Unai Zubeldia
Berria ezezaguna izaten da gehienetan, eta ezezagunak beti sortzen du halako ezinegon bat. “Ezjakintasun horretan pausoak eman beharra dago derrigor, ezin baitzara hasi ezerekin konparatzen. Horregatik, buru-belarri ari gara lanean, eta bizi eta gogotsu dago jendea, batere beldurrik gabe”, adierazi du Gaizka Ezeizak, Villabona-Amasa eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolako koordinatzaileak. “Gure kasuan, erosoa izan da Kilometroak jaia antolatzeko bidea, eta eredu berriarekin ea asmatzen dugun ahalik eta jairik onena prestatzen”.
Bost urteko gogoeta prozesuaren ondoren, Kilometroak jaiak antolaketa eredu baten amaiera izan zuen iaz, Zarautzen, eta berrituta iritsiko da aurtengo ekitaldia. “Gogoeta prozesutik atera, eta gauzatze prozesuan sartu gara jada”, zehaztu du Mikel Egibar Kilometroak jaiaren koordinatzaileak. “Baina Kilometroak jaia egon da, badago eta egongo da gero ere. Amaiera dela entzuten dugu askotan, baina helburua ez da desagertzea, baizik eta gaur egungo errealitatera egokitzea”.
Gipuzkoako ikastolen aldeko festak ez du galduko orain arteko izaera ludikoa, baina “jai txikiagoa eta parte hartzaileagoa” izango da. Hori da erronka. Villabona-Amasan eta Zizurkilen egingo dute aurtengo Kilometroak jai nagusia, urriaren 6an, Korri, Punpa, Ttak leloarekin —Pauxa izango da festa animatuko duen pertsonaia—, baina beste hainbat ekitaldi txikiago izango dira urte guztian. “Naziotasunean, inklusioan eta kooperatibismoan edo lan komunitarioan oinarritu nahi dugu aurtengo ekitaldia”, azaldu du Egibarrek.
Ezeizak zehaztu duenez, Villabona-Amasan eta Zizurkilen aurreko ikasturtean hasi ziren jada jai eredu berriaren inguruko lanketarekin. “Leloa eta logoa aukeratu genituen lehenengo, ildo komunikatiboa gero, helburuak ere zehaztu genituen… Hastapen talde horretan hasi ginen lehen pausoak ematen”. Gerora sortu zituzten batzordeak. “Horretarako, ikasturte hasierako gurasoen bileretara joan ginen, han ekin genion izen-emateari, eta bikaina izan da erantzuna”. Azaroan egin zuten aurkezpen ekitaldi nagusia. “Eta astero bildu gara ordutik, urteko plangintza guztia landuz joateko”.
Altxorraren bidea
Kilometroak Txikia da, hain zuzen ere, plangintza horretako hurrengo geltokia. Urriaren 6ko jai nagusia buruan dutela, etzi egingo dute aurtengo Kilometroen lehenengo festa. “Urtero egiten da Kilometroak Txikia, eta, guk Villabona, Amasa eta Zizurkil lotuko ditugunez, hiru guneetan saiatuko gara presentzia izaten”. Ikastolako ikasleak eta gurasoak hiru gune horietan banatuko dituzte etzi —ikastolakoak ez diren guztiak ere gonbidatu ditu Ezeizak—. “Eta giza kate moduko bat egingo dugu: altxorraren bidea. Arrasto batzuen bidez, puzzleen piezak aurkitu beharko dituzte. Amaieran, Zizurkilgo Joxe Arregi plazan elkartuko gara denok, eta mural bat egingo dugu; aurkezpen ekitaldian plazaratu genuen ipuinarekin lotura daukaten hiru bertso izango dira”.
Horrez gain, aste honetan bertan egin dituzten hiru mural ere inauguratuko dituzte altxorraren bidean. Korri, Punpa, Ttak Kilometroetako leloa aintzat hartuta, izaera berezia emango diote gune bakoitzari. Korri izango da Amasa, Punpa Villabona, eta Ttak Zizurkil. Pello Mari Otaño idazle eta bertsolariaren jaiotetxean egingo dute azken mural hori, Zizurkilgo Errekalde baserrian.
Behin Joxe Arregi plazan murala osatuta eta talde bakoitzak bere bertsoa kantatuta, Villabona-Amasako Errebote plazara joango dira kalejiran, buruhandiak eta erraldoiak ondoan dituztela. “Urteotako transmisio lana ere irudikatu nahi izan dugu aurten, eta, horri lotuta, aitona-amonentzako pintxo-tertulia antolatu genuen iaz, haiek garai bateko jolasen berri eman zezaten”. Hain justu, adinekoek pintxo-tertulia horietan plazaratutako jolasetan aritzeko aukera izango dute etxeko txikienek etzi. Villabonako eta Zizurkilgo erretiratuen elkarteei ere gonbita egin diete etzi plazara joateko. 14:00ak aldera amaituko da festa, talde guztiaren argazkiarekin. “Eta nahi duten guztientzat pintxoak eta sagardo pixka bat izango da bai Zizurkilen eta bai Villabonan”.
Beste bi festa txiki, lotuta
Villabona-Amasak eta Zizurkilek bereganatuko dute arreta aurtengo Kilometroak jaian. “Baina festa Gipuzkoa guztira zabaltzea da gure asmoa”, adierazi du Ezeizak. “Eta, horretarako, elkarrekintza sustatu nahi dugu eragile sozialekin”, gaineratu du Egibarrek. “Alde horretatik, hainbat jaialdi antolatzen ari gara herrialde guztian, eta dagoeneko lotuta dauzkagu Tolosaldeko jaia, martxoaren amaieran, eta Oiartzualdekoa, apirilaren 3an. Milimetroak deitzen diegu ekitaldi horiei. Azken batean, Kilometroen eta ikastolen oinarrian dago herriari onura soziala eskaintzea”.
Leave a Reply