk dituztela. Hatza uretan sartu eta, kalanbrerik jasateko beldurrik gabe, musika egiten dute Orokietako ikasleek. Halaxe egin diete ongietorria Sormen geLab-aren aurkezpenera bertaratu direnei.
Arrate Ugalde Orokietako zuzendariak hartu du hitza jarraian. Hark azaldu ditu gela berritzaile horren nondik norakoak. Esan du Orokieta aspalditik dela “ikaskomunitate bat”, eta ikaskomunitateen helburua dela “ikasle guztien arrakasta sozial eta akademikoa lortzea”. Bide horretan urrats bat gehiago da Sormen geLab-a. “Baina gure proiektua ez da sormen gela batekin ez hasten eta ez bukatzen”.
Urteak dira Orokieta herri eskolak hezkuntza metodologia eraberritzeko prozesua abiatu zuela. “Horretarako, besteak beste, Sare Hezkuntza proiektuan parte hartzen hasi ginen, eta European Schoolnetek Etorkizuneko Gelarako daukan kit-a erabili genuen aztertzeko zein zen gure maila eta zer aldaketa egin behar genituen”, azaldu du Ugaldek. HPren Reinvent The Classroom proiektuaren berri izan zuten gero, eta pentsatu zuten biak uztartu eta eurenera molda zitzaketela. “Eta horixe egin dugu gela hau sortzeko prozesuan”.
Helburu baizik, bitarteko
Orokietako zuzendariak azpimarratu du, ordea, teknologia ez dela helburua. “Teknologiak presente egon behar du hezkuntza prozesu guztian, baina teknologia ezin da helburua izan. Ikasleak dira helburu; ikasleak gaitasunez hornitzea da helburua, eta horretarako bidea edo tresna izan behar du teknologiak. Horregatik, gure sormen gela teknologiaz hornituta dago, punta-puntako teknologiaz, baina horrez gain, pentsatzeko, lankidetzan aritzeko eta norbera bere ikaste prozesuaren jabe egiteko tresneriarekin eta espazioekin hornituta dago gela”.
Sormen gela urrats garrantzitsua izanik ere, prozesuak jarraitu egiten duela nabarmendu du Ugaldek. “Honekin ezer ez da bukatzen, jarraitzeko asmoa daukagu. Gure helburua da ikasleak eurak eta horien gaitasunak garatzea, mundua aldatuz doan heinean sortzen diren behar berri horiei erantzuteko gai izan daitezen. Gogoa eta ilusioa baditugu, eta horretan jarraituko dugu”. Orokietan, izan ere, ikaslea jartzen dute erdigunean. “Gela honetan —eta besteetan— nahi dugu ikaslea izatea prozesuaren erdigunea. Arazo baten aurrean pentsatzeko espazioa dute, eurek arazo horri emango dioten soluzioa edo irtenbidea diseinatzekoa, birpentsatzekoa, egin duten hori ebaluatzekoa eta hobetzekoa”.
Izan ere, ez dute nahi Orokietako ikasleak teknologia kontsumitzaile hutsak izaterik. “Gaur egun, gazte gehienek teknologia kontsumitu bakarrik egiten dute, kontsumitzaile hutsak dira, baina guk ez dugu nahi Orokietako ikasleak halakoak izaterik. Etorkizuneko munduan herritar parte hartzaile eta kontzienteak izateko, ikasle eduki-sortzaileak hezi nahi ditugu”.
Ildo beretik jarraitu du Karmele Blanco irakasleak ere. “Guk nahi duguna da gure ikasleen gaitasunak lantzea, eta, horretarako, erronka horretan oinarritzen den metodologia erabiltzen dugu. Gure helburua da gure ikasleak gai izatea bizitzan izango dituzten arazoei aurre egiteko. IKTak tresna gisa erabiltzen ditugu; sortzaile nahi ditugu ikasleak”. Azaldu du Orokietan proiektuka lan egiten dutela, aspalditik ari direla era horretan lanean, eta Sormen geLab-ak horretarako aukera gehiago emango dizkiela. “Proiektuka lan egitea da gai bat aukeratzea eta irakasgai guztietan gai hori lantzea. Irakasleei eskatzen diegu talde lanean aritzea eta ikasleei ere bai, noski. Egia da horren guztiaren atzean lan ordu asko daudela, baina emaitzak agerikoak dira”.
Sormen geLab-a egiteko orduan bidelagun ugari izan ditu Orokietak: European Schoolnet, HP, Microsoft, Centros Digitales, EA Group, Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta Zarauzko Udala, besteak beste. Proiektua babesteko helburuarekin, erakunde horietako gehienetako ordezkariak izan dira gelaren inaugurazio ekitaldian —Hezkuntza Sailetik, Lucia Torrealdai, Gema Gonzalez Txabarri eta Jon Lopez, besteak beste—, eta gehienek hartu dute hitza, batez ere Zarauzko herri eskolaren ekimena txalotzeko.
Leave a Reply