Miren Garate
Aurreikuspenen arabera, udazkenerako martxan behar zuten Zubietako tratamendu mekaniko-biologikoko plantak (TMB) eta erraustegiak. Alabaina, udan izandako matxura batek zenbait hilabeteko atzerapena eragin du. Azaroaren 28an hasi ziren Gipuzkoako zaborrak erreko dituzten bi labeak berotzen, eta proba fasean dago orain azpiegitura. Martxorako %100ean funtzionatzea espero dute, eta, bitartean, Bizkaira eramango dute zaborra, matxurak eragindako atzerapenaren ondorioz Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak aurtengo ituna 2020ra arte luzatzeko eskatu baitzion Bizkaiari.
Zubietako errauste plantan, zaborrak hainbat fase igaroko ditu erre aurretik: lehenengo, birziklatzeko modukoak diren hondakinak banatu egingo dituzte (plastikoak, papera, kartoia, burdin metalak eta burdinarik gabeko metalak), TMB tratamendu mekaniko biologikoko plantan. Lehortzen utziko dituzte gainontzekoak, biolehortze gunean. Hamabost eta hogei egun artean egongo dira han, ustel daitezen. Azkenik, erraustegira pasatuko dituzte, eta, han dauden bi labeen bidez, erre egingo dituzte.
Mobilizazio ugari
Errausketaren Aurkako Mugimenduak salatu du Zubietako errauste plantak piztu aurretik izan duela lehenengo matxura garrantzitsua, eta, martxan jartzen denean, “zalantzarik gabe”, matxura gehiago izango direla uste du. “Matxura horien ondorioz sortuko den airearen kutsadura areagotu egingo da, labearen tenperatura jaistearekin batera isurtzen diren gas eta partikulak ugariago eta pozoitsuago bihurtzen baitira”. Hala, aurten ere ugari izan dira azpiegitura martxan ez jartzeko eskatzeko egindako mobilizazioak. Iaz erraustegira egindako martxan parte hartu zuten lau lagunek, berriz, epaiketarako zitazioa jaso dute, desordena publikoak eragitea egotzita.
Diru bilketa bat ere egin du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, eta lortu du Zubietako errauste plantak zabalduko duen kutsaduraren kontrol independentea finantzatzeko behar adinako kopurua biltzea. Ikerketa zientifiko horren helburua da urtero kutsadura probak egitea. Toxico Watch Herbehereetako fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak akreditatutako enpresa batek laginak bildu dituzte dagoeneko, bai errauste plantaren inguruko hainbat herritan —Zubieta, Usurbil, Lasarte-Oria, Andoain, Añorga, Hernani eta Urnieta—, bai urrunagoko beste batean, Goierriko Zaldibian.
Puntu horietan oilategietako arrautza, goroldio, lur eta landareen laginak hartu dituzte, jakiteko egoera zein den Zubietan zaborrak erretzen hasi aurretik. Ondorengo urteetan berriro proba berberak egitea da asmoa, berme zientifikoz frogatzeko gauzak nola doazen aldatuz.
Leave a Reply